NAIZ

Ordiziak inoiz baino gehiago oihukatu behar izan du «Bultz Ordizi» Gernikari irabazteko (20-23)

Goierritarrek markagailua irauli behar izan dute bigarren zatian, atsedenaldira 13-3 atetik joan ostean, baina gernikarrek 20na ere berdintzea lortu dute 75. minutuan nahiz eta azkenean gipuzkoarrek irabazi. Eibarrek garaipen itzela erdietsi du Majadahondaren aurka (15-10).

Gernikak eta Ordiziak emozioz beteriko partida eskaini dute Urbietan.
Gernikak eta Ordiziak emozioz beteriko partida eskaini dute Urbietan. (Oskar MATXIN)

Gizonezkoen eta emakumezkoen Ohorezko Mailek jardunaldia zuten larunbat honetan, eta bertan ziren hiru euskal taldeak lehian. Denek ezin zuten irabazi, tartean derbi bat zegoelako, baina berdinketarik ez da eman eta Ampo Ordiziak, asko sufrituz, Gernikari irabazi dio (20-23) eta Eibarrek gauza bera egin du bigarren sailkatua den Majadahondaren aurka (15-10).

Urbietako derbiak tentsio eta emozio handia izan ditu azken unera arte. Pentsa, bizkaitarrak aurretik joan dira markagailuan (13-3), Ordiziak buelta eman dio partidari bigarren zatian (13-20), etxekoek 20na berdintzea lortu dute ondoren eta kanpokoek azken kolpea eman dute 20-23 irabazteko.

Gernika sendo hasi da eta bigarren minuturako 3-0 irabazten zihoan zigor kolpe bati esker. Are gehiago, hamargarren minuturako emaitza 6-0ekoa zen beste zigor kolpe batengatik. Orduantxe etorri da Ordiziaren esnatzea. Valentin Cruzek ere zigor kolpea egiteko prest agertu da eta 6-3koa utzi du markagailuan.

Etxekoak ez dira behera etorri. Kontrakoa. Entsegua eta transformazio bati esker, 13-3 alde egin dute 27. minutuan eta emaitza mantentzea lortu dute atsedenaldira aurretik joateko.

Baina bigarren zatian dena aldatu da. Erokeria etorri da Urbietara. Lehenik eta behin, Andries Viljonek entsegua lortu du eta segidan Valentin Cruzek transformazioa barrura bidali du (13-10, 48. minutua). Protagonista berak, Cruzek, beste zigor kolpe bat barrura bidali du berdinketa ipintzeko (13-13, 57. minutua).

Ordizia garaipenerantz zihoan zuzenean, eta horren beste adibide bat 65. minutuan iritsi da: Antxon Iriondok entsegua egin eta Cruzek transformazioa barrura bidali du (13-20). Zailena eginda zuten goierritarrek, baina Gernikak saria nahi zuen baita ere, eta jokaldi berarekin erantzun dio 75. minutuan markagailuan 20-20koa ipintzeko.

Derbia berdinketarekin amaitu behar zuenean, Lander Mujikak zigor kolpea barrura bidali du 39. minutuan eta garaipena eman dio Ordiziari esfortzu ikaragarria jarri duen Gernikaren aurka.

Eibarrek bolada onari jarraipena eman dio

Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du, etxean, Ligako bigarren itzuliari hasiera emateko eta beheko postuetatik irteteko helburuan. Armaginek 15-10 irabazi diote bigarren sailkatua den Majadahondari, bigarren zati ero batean.

Etxekoak 5-0 aurreratu dira markagailuan lehenengo zatian, 35. minutuan alegia, Rianna Mere Aspinallen entsegu bati esker, eta hala joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Baina gauzak erabat aldatu dira bigarren zatian. Kanpokoek beste entsegu bat lortu dute Daniela Diazi esker berdinketa ipintzeko. Honek bazirudien Majadahondari indarra emango ziola, baina Eibar izan da berriro kolpea eman duena. 56. eta 67. minutuetan Hosanna Arietta Aumuak beste bi entsegu lortu ditu markagailuan 15-5ekoa ipintzeko.

Madrildarrek hortzak estutu dituzte partidaren azken zatian eta 15-10ekoa ipintzea lortu dute Luisina Contresarek lortutako entseguaren bidez. Hor amaitu da, ordea, kanpokoen erremontada saiakera, Eibarrek ondo eutsi baitio markagailuari garaipen handia eta garrantzitsua lortzeko.