Nerea Lauzirika

Gipuzkoako Urrezko Domina eman diote Elkar Taldeari

Gipuzkoako Foru Jauregian egin duten ekitaldian jaso du urrezko domina Juan Mari Sors Elkarreko Fundazioaren presidenteak, talde osoaren izenean. 50 urte bete ditu aurten Elkar Taldeak.

Juan Mari Sors arduratu da Urrezko Domina jasotzeaz.
Juan Mari Sors arduratu da Urrezko Domina jasotzeaz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

50. urteurrenean eman diote Elkar Taldeari Gipuzkoako bereizgarri gorena den Urrezko Domina. Ekitaldia egin dute ostiral honetan Foru Jauregian eta Markel Olano ahaldun nagusiak eman dio bereizgarria Juan Mari Sors Elkarreko Fundazioaren presidenteari. Sors izan zen duela mende erdi Elkarren sorreran parte hartu zuen kideetako bat.

Txistulari eta dantzariek Gipuzkoako Foru jauregiaren atarian harrera egin diete saritu eta agintariei, besteak beste. Oihana Iguaran bertsolariak gidatu du ekitaldia eta Eñaut Elorrietak kantuz ireki eta itxi du. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzaren presidentea arduratu da laudatioaz, ‘50 urte ametsa zeharkatzen’ deiturikoa. Sortzaileak goraipatu ditu Urkizak eta azaldu du haien lanari esker gaur egun Elkar ez dela «irla bat», baizik eta «egonkortutako sistema baten oinarria». Etorkizunera begira, bide beretik lanean jarraitzeko deia egin du, «esnatu beharrik gabe ametsa bizitzen jarrai dezagun».

Elkar Taldearen mende erdiko historiaren parte izan diren hainbat sortzaileren bizipenak ezagutzeko aukera izan da gero; besteak beste, Jaione Osoro, Karmele Jaio edo Pantxoa Carrereren hitzak jasotzen dituen bideo hunkigarrian. Iguaranen bertsoak etorri dira ondoren eta sari banaketa bera, ostean.

Juan Mari Sors izan zen Elkar Taldearen sorreran parte hartu zuenetako bat eta bera izan da, hain zuzen ere, Urrezko Domina jasotzeko ohorea izan duena. Saria «ahalik eta ondoen egindako lanaren ondorioa» dela adierazi du, baina baita inflexio puntu bat ere beretzat, fundatzaile izan zen neurrian: «Beste belaunaldi bat ari da Elkar kudeatzen, xede berdinekin, euskara eta euskal kultura sustatzea». Halaber, Elkar Taldearen fundazioan parte hartu zuten beste denetaz ere akordatu nahi izan du: «Gogoan ditut gurekin hasi eta gaur egunean gurekin ez daudenak, beraiena ere bada domina hau».

Egun taldearen presidente kudeatzailea den Mikel Esnali eman dio hitza Sorsek. Esnalek azpimarratu du duela 50 urte euskara «itolarrian» bizi zela, eta egun egoera bestelakoa bada ere, «asko eta askotarikoak» direla Elkarrek etorkizunera begira dituen erronkak. Era berean, kulturak jendarte baten eraikuntzan duen garrantzia nabarmendu du: «Norbanakoen ongizaterako eta komunitate jantzi, justu, aurrerakoi, eta demokratikoago baterako giltza dela ulertu behar dugu».

«Euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean egindako lan nekaezina aitortzen dugu», adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Elkar Taldeak egindako lana goraipatuz. Txalotu nahi izan du, halaber, makina bat sortzaileri adierazpide bat eman izana eta «herri ekimenak euskarari eta euskal kulturari eman dion ekarpen itzela, hil ala bizikoa».