Asier Aiestaran

Joseba Ossak sauna finlandiarraren kulturan sakondu du

Urte asko igaro dira Joseba Ossak sauna finlandiarraren kultura ezagutu zuenetik. Denbora horretan asko gozatu du saunarekin eta beti izan du buruan kultura hori ezagutarazteko ideia. Artaza Urederra kanpinean jarri zuten saunak hamar urte bete dituela baliatuz, «Sauna on!» liburua argitaratu du.

Joseba Ossa, liburua hartuta, Artaza Urederra kanpineko saunaren atarian.
Joseba Ossa, liburua hartuta, Artaza Urederra kanpineko saunaren atarian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sauna on!” liburua argitaratu berri du Joseba Ossa zumaiarrak, Kristina Berasain kazetariaren eta Juan Luis Blanco tipografo eta diseinatzailearen laguntzarekin. Ez da Finlandiarekin aspalditik duen lotura estua baliatuz Ossak kaleratzen duen lehen liburua, baina oraingo honetan saunaren kultura landu nahi izan du bereziki.

Izan ere, Finlandia zapaldu zuen ia lehen egunetik sauna oso presente egon da Josebaren bizitzan. Sekulako deskubrimendua izan zen beretzat, saunaren kulturak erabat harrapatu zuen, eta gerora kultura hori bere lagunen artean zabaltzen joan da apurka-apurka, liburuan bere leku berezia duen harreman sare eder bat eraikiz.

Bidaia bat oinarrian

Istorio honen guztiaren oinarrian Josebak 1986an abiatu zuen bizikleta bidaia dago. Euskal Herria utzi eta Europan barna abiatu zen zumaiarra, ez bereziki Finlandia helburu argitzat hartuta, baina bai Europa iparraldea ezagutzeko asmo sendoarekin.

«Nik banuen halako faszinazio moduko bat Eskandinaviako gizarteekiko. Iraultzen garaia zen, iraultza asko egin nahi genituen. Niretzako Sobietar Batasuna eta sozialismo erreala ez ziren benetako erreferente, baina Eskandinaviako gizarteak bai. Askatasun indibidualekin uztartzen zutelako justizia soziala, eta hainbat balio positibo dituztelako», azaldu du.

«Bestetik, hizkuntzak ikasi nahia: katalana ikasi nahi nuen, frantsesa… Eta bizikletan ere ibili nahi nuen, bizikletazalea naizelako. Eta gainera orduan komunitate batean bizi nintzen, Traperos de Emaus deitzen den horretan, eta bi urte bertan eman ostean krisi bat eduki nuen eta konturatu nintzen komunitate bizitza zaila dela. Botere harremanak, hierarkiak, gatazka pertsonalak… sortzen dira eta nahi nuen ikusi Europako beste komunitate batzuetan nola kudeatzen dituzten arazo horiek, nola kudeatu norbanakoaren edo familiaren eta komunitatearen arteko gatazkak», jarraitu du Ossak Artatzako kanpinean egindako elkarrizketan.

«Osagai horiek denak batuta, batere presarik gabe bidaia bati ekin nion, bederatzi hilabete iraungo zituena. Helburua zen Helsinkira iritsi, han hiru hilabete egin, baneukalako kontaktu bat bertako Emaus komunitatean, eta gero itzuli. Ez neukan finlandiera ikasteko asmorik, ez nuen bertako hizkuntzaren berri», onartu du gerora etorriko zenari begiratuta.

Hizkuntza lokarri

Baina Finlandiara heldu bezain laster konturatu zen herrialde hura ordura arte igaro zituenekin alderatuta desberdina zela. Eta horren erakusle nagusia hizkuntza izan zen.

«Ez dut Finlandia idealizatu nahi. Ez da herrialde erraza bertan bizitzeko, gogorra egiten da, batez ere atzerritarrentzat, baina bertute asko dauzka. Hasteko, bertako hizkuntza aurre-indoeuroparra dela, euskara bezalaxe. Nik Europa osoa zeharkatu nuen azalpen pila bat ematen. Frantzian, Belgikan, Herbehereetan, Alemanian, Danimarkan, Suedian… euskaldun izatea zer den azaltzen. ‘Basque language is not a dialect’ eta abar. Jada galdetzen zidaten bakoitzean buruz ikasita bezala irteten zitzaidan, pilotu automatikoa jarrita soltatzen nuen betiko txapa», dio.

«Bada, azkenengo portura iritsi, Helsinkira, eta azalpenik eman beharrik ez. ‘Where are you from?’ ‘The Basque Country’ ‘Ahh, baski, baski’. Frantsesek hemen ondoan ez dakite zer den euskara, dialektoa deitzen diote, eta azken muturrean azalpenik eman beharrik ez. ‘Zer gertatzen da hemen?’, galdetzen nuen nire ezjakintasunean. Eta orduan konturatu nintzen finlandiera hizkuntza aurre-indoeuroparra dela. Eskolan ikasten dute beren hizkuntzaren historia, eta hizkuntza ahaideen historia: estoniera, samia, hungariera ere bai, nahiko urrunekoa izan arren…».

Ossa, horrenbeste maite duen kanpinean (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

«Ikasten dute hori eta esaten omen zieten han Pirinioetan, Europako hegoaldean, bazela beste herrialde bat, hizkuntza aurre-indoeuroparra duena, “baskit”, eta ahaiderik ez duena. Bazekiten. Eta horrek egin zidan etxean bezala sentiaraztea. Guk beraiei buruz baino askoz gehiago dakite beraiek guri buruz. Eta adibidez, iritsi eta hirugarren egunean topo egin nuen unibertsitatean euskara ikasten ari zen pertsona batekin».

Sauna, kontu serioa

Eta finlandiar kulturatik Joseba erabat harrapatu zuen beste elementua sauna izan zen. Hemen ere berdin: zumaiarrak ez zuen ezagutza berezirik saunaren inguruan Finlandiara iritsi arte, baina bertan azkar konturatu zen denbora-pasa huts bat baino askoz garrantzitsuagoa zela saunaren kultura. Bertan ezagutu zuen Mia Rissanen, bere bikotea, eta horrek ere eman zion saunaren kulturan gehiago sakontzeko aukera.

«Nik saunaren inguruko prejuizioak banituen, ez nuen irudi oso positiboa, baina hangoa ikusi nuenean hori erabat aldatu zen. Zer naturaltasunarekin bizi duten, zer sakontasunarekin, zer garrantzia izan duen milaka urtetan… Finlandiarrak saunarekin bizi izan dira, saunarekin jaio izan dira, eta asko saunan bertan jaio izan dira iraganean. Miaren amonak esaten zuen moduan, saunan elizan bezala egon behar da. Txorakeria gutxi, sakratua zen», gogoratu du.

«Antropologoek aztertu izan dute, eta normala da, jaiotzarekin eta heriotzarekin lotzen den lekuak sakratutasun bat izaten du hainbat kulturatan. Haur asko saunan jaiotzen ziren, eta hil ondoren ere gorpua saunara eramaten zen garbitzera lurperatu aurretik. Hildako bat eramaten duzun lekuan gero ezin duzu ibili edozein modutan. Errespetua eskatzen du eta horrela bizi izan dute, nahiz eta agian hori ere galtzen ari den».

«Adibidez, ni iritsi nintzenean galdetzen nuen ea ez zeukaten tenplurik edo monasteriorik, eguneroko zirimola horretatik ihes egiteko, eta erantzuna zen ezetz, ‘guk natura eta sauna dauzkagu’, erantzuten zuten. Sauna da gure monasterioa. Bertan ezin da beste ezer egin, isilean egon, patxadan... Eta biluzik», nabarmendu du.

Hain zuzen ere, biluztasuna da Finlandian saunaren kultura oso berezi egiten duena: «Biluztasunak badauka puntu oso berezi bat. Biluztasunak eramaten gaitu besteari begi desberdin batzuekin begiratzera. Gure jantzi guztiak, gure identitate edo estatus zeinu guztiak, erantzita gelditzen dira. Arroparekin erakusten diogu munduari zer irudi eman nahi dugun, eta biluztean hori dena desagertzen da. Nolabait gure barneko izaera ezkutatzen zailagoa da. Miak esaten du liburuan hor misterio moduko bat gertatzen dela. Esplikatzen zaila den zerbait. Hori ederra da eta kautibatu egin ninduen».

Sauna diplomazia

Saunaren garrantziaz jabetzeko pasarte historiko adierazgarri bat aipatzen du liburuan Ossak, gogoratuz nola goi mailako politikarien arteko negoziazio zailenak aurrera eramateko sauna izaten zen aukeratutako lekua. «Sauna diplomazia aipatzen dut, Finlandiako presidente karismatiko batek [Urho Kekkonen] nola Sobietar Batasuneko Khrustxov, Brezhnev eta hauekin negoziazio zailenak sauna batean egiten zituen».

«Ez da gauza bera, baina ildo honetatik jarraituz, Finlandian Sauna Aid izeneko elkartea sortu zuten, sauna laguntza nolabait esateko. Krisi humanitarioen aurrean, adibidez Japonian istripu nuklearra gertatu zenean, edo leku hotzetan errefuxiatuak daudenean, sauna lagungarri izan daitekeen kasuetan, kanpamentu saunak bidaltzen dituzte laguntzeko. Denda moduko batzuk dira, erraz muntatzen direnak. Ahalbidetzen dute batetik jendea garbitzea, askotan ez daukatelako garbitzeko leku egokirik, eta bestetik, zenbait kulturatan, lehendik ohitura hori baldin badaukate, babestuta sentitzen dira, berotasun eta goxotasun hori sentitzen dute, kanpotik etorri eta beraien gogoratu direlako».

Liburuaren azala (GAUR8)

Horren adibide bat berriki ikusi ahal izan da Ukrainan. «Ukrainako gerra hasi zenean, eta errefuxiatuen beharrak ikusi zituztenean, hasi ziren kanpamentuko saunak bidaltzen. Jendeak asko gozatu eta eskertu zuen, Ukrainan ere badaukatelako Errusiako “bania”-ren tradizioa, saunaren antzekoa. Ez zaie arrotza, eta esker onez jaso zituzten. Eta anekdota da sauna horietako batzuetan, lortu zutela ofizial ukrainarrak eta errusiarrak batera sartzea. Nolabait, agresiorik gabeko edo su-eteneko espazioa bilakatu zen. Zoritxarrez, ofizialak bakarrik ziren, sarjentuak edo presidenteak sartu beharko lirateke akordio bat lortzeko, baina bere mailan lortu dute elkar hiltzen ari diren bi frontetako pertsonak bake giroan jartzea», eskertu du.

Finlandia hizpide azkenaldian

Ideia horri helduta, eta liburuaren gaitik une batez urruntzea suposatzen duen arren, azkenaldian Finlandian bizi duten egoeraz galdetu nahi izan diogu Josebari, Ukrainako gerraren ondotik NATOn sartzeko azaldu duten asmoa kontuan izanda.

«Zoritxarrez, esango nuke nik uste nuena baina askoz normalizatuago dagoela NATOn sartzearena. Finlandiaren dohainetako bat nire ustez izan da bere neutraltasuna, hamarkada askotan mantendu duena. Alaba bat daukagu bertan bizitzen eta esaten digunaren arabera jendeak beldurrik ez dauka, gehiago hitz egiten da gaiaz hemen han baino. Baina komunikabideek, Mendebaldeko ikuspegia indartze horretan eta errusiarrak gaiztoak bezala saltze horretan, egin dutena da Finlandia beldurtu bat irudikatu», salatu du.

«Beldurtuta ez daude, badakite ez dela errealista inbasio posible bat. Baina gertatzen zaiena da esperientzia hori badaukatela, eta hori memoria kolektiboan hor dago. Sobietar Batasuna 1939an saiatu zen Finlandia inbaditzen, Stalinek Hitlerrekin egindako akordio baten ondorioz. Mamu hori badaukate, badakite Errusia arriskutsua dela eta eskrupulurik ez daukala bere interesen alde egiteko, baina ez daude beldurrez».

«NATOren kontuarekin zer gertatu da, eta asko tristatzen nauen kontua da, bada, Errusiak Ukraina inbaditzea nahikoa izan dela iritzi publikoaren norabidea denbora gutxian aldatzeko, eta lehen neutraltasunaren aldeko jende askok NATOn sartzearen alde egiteko. Ni harrituta gelditu nintzen, ibili nintzen bati eta besteari galdezka, eta onartzen zidaten baietz, hori gertatu dela», baieztatu du.

«Zergatik? Nik uste kolonizazio kultural bat badatorrela aurretik: mobilak, ordenagailuak, musika, kultura... Inkontziente kolektiboan sartuta daukagu errusiarrak gaiztoak direla, Hollywooden bezala. Kolonizazio horren emaitza da NATOren aldeko joera naturaltasun osoz hartu dela. Antimilitarista naiz, tristea iruditzen zait, baina horrela da».

Euskal Herrira itzulera

Une jakin batean, Miak eta Josebak Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Eta noski, sauna asko botatzen zuten faltan, batez ere Miak. Euskal Herriko eta euskaldunen ezaugarri desberdinek harritu zuten finlandiarra, baina sauna zen batez ere faltan botatzen zuena.

«Lehen inpresioa izan zen oso zaratatsuak garela, eta apur bat plastak. Elkarren gainean oso erraz jartzen garela. Atera kontuak, gu beti esaten euskaldunak oso hotzak garela, baina Finlandiatik datorren pertsona batentzat zaratatsuak gara, eta oso tribalistak: kuadrilla, familia… Oso kolektibistak. Eta oso elkar ukitzekoak», gogoratu du Ossak.

«Bestetik, neguan galdetzen zuen ea hemen naturak ez ote duen inoiz deskantsatzen. Negua iritsi eta mendiak berde-berde, euria, belarra hazi eta hazi… Hori deigarria egin zitzaion. Eta bestea, garbi ez sentitzearena. Dutxatu arren, garbi sentitzen ez, zerbait faltako balu bezala, eta noski, hori sauna zen», dio.

«Orduan guretzat pentsaezina zen saunarena. Traperotatik aterata, ez dirurik, ez aurrezkirik, ez etxerik, ez kotxerik… Ez geneukan ezer. Donostiatik Zumaiara joan ginen, baina pisu batean geunden alokairuan eta han ezin zen sauna jarri. Amesten jarrita pentsatzen genuen baserri bat edo kale-baserri bat beharko genukeela, terreno apur batekin, sauna jartzeko. Arroan begira hasi ginen, Zumaiatik hiru kilometrora, eta etxea ikusi bezain laster hartu genuen erosteko erabakia. Sauna jartzeko egokia zelako aukeratu genuen, baita haurrak eskola txiki batera eramateko aukera ematen zigulako, eta baratz apur bat ere egin nahi genuen. Kotxez joan ginen Finlandiara estufaren bila eta berehala egin genuen sauna».

Ossa, Artaza Urederra kanpineko egurrezko etxe baten atarian (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Etxean sauna edukitzea luxu bat dela pentsa lezake irakurleak, eta argi dago herriko pisu txiki batean ez dela oso bideragarria, baina liburua irakurtzea nahikoa da konturatzeko askotan dirua baino garrantzitsuagoa izaten dela irudimen apur bat eta bizitza beste modu batera hartzeko gaitasuna. Josebaren lagun askok hartu dute sauna jartzeko erabakia, baina berak dioenez ez da ezer planifikatua izan.

«Jende askok orain beren etxean edo baserrian badaukate leku bat goxo egoteko, bai bakarrik, bai lagunak gonbidatuta beste modu batera egoteko. Hasieran ez nuen halako intentzionalitaterik zabaltzen joateko, gehiago zen jendea etxera etorri Arroara, etxeko sauna ezagutu, eta txundituta geratzea. ‘Hau garestia izango da’ esaten ziguten, eta guk ezetz. Garai horretan estufak 200 euro inguru balio zituen eta hortik aurrera norberaren abilidadea. Eta egurra ez da garestia, saio bakoitzeko bi eurorekin nahikoa da. Eta hasi nintzen jendeak eskatu ahala estufak ekartzen. Baina gero ikusi nuen jendea oso pozik geratzen zela, eta beste batzuk animatzen hasi nintzen. Modu naturalean joan da zabaltzen», dio pozarren.

Artatzaren garrantzia

Eta hedatze prozesu horretan aipamen berezia merezi du Artaza Urederra kanpinean atondu zuten sauna publikoak. «Lagunak etxera etortzen ziren, familiakoak ere bai, baina beti pentsatzen nuen zer polita izango litzatekeen sauna publiko bat egitea. Izan ere, sauna publikoaren kultura ere ederra da, sauna sozializatzeko leku publiko moduan. Jende pobrea edo behintzat etxean saunarik ez daukana, edo etxerik ez daukana, bertara joaten da. Hemen bere garaian bainu publikoetara joaten zen moduan, etxeetan dutxarik ez zegoelako. Sauna publikoaren kulturari eustea oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Urtean behin behintzat Finlandiako sauna publiko batera joaten saiatzen naiz», kontatu digu.

«Ideia hori aspalditik neukan buruan, ea non egin zitekeen Euskal Herrian sauna publiko bat, eta kanpin hau ezagutu nuenean esan nuen: ‘hauxe da lekua’. Enborrezko etxeak, Finlandiakoen antzekoak, egurra alde guztietan… Ameskoan badago oraindik jendea egurretik bizi dena, bertakoek egurra ez dute ordaindu beharrik. Kanpineko jabeekin hitz egin nuen, eta ongi iruditu zitzaien. Miaren anaia etorri zen Finlandiatik, juxtu oraintxe hamar urte, eta bion artean egin genuen dena. Terraza egin, saunak gruarekin bere lekuan jarri…»

Hain zuzen ere, hamargarren urteurren hori izan da saunari buruz liburu bat idazteko txinparta piztu duena. «Lehen ideia eduki nuela hamabost edo hogei urte izango dira. Finlandian sauna batean sartzen nintzen bakoitzean, laku baten ertzean adibidez, pentsatzen nuen: ‘hau da gauza ederra, sentsazio hau trasmititu egin beharko nuke’. Honetaz idatzi, Euskal Herrian honen berri eman… Eta hasi nintzen poema eta kontakizun labur batzuk idazten, baina liburu bezala argitaratzeko asmorik gabe. Eta orain dela sei bat hilabete konturatu ginen kanpineko sauna honek hamar urte bete behar dituela. Hamar urte hauetan jende asko igaro da hemendik, jende horrek bizi izan du esperientzia hau, baina ez daki oraindik sauna finlandiarrari buruzko gauza handirik, ezagutza azalekoa da gehiago. Eta gogoa sartu zitzaidan kultura horretan sakontzeko eta ezagutarazteko. Laguna den kazetari batekin hitz egin nuen eta hortik hasi zen proiektua forma hartzen».

Esan bezala, Kristina Berasain kazetaria eta Juan Luis Blanco diseinatzailea izan ditu bidelagun. «Testu gehienak, elkarrizketak eta abar, Kristinak egin ditu. Dokumentazio lanak bion artean egin ditugu eta gero nik atondu ditut testuak. Juan Luis Blancok egin du diseinua eta tipografia bat sortu propio liburu honetarako. Munduan liburu bakarra izango da tipografia hau duena. Bestalde, Blanco oso elebiduna da, aita Zamorakoa du eta gaztelera oso ona dauka, eta eskatu nion ea poesien bertsioa, ez itzulpena baizik bertsioa, berak egingo zuen. Beraz, gaztelerazko liburuan, argitaratzen denean, haren poesia batzuk egongo dira».

Norbaiti interesa piztu badiogu, Elkar banaketa etxeak ipiniko du salgai liburua saltokietan, Interneten, eta Artatzako kanpinean ere egongo da eskuragarri. Sauna on!