Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hezkuntzako eragileek hizkuntzaren gaian topatu dute adostasun nagusia

EAEko Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaida katramilatsuan, eragile nagusiak bat datoz hizkuntzaren auzian Lakuaren lehenengo zirriborroari zehaztapena eta anbizioa falta zaiola. Parlamentura igorritako ekarpenetan euskara lehenetsiko dela bermatzeko hainbat proposamen egin dituzte.

Hezkuntzako eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta Kontseiluak «Euskaraz hezi, berdintasunean hazi» adierazpena aurkeztu zuten duela urtebete
Hezkuntzako eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta Kontseiluak «Euskaraz hezi, berdintasunean hazi» adierazpena aurkeztu zuten duela urtebete (Endika PORTILLO | FOKU)

Iragan apirilean Gasteizko Parlamentuan hezkuntza ituna sinatu zenetik, akordio horren eskutik heldu behar duen legearen gaineko eztabaida asko katramilatu da, zenbait gaitan jarrera desberdina dutelako hezkuntzako eragile nagusiek. Baina denek bat egiten dute hizkuntzaren esparruan Lakuak aurkeztutako testua oso labur geratu dela, eta Legebiltzarrera igorri dituzten ekarpenetan guztiek eskatzen dute auzi honetan zehaztapen eta anbizio handiagoa.

Hezkuntza Sailak aurreproiektuaren zirriborroa zabaldu eta oso egun gutxira, urriaren 10ean, “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” adierazpena aurkeztu zuten eragileek prentsaurrekoa eman zuten, eta legeak euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» jaso dezala eskatu zuten. Eta ildo horretatik doaz eragile horiek aurkeztu dituzten proposamenak, GARAk baieztatu duenez.

Ehigek, adibidez, «positibotzat» jotzen du aurreproiektuak berariaz jasotzea ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak –Lehen Hezkuntza amaitzean, B1 maila, eta Bigarren Hezkuntza amaitzean B2 maila lortu beharko da, «bi hizkuntza ofizialetan»,– baina legea horretara mugatzeak «kezka» eragiten diola aipatzen du. «Aurre- proiektuak behin eta berriz azaltzen du euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna bultzatzen dela, baina ez da zehazten zein den sistema horren hizkuntza-eredua», salatzen du gurasoen elkarteak.

«Hezkuntza Legeak ez du inola ere bermatzen ikasleak benetan euskalduntzeko baldintzak sortuko direnik (baldintzak sortzea diogu, oso argi dugulako bermerik ezin dela eman)», adierazten du ELAk igorritako testuan, eta balorazio horri erantzunez, legeak honako puntu hauek jaso beharko lituzkeela aipatzen du: «Euskarazko murgiltze eredua izango dela Jaurlaritzak finantzatutako eskola guztietan», murgiltze eredu horrek biltzen dituelako «bai espazio kurrikularra bai eskolaren bestelako jarduera guztiak»; «ikastetxeetako hizkuntza plangintzek euskararekiko lotura emozionala sortzeko planifikazioa barnebildu behar duela»; eta «euskal sortzaileek eskatu bezala, curriculumaren parte izan behar duela euskarazko sorkuntza guztiak».

Orain arteko ereduak gainditu

LABek, bestetik, hiru aldaketa zehatz proposatzen ditu hizkuntzen auzia jorratzen duen aurreproiektuko laugarren tituluan. Lehenik eta behin, “Esparru eleaniztunaren ezaugarriak” izenburua duen 67. artikulua aldatzeko eskatzen du; orain, horrela dago idatzita: «Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza bat kontuan hartzen dituen egitura du», eta aipatu sindikatuak horrela egotea proposatzen du: «Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-eredu orokortu bakarrean artikulatua, eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza bat kontuan hartzen dituen egitura du. Orain arte ezagututako hizkuntza-ereduak (A, B eta D) gainditzen dituena».

68 eta 69. artikuluei, aldiz, paragrafo bana gehitzea proposatu du. Lehenengoak, bere laugarren puntuan, honako hauxe dio: «Lanbide-heziketako irakaskuntzen eta araubide bereziko irakaskuntzen curriculumek bermatu behar dute ikasleek dagozkien irakaskuntza- eta lanbide-eremuaren berezko hizkuntza-gaitasun teknikoak eskuratzen dituztela», eta LABek hau gehitu nahi du: «(... eskuratzen dituztela) erdi-mailako zikloa bukatzean gutxienez B2 azpimaila izanik».

Eta 69. artikuluko laugarren puntuak hau dion tokian, «hezkuntza-administrazioak, dagokion ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, hobekuntza-prozesuak gauzatzeko», sindikatuaren ekarpenak lerrook atxikitzen ditu: «Lankidetza honen baitan planifikatu dute, hala badagokio, hezkuntzan eskumena duen sailak eta ikastetxeak hizkuntza-ereduak desagertzeko eta euskararen ikas-eredu orokortua ezartzeko trantsizioa».

Aurreproiektuari ekarpenak egin dizkion beste sindikatuak, Steilasek, zenbait puntu zehazten ditu bere ustez esparru honetan hezkuntza-sistemaren helburua izan behar duena erdiesteko, hots, «ikasle euskaldunak» lortzeko.

Aipatzen duenez, «hizkuntza-ereduetatik haratago, euskararen murgiltze ereduan sakonduz joan behar da, euska- razko eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko», eta «euskararen aldeko neurri eta konponbide orokorrez gain, tokian tokikoak topatu beharko zaizkio, eremu soziolinguistikoak kontuan izanda».

Lehentasunezko hizkuntza

Ikastolen Elkarteak 47 ekarpen egin dizkio Lakuaren zirriborroari, eta horietatik bederatzik aipatutako 67, 68 eta 69. artikuluei eragiten diete. Besteren artean, 67. artikuluaren lehen puntuari aldaketa bat egitea nahi du, euskararen lehentasunezko izaera finkatu eta modu honetara idatzita gera dadin: «Euskal hezkuntza-sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, sistemaren lehentasunezko hizkuntza den aldetik eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza bat kontuan hartzen dituena».

Gainera, artikulu horren bigarren puntua aldatzeko eta horrela uzteko eskatzen du: «Legeak hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren alde egiten du, hizkuntza eta kultura kontzientzia zabala eta komunikazio-gaitasuna etengabe hobetzeko motibazioa sustatzeko. Era berean, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek, familien jatorria, egoera sozioekonomikoa, egoera soziolinguistikoa edo bestelako irizpideak edozein direla ere, euskararen eta beste hizkuntza ofizialaren ezagutza egokia izatea, erabiltzaile independente aurreratu gisa jarduteko gaitasunarekin, bai eta hirugarren hizkuntza baten ezagutza ere».

Eta, lehen esan bezala, Legebiltzarrera eragile hauek guztiek babesten duten «euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala» heldu da, Kontseiluaren eskutik. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok urriko prentsaurrekoan azaldu zuenez, proposamen horrek aurreproiektuaren gabeziei erantzuten die eta modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hiz- kuntza eredua. Horren arabera, «euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman ikas- eta irakas-hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da».

«Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du», adierazi zuen Kontseiluko ordezkariak Gasteizen egindako agerraldian. Hark Lakuaren hasierako zirriborroari erantzuten zion. Laster helduko da hurrengoa, eta ikusteko dago zein aldaketarekin heltzen zaigun.

EUSKAL HERRIA AINTZAT HARTZEKO PROPOSAMENAK

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza-sistema datozen urteetan arautzeko xedea izango duen arren, zenbait eragilek beren aburuz Hezkuntza Legea ezaugarritu beharko lukeen nazio ikuspegia aipatzen dute egin dituzten ekarpenetan.

LAB sindikatuak, adibidez, bere proposamenaren hasieran bertan nabarmentzen du eztabaidatze prozesuan dagoen araudi berriak «Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea jaso» behar duela.

Bestetik, Ikastolen Elkartearen aburuz, «hutsune handi bat dago» Hezkuntza Sailak aurkeztutako zirriborroan: «Euskal Herriaren aipamena falta zaio». Legebiltzarrera igorritako dokumentuan adierazten dutenez, ikastolek «Euskal Herria, Euskararen Herria, bere osotasunean lantzea» proposatu dute betidanik, eta eztabaida Euskal Autonomia Erkidegoan lantzen ari den lege baten ingurukoa dela «agerikoa» den arren, uste dute «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako eremuarekin identifikatzeko eta lurralde horien arteko harremanak estutzeko eta bideratzeko ahalegina egin beharra» dagoela. Besteak beste, «gure gizarte osoan dagoen nahia» delako.

Ildo berean, Arnas Dezagun guraso elkarteak, 71. artikuluaren izenburua aldatzeko eskatu du, “Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleak. Atzerriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak” deitu ordez, “Euskal Herritik kanpoko ikasleak. Atzerriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak” deitu dadin. «‘Euskal Herritik kanpoko’ edo bestelako formulazio bat, non Nafarroa edo Iparraldetik datozen ikasleak atzerritar bezala ez ditugun tratatuko, bereziki etxetik euskara edota euskal kultura badakarte», azpimarratu du elkarteak.

DIGITALIZAZIOAZ HITZARTUTAKOA BETETZEKO ESKAERA

Hezkuntzan Librezale taldea zenbait guraso, irakasle eta eragilek sortu zuten «enpresa pribatu erraldoiek eskoletako digitalizazio prozesuetan zeukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta», eta Hezkuntza Legearen eztabaidan euren ekarpena egin dute, besteren artean, lehenengo aurreproiektuari erantzunez. Aipatzen dutenez, hasierako zirriborroak «ez du errespetatzen» apirilean Ganberak onartutako «Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa».

Talde honek salatzen duenez, aurreproiektuaren zioaren azalpenean ez da digitalizazioaz Parlamentuan hitzartu zenaz «ez aipamenik ez esentziarik biltzen», eta alderdi nagusien itunak jasotzen dituen bi paragrafo nabarmentzen ditu: «Euskal Hezkuntza Sistemak digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du. Eta epe luzerako begiradarekin diseinatu behar da gure hezkuntza-sistemak bere burua eraldatu dezan, bai eta digitalizazio arloan ere»; eta «hau guztiau ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz egingo da». Hori jasotzen zuen hasierako akordioak, baina ez dago horren zantzurik aurreproiektuan.

Izan ere, Hezkuntzan Librezale-ren ekarpenean adierazten denez, «ez da digitalizazioaren gaineko berariazko atalik agertzen» Lakuaren testuan, eta «digitalizazioa edo teknologiaren erreferentzia solteak» egiten diren arren, «gehien-gehienak aurrez jasotako paragrafoetan adierazten den esentziaren kontrakoak dira».

Horiek hala, ituneko “Eraldaketa eta inklusiorako digitalizazioa” atalean esaten dena «errespetatu, jaso eta zehazteko» eskatzen du, eta, baita ere, legearen ataletan «digitalizazio eredua ezaugarrituko duen atal propioa» sortzea, «digitalizazioaren integrazio pedagogikoan eta teknologien izaera hezitzailean oinarritutako printzipio, irizpide eta baloreak ezarriko dituena».