Maiz esaten da mendiko kultura sustatzeko egiten diren ekimenek denbora behar dutela sendotzeko. Ez dira apustu errazak; baina egin gabe geratzen badira, hutsune horrek indarra hartzen du. CVCE-Errimaia mendiko ipuin lehiaketak, bederen, urrats hori egiteko erabakia hartu zuen duela hiru urte. Eta aurtengo ekitaldiak, aurreko biek bezala, erakutsi dute xede hori ibilbide oparoa egiten ari dela.
Hirugarren edizioak, adibidez, 27 herrialdetako 173 lan jaso ditu. Itxura guztien arabera, azpimarratzekoa da kopuru hori. Baina ekimen horrek oraindik badu askatu behar duen arantza bat. Horrekin adierazi nahi dugu gazteleraz idatzita 165 ipuin aurkeztu direla. Euskaraz, aldiz, 8 bakarrik.
Hausnarketarako balio duen puntu hori alde batera utzita, aurreratu behar dugu astearte iluntzean, Donostiako Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan, sari banaketa egin zela. Gaztelaniazko atalean, Ariel Alberto Diaz argentinarrak irabazi du “El abrazo” lanarengatik. Begoña Santos donostiarra, berriz, finalista izan da “El baile de Abdel”-engatik. Euskaraz idatzitako zortzi lanen artean, epaimahaiak erabaki du Juanma Gallego bilbotarraren lana, “Zirrikitu bat”, onena izan dela.
“Bide onetik”
San Tomas egunaren bezperan eginiko sari banaketa horretan “Errimaia” aldizkariaren aurtengo azken alea banatu zen, eta, bertan, ipuin irabazleak ikus daitezke.
CVCE-Errimaia ipuin lehiaketaren antolatzaileek lehen balorazioa egin zuten: «Jasotako lanei dagokienez, antzeko kopurua izan dugu. Lehen edizioan 200dik gora jaso genituen, iaz 150 eta aurten zertxobait gehiago. Zenbaki horiek guk eginiko aurreikuspen baikorrenak gainditzen dituzte. Hortaz, pozik gaude batez ere gaztelaniazko kopuruarekin. Euskarazko atalari dagokion kopurua eskasa da. Jasotako ipuinen kalitatea ikusita, esango genuke euskarazko parte-hartzaileen artean, norberak filtro zorrotzagoa jartzen duela gaztelerakoen artean baino. Betiere, idazkerari dagokionez. Agian, hor hausnarketarako datu bat egon daiteke».
Irabazleen lanen inguruan aurreratu behar dugu Diaz, idazle ezaguna izateaz gain, lehiaketa askotan saritua izan dela. “El abrazo” oso laburra da; bi orri besterik ez ditu. Ipuin horretan, argentinarrak irakurlearen harridura sortuko duen bukaeran aurkituko du mami guztia. Maisutasunez idatziko lan bat da.
Santos finalistaren “El baile de Abdel”, berriz, Todrako zintzurretan girotua dago: «Leku horretara gerturatzen diren atzerritarren eskalada giroak bertako gaztetxo baten jakinmina sortzen du, bere herritik gertu unibertso berri bat deskubritzeko aukera emanez”.
Euskarazko lan onena, “Zirrikitu bat”, ipuin fantastikoa da. Idazle bilbotarrak neska gazte batek udal kanpaleku batean bizitako eskarmentua jasotzen du: “Ezohikoa da, iraganeko gertakizun historiko bat ekartzen diguna».
Amaitzeko, antolatzaileek esan digute laugarren ekitaldira begira jarri direla: «Gustura gaude lehiaketa hau antolatzen, elkartearen helburuetako bat mendiaren inguruko kultura aberasten laguntzea baita. Hiru ekitaldiotan erantzun ona jaso dugu, eta horrek indarra ematen digu laugarrena antolatzeko. Euskarazko atalean arantza hori ateratzeko beharra dugu. Euskaraz idazten duten mendizaleak animatu nahi ditugu. Beldurrik gabe!».

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas
