Arnaitz Gorriti

Ligan ataka estuan murgilduta dagoen IDK-k derbi zaila dauka etxean Gernikaren kontra

Donostiarrek bederatzi jokalarirekin jokatuko dituzte 2022a amaitzeko falta zaizkien neurketak Kadri Ann Lass estoniarrak taldea laga eta gero. Denboraldi aurrean Ibaetakoek 67-72 irabazi zieten bizkaitarei Euskal Kopan, baina ordutik hona gauzak asko aldatu dira.

Coulibalyren bitartez, IDK Euskotren nagusi izan zen Lointek Gernikaren aurka Euskal Kopan.
Coulibalyren bitartez, IDK Euskotren nagusi izan zen Lointek Gernikaren aurka Euskal Kopan. (@BASKETBASKO | FOKU)

Gaizki dabilen talde bati adarra jotzea ez da derbi bat jokatu bezperan izan beharreko jarrerarik egokiena, baina ikusi egin behar IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak ostegun arratsaldeko 19.30etan Josean Gascako partida jokatzerik duten, martxa honetan talde donostiarra jokalaririk gabe geratu behar da-eta. Ivana Raca aspaldi joan zen, Ane Esnalek ere behin behinean taldea lagatzea erabaki zuen duela hilabete eskas, Joy Adams belauneko arazoekin dabil eta orain Kadri Ann Lassek ere ez du IDK Euskotrenen jarraituko, Ibaetako taldeak berak aditzera eman duenez prentsa ohar baten bitartez.

«Etorri zenetik animoz nahiko eskas zebilela ikusi genuen. Ligako geldialdian etxera –Estoniara– itzuli zen eta bueltan bazirudien aldarte hobean zetorrela eta nahikoa egin du honaino iritsita. Hasieratik laguntzen saiatu gatzaizkio, baina ezin izan dugu gehiago egin. Azkenean hegal-pibot titularra –Raca– joateak bere ordezko behar zuenari –Lass– askoz erantzukizun handiagoa hartu behaqrra suposatu du eta azkenean gain hartu dio, nonbait», adierazi du Azu Mugurza entrenatzaileak partida bezperako prentsaqurrekoan.

Urtarriletik aurrera bi fitxaketa berri izango omen dira donostiarren artean, baina bitartean urteari ahalik eta egokien amaiera eman beharra dagokie; Lointek Gernika Bizkaiaren aurka, hasteko.

Egia da, Europa dagoeneko atzean utzita, Ligan bertan sei porrot kateatu dituela talde gipuzkoarrak eta horren ondorioz, uneotan jaitsiera postua daudela Azu Muguruzarenak –aurretik duen Murtziako Hozono Global Jairis taldearekin berdinduta–. Duela ia hamarkada bat elitera iritsi zirenetik, sekula ez dira donostiarrak hain behean izan aurreneko itzulia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, baina egoera horri aurre egin beharko diote aurre.

«Denboraldia hasi denez geroztik hiru jokalarik egin digute kale, baina merkatuan ez da ezer askorik egon horien ordez ekartzeko. Orain merkatua irekixeago dago, zenbait jokalarik beren taldeak laga baitituzte ez dietelako ordaintzen –Clarinos Tenerife izan liteke adibideetan argiena– edo zeinbait leihaketa amaitu dituztelako... Gabon jaien ostean bi jokalari ekarriko ditugu», konfirmatu du Azu Muguruzak.

Beraz, bederatzi jokalarirekin ekin beharko dio euskal derbiari. «Hasieratik okertu zaizkigu gauzak eta jokalari askok ez zegozkien betebeharrak bere gain hartu behar izan dituzte. Baina behin gainb hehera hasi delarik, oso zaila izaten ari da gainbehera hori etetea. Baina 2022 urte hau amaitu bederatzi hauekin moldatu behar dugu eta jokalariek aurrepausoa eman behar dute, besoak azken aldian bezain erraz jaitsi ordez. Kalitatea hor dugu, hasieran bezala, baina barruan dugun guzti hori emateko unea da hau», amaitu du entrenatzaile donostiarrak.

Lau onenetara itzuli nahi

Bestalde, joan den asteburuan Zaragozaren aurka galdu eta gero, Lointek Gernika Bizkaia Ligako lau onenetatik at geratu da. Kutxabank Araskirekin 7-5 balantzearekin berdinduta, seigarren postuan daude Anna Montañanaren jokalariak, IDK euskotrenek baino hiru garaipen gehiagorekin.

Lau onenetan sartzea garaipen bakarrera dute, egia esan, eta euskal derbi baten zernahi gerta litekeen arren, faborito garbiak dira bizkaitarrak Josean Gascan berriz ere garaipena lortzeko.

«Sailkapenak dioena baino kalitate handiagoa dute», ohartarazi du, hala ere, Itziar Ariztimuñok. Antolatzaile bilbotarrarren iritziz, «beraiek erasoan edozeinen aldetik min eman diezagukete. Beraz, defentsan oso gogor egon beharko dugu. Partida hau oso garrantzitsua da guretzat eta irabaztera atera beharko dugu».

Antzera mintzatu da anna Montañana entrenatzaile gernikarra bera ere. «Kopan izateko eta onenen artean lekua egiteko oso garrantzitsua da guretzat derbi hau irabaztea. Inork uste baino gehiago balio du neurketa honek, azken asteetan maila oso ona eman arren, amaieran zorterik gabe amaitu dugu-eta», adierazi du entrenatzaile valentziarrak.

Errespetu osoz mintzatu da Montañana IDK Euskotreni buruz. «Orain baino ondotxo gorago amaituko du denboraldia, ziur nago. Baliteke Europako estreinaldiak kalte egin izana etxeko lanak burutzeko orduan, baina erasoan min emateko gaitasuna jokalari askoren bitartez dute eta errebotean oso indartsuak dira ere, guk azken aldian hobetu arren», gaineratu du.

Denboaldi aurrean, Euskal Kopan 67-72 irabazi zuten donostiarrek gernikarren aurkako partidan, Mariam Coulibaly uztaipean nagusi izan zelako batik bat, nahiz eta Natalia Rodriguez eta Joy Adams ere maila bikainean aritu ziren.

Esan gabe doa ordutik hoan gauzak asko aldatu direla talde bientzat, baina azken baten, euskal derbi baten nekez egongo da faborito argi bat.