Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bera Berak arantza kendu eta zortzigarren Superkopa irabazi nahi du Malagan

Donostiarrek, iazko Ligako txapeldun, eta Kopa irabazi zuen Costa del Sol Malagak andaluziarren etxean jokatuko dute igande honetan finala, 20.15etatik aurrera eta Teledeporte katean zuzenean.

Bera Bera Europan kanporatua geratu da eta minduta iritsiko da Malagara.
Bera Bera Europan kanporatua geratu da eta minduta iritsiko da Malagara. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urte amaiera gertu dago eta Super Amara Bera Berak denboraldiko lehen titulua du jokoan igande honetan, 20.15etatik aurrera (Teledeporten zuzenean), Ciudad Jardinen Costa del Sol Malaga taldearen aurka jokatuko duen Superkopako finalean.

Iazko Ligako txapeldun dira donostiarrak eta biharko aurkaria Kopan gailendu zen. Nahiz eta Malagak etxean jokatuko duen –honek beti plus bat ematen dio etxeko taldeari, normalean zale gehiago egoten baitira–, neurketa aparta espero da. Izan ere, Imanol Alvarezek gidatzen duen taldea liderra da Ligan, baina adi, andaluziarrak hirugarren baitira puntu bakarrera eta aurtengo lehenengo jardunaldian malagarrak gailendu ziren Gascan jokatutako partidan. Hori bai, gol batengatik (31-32).

Gainera, Bera Bera –jokalariak gaur bertan abiatu dira Malagara– EHF European Leaguetik kanporatua izan da berriki; beraz, jokalariek arantza horiek kendu nahiko diuzte, eta horrez gain, beste helburu bat izango dute buruan: bere historiako zortzigarren Superkopa irabaztea.

Donostiarren entrenatzailea baikor da gaurko partidarako, baina aurkariaren arrikuaz ohartu da. «Noski, Ligan lortutako beste emaitza ezberdin bat espero dut. Bideo sesioak egiterajoan, ez dakit zer ipini nire jokalariei, aurkaria ezin hobeki ezagutzen baitute eta zer egin behar duten baitakite», azaldu zuen Alvarezek Malagara abiatu baino lehen.

Imanol Alvarezek presioa kendu nahi die bere jokalariei

Lehen aipatu dugun bezalaxe, Malagak bere etxean jokatuko du, baina Alvarezek bere jokalariei presioa kendu nahi izan die. «Beren etxean jokatzea ez zait garrantzitsua iruditzen. Nire taldea giro horretan nola maneiatzen den ikusi nahi dut, ikusle askoren aurrean eta antzeko partidetan jokatu dutenean jokalariek ondo erantzun baitute».

Emakumezkoen Superkopa gizonezkoen Superkopa Iberikoa txapelketarekin kointzidituko du. Larunbat honetan finalerdiak jokatuko dira: Granollers-Porto (16.45) Barça-Sporting (19.00). Irabazleek igandean bertan jokatuko dute finala, toki berean, 18.00etatik aurrera.