NAIZ

Azkuek Bidasoa-Irun utziko du sasoi amaieran, 11 urtez elastiko horia defendatu ostean

Jon Azkue lehen lerroko jokalariak ez du Bidasoa-Irunen jarraituko. Hamaika denboraldi eman ditu talde bidasotarrean eta hurrengo denboraldian beste bide bat hartuko duela jakinarazi du. Klubak esker hitzak helarazi dizkio urte guzti hauetan erakutsi duen konpromisoarengatik.

Jon Azkue kapitaina Sinfin taldearen aurkako liga partidan.
Jon Azkue kapitaina Sinfin taldearen aurkako liga partidan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bidasoa-Irun taldeko lehen lerroko eta taldeko kapitaina den Jon Azkuek taldea utziko du denboraldi honen amaieran, Irungo taldean hamaika urte eman ondoren, horietako zortzi Asobalen, eta beraz, talde gipuzkoarrak posturik garrantzitsuena –erdikoa– indartu beharko du.

Bidasoak ostegun honetan jakinarazi duenez, Orioko jokalariak oso etapa emankorra ixteko asmoa agertu du azken orduetan, bai maila pertsonalean, bai kolektiboan, 2023ko udara arte lotzen duen kontratua bete ondoren. Ez du esan nora joango den, zenbait zurrumurruk Estatu frantsesera joango ote den dioten arren.

«Erabakitzen oso zaila izan da. Beti esan izan dut nire kirol bizitza guztia hemen egitea gustatuko litzaidakeela, edo azken urteak behintzat hemen pasatzea. Baina baita ere pentsatu izan dut esperientzia berriren bat bizitzeko aukera sortuz gero, bizitzea gustatuko litzaidakeela. Kasu hau eman da eta nahiz eta klubak esfortzua egin duen, eta alde hiortatik oso eskertuta nagoen, erabaki hau hartu dut», adierazi du jokalari oriotarrak Bidasoa-Irunek publiko egin duen bideo baten bitartez.

«17 urterekin iritsi nintzen eta ia 29 egitear nago, beste heldutasun bat daukat orain. Asko aldatu naiz eta nik uste asko hazi eta hezi naizela denbora tarte honetan eta garapen handi bat izan dudala», gaineratu du erdiko jokalari gipuzkoarrak.

Zentzu horretan, Bidasoako kapitain izatea berarentzat zer den ere azaldu du Azkuen. «Pribilejio bat da niretzat Bidasoa bezalako talde historiko bateko kapitain izatera iristea. Rol ezberdinak izan arren, kapitain izatea niretzat beste bat gehiago izatea da, talde-lana gustatzen zaidalako. Ez nago inoren gainetik eta aldagela honek ondo funtzionatu badu horregatik izan da».

Bidasoan jokatu behar dituen azken hilabeteak begi aurrean jarrita, «bigarren itzuliaz asko gozatzeko» itxaropena onartu du Jon Azkuek. «Artalekuko partidak modu berezian biziko ditut hemendik aurrera eta orain arte bezala, azken partida horietan kantxan daukadan dena lagako dut», eman du hitza oriotarrak.

Jon Azkuek 28 urte ditu, eta orain arte 177 partida jokatu ditu elastiko horiarekin Asobal Ligan. Denboraldi honetan maila bat igo du, eta hainbat erakustaldi egin ditu, hala nola Kolstad norvegiarraren aurka (10 gol) edo Fuchse Berlin Bundesligako liderraren aurka (10 gol).

Orri txuriak

Hala ere, hunkituta, azken mezu bat ere bidali du Azkuek. «Espero dut gure bideak berriro elkartuko direla. Liburu honek orri txuri batzuek baditu eta beraz, hau ez da nire hemeno azken kapituloa».

Bestalde, Gurutz Aginagalde presidentea azken egunotan ere mintzatu da balizko martxa horri buruz, nahiz eta Bidasoak eskaintza bat egin zion baina azkenean, beste bide bat hartuko du Azkuek.

«Klubaren nahia Jon bertan geratzea zen. Duela urtebete edo hizketan hasi ginen hemen gera zedin, baina aldatzeko momentua iritsi dela erabaki du Jonek. Ez genukeen nahiko une hau sekula iristerik, baina bere erabakia da eta noski ulertzen dugula. Beraz, eskerrak emateko ordua da. 2011an hona iritsi zen jubenil hark ekainean Bidasoako kapitain besokoarekin etapa bat itxiko du hemen», adierazi du Bidasoa-Iruneko presidenteak.

«Jon Azkue da eredua, Iñaki Caverorekin batera, talde barruan jokalari bat nola hazten doan. Hargatik, esker ona baino ezin dut erakutsi eta Jonek berak esan duen bezala, orri txuri batzuekin geratu den liburu hori ea etorkizunean betetzerik daukagun. Eskerrikasko Jon!», amaitu du Gurutz Aginagaldek.