BABESLEDUN EDUKIA

Santa Lutzi eguna Zumarragan eta Urretxun

Itxaronaldiak merezi izan du eta, bi urteko etenaldiaren ondoren, hemen da Zumarraga eta Urretxuko Santa Lutzi feria. Pandemia aurreko formatoa berreskuratu du, bertako produktuen azoka, musika emanaldi eta kirol jaialdiekin. Hegazti gripea dela eta, ez da oilasko eta kapoi sariketarik izango.

Jende ugari hurbildu da feriara.
Jende ugari hurbildu da feriara. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Beste urte batez, Santa Lutzi eguna ekitaldiz beteta dator. Egitarauari igande honetan eman zaio hasiera Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdiarekin eta gaur astelehena, Arabako Errioxako Ardo Azoka ospatuko da Urretxuko Iparragirre plazan arratsaldeko 18etatik aurrera.

Astearteko Santa Lutzi egun handiari goizeko 8.00etan eman diote hasiera, Urdaneta hiribideko feria tokian zabaldu den zaldi-aziendaren nahiz bestelako abereen feria eta sariketekin. Ordu berean, nekazaritzako tresnen feria hasi da La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan.

Ordubete beranduago, goizeko 9.00etan, Santa Lutziko azoka bereziak zabaldu dira. Alde batetik, Urretxuko Gernikako arbola plazan fruta eta barazkien sariketa izango da, Zumarragako Euskadi plazan errezil sagar, fruta eta barazkien sariketa, eta Urretxuko Areizaga plazan eskualdeko eztien sariketa. Lehenbiziko bi plazatan Euskal Herriko produktuen salmenta ere izango da: eztia, ogia, gazta, taloak, landareak… Eta eskulanak ikusi eta erosteko aukera ere izango da Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan. Azkenik, Arabako Errioxako Ardo Azokak ere jarraipena izango du Urretxuko Iparragirre plazan.

Aurten izango ez dena oilasko eta kapoien sariketa da, hegaztien gripea dela eta bertan behera geratu delako. Gainontzeko txapelketen sari banaketa Areizaga - Kalebarren plazan izango da eguerdiko 13.30etan.

Musika eta kirola

Santa Lutzi eguneko erakargarri nagusia azoka bada ere, ohikoa den bezala egunean zehar beste hainbat musika ekitaldi izango da. Horrela, goiz guztian zehar kalejirak izango dira Urretxuko Lizarriturri txistulariekin eta Iratzarri dultzainariekin, Zumarraga-Urretxuko trikitilariekin, Tolosako dultzainariekin, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilari taldearekin, Zumarragako musika bandarekin eta Antxiñako Ama txistulari taldearekin.

Kirolak ere aparteko tartea izango du Santa Lutzi egunean: eguerdiko 12.30etan herri-kirol jaialdia izango da Ederrena pilotalekuan, arratsaldeko 17.30etan leku berean profesionalen arteko pilota partidak izango dira eta, eguna amaitzeko, ohiko idi-probak izango dira Zumarragako Euskadi plazan.

Musika eta kirolaz gain, Argazki Rallya ere izango da goiz guztian zehar, artzain txakur erakustaldia eguerdiko 13.30etan Urretxuko Zubimusu plazan eta “Non dago Wally” lehiaketa. Irabazleen artean azokako produktuen loteak zozketatuko dira. 

Santa Lutziko establezimendu laguntzaileak:

- Eitza consulting
- Prest lan bertikalak
- Iraeta tabakoak