Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Argitalpen sektorea pozik, pandemiaren aurreko datuetara itzuli direlako

Beldurra zegoen, pandemia garaiko bi Durangoko Azokak latzak suertatu direlako guztientzat. Argitalpenaren sektorea pozik agertu da 57. edizio honen azken egunean, pandemia aurreko 2019ko datuetara itzuli direlako.

Erakusmahaietan, lanean azken egunean.
Erakusmahaietan, lanean azken egunean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Olatz Osa (Elkar): «Eskertuta gaude jendearen erantzunarekin»

2019an baina 3-4 stand gutxiago ekarri ditu Elkarrek; halere, Azokan presentzia handiena duen argitaletxea da. «Ez naiz datuak ematera ausartzen, baina uste dut hurbilduko garela 2019an izan genituen salmentetara, hau da, pandemia aurrekoetara. Eta ez da txarra», dio.

«Azkenengo bi urteak pasa ondoren, egia esan, oso positiboki baloratu behar dugu jendearen aldetik izan dugun erantzuna, zeren bi urte hauek ez dira alferrik pasa –gehitzen du–. Hau ere lasaitu moduko bat  izan da: kontxo, berriz ere gaude lehengoan! Benetan eskertuta gaude jendearen aldetik egon den erantzunarekin. Gu behintzat galdera ikur askorekin gentozen, beldur puntu batekin ia jendearen erantzuna nolakoa izango zen. Azokak berak, Gerediagak egiten duen ahalegina baloratu behar da ere, dauden aurkezpenak eta ekitaldiak... hori luxu bat da. Batez ere jende gazteari begira nabaritzen da ahalegin bat egin dela egitarauan».

Eta zeintzuk izan dira Elkarren salduenak? «Helduen literaturan, nabarmen, ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’; Katixa Agirreren ‘Berriz zentauro’ ongi mugitu da eta Erika Logama eta Estitxu Fernandezena ‘M ama* eme* ume*’ ere ondo saldu da. Gazteetan, Jon Anduezaren liburua».

Eta sektorearen egoera nolakoa da? «2022ko lehen hilabeteetan paper falta nabaritu genuen eta, urtea aurrera egin ahala, paper falta baino paperaren prezio igoera egon da. Beharbada lehen baino aukera gutxiago dago papera eskuratzeko, hori bai, baina ez zaigu gertatu paperik gabe produkzioa eten behar izatea edo horrelakorik. Urte hasieran bageneukan beldur hori».


Pello Elzaburu (Pamiela): «Itzuli gara normalitatera, ez dakit berrira edo zaharrera»

«Itzuli gara normalitatera, ez dakit berrira edo zaharrera –dio editore beterano honek–. Guretzat inportanteak dira salmentak, hortik bizi gara, eta alde horretatik pozik egoteko arrazoiak daude iritsi garelako nolabait 2019ko zifretara». Pamielak zortzi erakusmahai jarri ditu, pandemia aurretik jarri zituen berdinak, baina aldaketa bat dago: helduen literaturan espezializatuta egon den arren, orain haur eta gazte literaturari tarte berezia utzi dio.

Bide berriak zabaltzen ari dira. «15 eta 35 urte bitarteko buelta horretako gazteen tarte horretan asignatura pendiente bat dugu», gogoratzen Elzaburuk.

Aurtengo Azokan salduenak zeintzuk izan dira? «Nabarmen Arantza Urretabizkaia (‘Azken etxea’) . Fenomeno bat izan da, zeren bigarren edizioa ekarri dugu Azokara. 2.000 ale lehenengo tiradan, orain beste 2.000 atera dira. Gero Joseba Sarrionandiak Elkanoren inguruan ateratakoa, ‘Munduari bira eman zion ontzia’».

Eta nola dago sektorearen egoera? «Biziki gaizki. Kostuak igo dira izugarri, papera %50 arte igo zen une batean eta gero pixka bat jeitsi da. Seguruenik urtearen hasierarekin liburuak igo beharko direla %8-10 bitartean eta pentsa horrek ekartzen duena. Arazo larria dago».

Jorge Jimenez (Alberdania): «Ez da eztanda egon, lehengora bueltatzea izan da»

«Bataz beste, oso inpresio ona dugu. Nik ‘eztandarena’ uste dut ez dela izan horrenbesterako; niretzat izan da lehengora bueltatzea. Eta horrekin konformatzen naiz», aipatzen du editore honek.

«Gauzak ez daude oso ongi ekonomiaren aldetik, jendeak beldurrak ditu eta krisi garaietan erortzen den lehen kontsumoa kultur kontsumoa da. Gainera urtea guztiontzat oso txarra izaten ari da, historikoki txarra euskarazko ekoizpenarentzat. Aurrikuspenen arabera, niretzat baikorregiak diren prebisioak dira, urtea amaitzean iazkoaren aldean %10aren inguruan jaitsiko da liburuen salmenta. Editore guztiok esfortzu eta ahalegin handi bat egiten ari gara umeentzako gauza egokiak ateratzen. Hor ahalegin handia egiten gara denok eta eskatu behar zaie  instituzioen laguntza, inplikazio erabatekoa irakurzaletasuna bultzatzeko plan handi bat eratu dezaten».

Aurtengo salduenak? «Helduen literaturaren alorrean Aritz Galarragaren ‘Umanitatearen une gorenak’ (saiakera), eta gero bi itzulpen, ‘Puta’ eta Irene Solaren ‘Dikeak’. Eta gazteentzako alorrean, Amaia Telleriaren ‘Zuhara. Clionaren kanpainak’ eta beti bezala, Jeff Kinneyren Greg pertsonaiaren istorioak».

Leire Lopez Ziluaga (Susa): «Itzuli gara sasoi bateko Azokara»

«Salmenten aldetik, 2019an baino hobeto –erantzuten du–. Urte oso ona izan da. Beti bezala narratibakoak izan dira gehien saldu direnak, baina bestelako liburuak, bakoitzak bere tamainan, saldu dira ere. Niretzat, garrantzitsua da ere Ahotseneako aurkezpetan jendea egon dela ikusteak, jende asko ibili delako. Zeren ez da bakarrik salmenta kontu bat: Azokak dira guretzat aukera bakarra irakurleekin aurrez aurre egoteko, guretzat ederra da eta baita idazleentzat ere. Aurten itzuli gara sasoi bateko Azokaren inpresioa izatera».

Salduenak zeintzuk izan dira? «Oso ondo egon da, banatua egon delako (salmenta). Narratibak beti besteak baino gehiago saltzen du; ezin da maila berean jarri nobela bat eta poesia liburu bat, edo antzerkia. Formol Laborategiaren ‘Album’ liburua asko saldu da, eta hori asko da antzerkirako; hori adierazgarriagoa da ‘Bar Gloria’-k (Nerea Ibarzabal) askoz gehiago saldu duen arren. Ederra izan da salmenta banatua egon delako».

Ane Eslava (Txalaparta): «Aurten saldu da euskarazko liburu dexente gehiago»

Ane Eslavaren lehengo Azoka editore bezala. Nafarroako argitaletxeak bederatzi erakusmahai jarri ditu aurten. «Ongi joan da eta batez ere berreskuratze kontaktua jendearekin oso positiboa da. Ez ditugu datu guztiak, baina pandemiaren aurrerako datuen antzekoak izango dira», dio.

Gehien saldu dituztenak? Iratzar fundazioarekin batera aterata dituen ‘Gureak ere badira’ saiakera eta ‘Euskal Herriko historia ilustratua IV’ eta ‘Euskal Herriko ibilbideak’, biak euskarazko bertsioetan batez ere. Gaztelaniaz gehien saldu dena da Amaia Olorizen seigarren nobela da , ‘El llanto de las amapolas’, 1936ko emakume ahaztuen ingurukoa.

«Aurten saldu direnen artean euskarazko dexente gehiago daude –dio–, aurten euskarazkoan nabaritu dugu igoera. Eta haur literatura oso ondo saltzen da beti».

Fermin Munarriz (Baigorri): «Berreskuratu dugu pandemiaren aurreko Azoka»

«Iazko urte gogorra, tamalgarria izan zen, eta aurten berreskuratu da pandemiaren aurrekoa Azoka, bai giroa, bai mugimendua, bai interesa eta saltzeko orduan ere, noski. Pandemia aurreko maila berreskuratu dugu, nolabait, eta pozik, zeren belaunaldi desberdinetako jendea pasa da hemendik. Aurten ere eguraldiak ere lagundu du», aipatzen du GARAko argitalpenen arduradunak.

Halere, tentuz ibili dira guztiak.«2019an hiru stand genituen, iaz bira jeitsi genituen eta aurten, badaezpada ere, bi mantendu ditugu, baina suposatzen dut datorren urtean normalitatera itzuliko garela. Aurten inkognita bat zen,  baina bistan da berreskuratu dela». 

Igor Meltxor (Zorrotz): «Salmenta sanoa izan da»

«Oso ondo joan da», erantzuna. «Gehiago saldu dugu. Salmenta sanoa izan da, Cabacasi buruzko liburua salduena izan da, baina genituen beste liburu guztiak oso ondo saldu dira. Guretzat oso urteona izan da 2022a, egonkortu egin delako gure proiektua, batez ere argitaletxea. Aldizkaria poliki poliki doa. Nik uste nuen  argitaletxea zailena izango zela baina kontrakoa izan da: gure asmoa da datorren urtean 10-12 liburu atera ahal izatea».