NAIZ

Euskal kulturaren eta identitatearen transmisiorako Barandiaran Katedra sortuko du EHUk

Jose Migel Barandiaranen izena eta izana bultzatzea eta euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea izango dira EHUren Jose Migel Barandiaran Katedraren helburuak.

Ataunen
Ataunen (Katedra sortzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute erakunde guztiek. | EHU)

Euskal kulturaren eta identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean.

Hala adostu dute astelehen honetan erakundeotako ordezkariek, Barandiaran zenaren bizitoki Ataungo Sara etxean sinatu duten lankidetza hitzarmenaren bitartez. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, EHUko errektore Eva Ferreirak, Ataungo alkate Martin Aramendik, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Ixone Fernandez de Labastidak izenpetu dute akordioa.

Horrela, katedra sortzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute erakunde guztiek eta, abiapuntu gisa, Gipuzkoako Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin du 2022ko aurrekontuen bitartez, eta Ataungo Udalak 10.000 eurokoa.

Jose Migel Barandiaran Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz, eta, bestetik, euskal kulturari eta identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz eta oinarri horiek egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz.

Ordezkari guztiak bat etorri dira katedraren sorrerak ekar ditzakeen onurak azpimarratzean, Jose Migel Barandiaranen obra eta ondare aberatsa eta hark landutako ikerketa esparru zabala ikertzeko, eguneratzeko eta transmititzeko jardunari bultzada berri bat emateko garaian batez ere.

Ildo horretan, EHUk Euskal Herriaren geroa sendotzeko egin dezakeen ekarpena «nabarmena» izan daitekeela iritzi diote denek, «euskal kulturari buruzko gogoeta akademikorako gune berriak arakatzeko berrikuspen kritikoa ahalbidetuz».