Nerea Lauzirika

Torrealdairen bidea jarraituko du Metrokoadroka kolektiboak, ‘Artxibo biluzia’ proiektuarekin

‘Artxibo biluzia’ proiektuarekin eskuratu du Metrokoadroka kolektiboak Joan Mari Torrealdai ikerketa beka. Jakin fundazioak eta Usurbilgo udalak elkarlanean sortu dute beka.

Oier Guillán, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi, bekaren sarituen aurkezpenean, Usurbilen.
Oier Guillán, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi, bekaren sarituen aurkezpenean, Usurbilen. (Usurbilgo udala)

Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehen ediziora aurkeztu dituzten 13 proiektuetatik, Metrokoadroka kolektiboak proposatutako ‘Artxibo biluzia’ izan da aukeratua. Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak elkarlanean sortu dute Joan Mari Torrealdai ikerketa beka. Disziplina desberdinetan aritzen diren artista eta sortzaileek osatzen dute Metrokoadroka eta haiek ondutako proiektua hautatu du epaimahaiak bekak lagunduta garatu dezaten. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatearen hitzetan, Torrealdaik berak etorkizunari begira egindako ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan sakontzea du xede bekak. Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kidea arduratu da bekaren koordinazioaz eta Maialen Akizu, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta eta Ainara Lasa izan dira epaileak.

«Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Dena eraman zuten, nire-neurea, Jakin-ekoa, 1960tik honako agendak ere bai. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki». Torrealdairen hitzak dira, Metrokoadroka kolektiboa inpaktatu zutenak bekaren deialdiaren berri izan baino lehenago. Mina transmititzen zieten Torrealdairen hitzek, iruditu zitzaien bazutela zerbait, sortzeko abagunea ematen zuena. «Aipu horretan zeuden behar genituen hitz gakoak eta hortik dator proiektuaren izena ere», azaldu zuen kolektiboaren izenean Oier Guillanek. «Hutsik geratu zen karpeta imajinatzen genuen», gaineratu du Guillánek, NAIZi egindako adierazpenetan.

Inpaktutik ‘dokumentakziora’

Dokumentazioa, Guillanen hitzetan, «Etorkizunera begirako ekintza da, geure buruari nor garen kontatzea». Etorkizunera begira lan egiteko modu hori Torrealdairen ikuspuntuarekin bat datorrela deritzo Metrokoadrokako kideak. Egiteko era bera dute, preseski bilatu ez duten zerbait bada ere, eta perspektiba horretatik heldu zieten bekaren oinarriei haren berri izan zutenean.

Hori da, hain zuzen ere, orain egin behar dutena, dokumentazioa, edo ‘dokumentakzioa’, zehatzago izanda. «Modu akzidentalean sortutako kontzeptua da, aurkezpenean otu zitzaidan», azaldu dio Guillanek NAIZi. Istripu ezin egokiagoa da ordea, hitz jokoak ederki deskribatzen baitu Metrokoadrokaren sortzeko modua. Kolektiboaren jardunari ezin hobeto datorkion terminoa da, ordea, ‘performancea’-ren inguruan ibiltzen baitira, akzio teatroaren inguruan alegia.

Kolektiboaren beraren izaera dena izanik, oinarriak «ez ohikoak eta esker onekoak» zirela deritzo Guillanek, aukera emango baitie dagoeneko buruan bueltaka bazuten ideia hori gauzatzeko. Bi ardatz nagusi ditu proiektuak, bata sorkuntzari loturikoa eta bestea formakuntzaren ingurukoa.

«Sorkuntzari loturikoa erakusteko zerbait izango da, hiru gairen inguruko hiru pieza labur», azaldu du Metrokoadrokako kideak. Antzerkia eta ‘performancea’ uztartuko dituztela seguru daude, nahiz eta ez dakiten zehazki bakoitzetik zenbat izango duten piezek. Pieza laburrak izanik, aukera emango die zenbait modu desberdinetan aurkezteko: «Elkarrekin aurkeztu daitezke era klasiko batean, antzerki moduan, ordubete eta pikuko emanaldi batean». Baliteke kasu horretan laugarren pieza batek lotzea aipatutako hirurak, Guillanek azaldu duenez.

Beste modua litzateke piezak zatika aurkeztea. «Interesgarria iruditzen zitzaigun pieza horiek banaka ere eskaini ahal izatea espazio txikiagoetan, normalean horrelako gauzak egiten ez diren espazioetan», azaldu du Metrokoadrokako kideak. Intentzioa argi dute: «Ez genuke erakustaldi hutsean erori nahi». Alegia, publikoa hartzaile baino ez izatetik parte-hartzaile izatera eraman nahi dute.

Kontsumitzailea, sortzaile

Formazioaren ardatzari dagokionean, ‘performance’ tailer batzuk egin nahi dituzte, «irekiak, non parte-hartzaileei eskainiko zaizkien baliabide performatiko batzuk beraiek ekartzen dituzten gaiei forma bat eman diezaieten, dela eszenikoa ala ez», argitu du Guillanek. Azpimarratu du edonork parte hartzeko moduko saioak izango direla eta ez dela inondik inora ere beharrezkoa izango aurretiaz antzeko tailer batean parte hartu izana: «Kulturzaleari gutxitan eskaintzen zaio parte hartzeko eta gauzak kontatzeko aukera eta ate hori zabaldu nahi genuen». Normalean kultura kontsumitzen duenari, sortzeko baliabideak emango dizkiete, beraz.

18 hilabeteko epea dute, 14.000€-ko sariarekin proiektua garatzeko. Tailerrok gauzatzeko espazio eta formatu egokien bila dihardute orain, proiektua bera aurrera doan bitartean. «Orain tokatzen dena da lantaldea sortu, espazioekin hitz egin eta lanean hastea».