Arnaitz Gorriti

Sei porrot segidan nozitu ostean, euskal derbian berpiztu da IDK Euskotren (69-61)

Jokoaren ekimena donostiarrek eraman dute ia uneoro eta, aldiz, Lointek Gernika Bizkaia Roso Buch eta Sandra Ygueravideren kalitateari esker mantendu da partidan azkenera arte. Dembele, Joy Adams, Coulibaly eta Rodriguez giltzarri izan dira gipuzkoarrentzat.

Asko eskertu du IDK Euskotrenek Joy Adamsen partida ona.
Asko eskertu du IDK Euskotrenek Joy Adamsen partida ona. (Jon URBE | FOKU)

IDK EUSKOTREN 69 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 61

Segidan sei porrot jaso eta gero Emakumeen Endesa Ligan, halakoren baten lortu du bolada txarra etetea IDK Euskotrenek. Euskal derbia merezita irabazi du Azu Muguruzaren taldeak, ez bakarrik 69-61ko azken emaitzagatik bakarrik, baizik eta ia beti jokoaren ekimena eraman duelako baino. Uztaipean nagusi eta Joy Adamsen bertsio on batekin, gainera, gauzak errazago izaten dira.

IDK Euskotren hobeto hasi da, askoz tentsio handiagoarekin talde bizkaitarra baino, nahiz eta aurreneko laurdena bere erdialdera iritsi aurretik Natalia Rodriguezek ezker orkatilan min hartu duen.

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, Sandra Ygueravide antolatzaile kantxan ikusi ahal izan da aspaldiko partez, baina aurreneko minutuetan kanpoko jokoak baino, barrukoak izan du garrantziarik handiena. Kadri Ann Lass galdu arren, Dembele eta Coulibaly nahikoa eta gehiago izan dira gernikarren errebotean sekulako erasana eragiteko. Horrez gain, idea askorik gabe abiatu dute partida Anna Montañanarenek. Hala, arazoak arazo, donostiarrek 17-11 aurretik eta jokoa kontrolpean dutela amaitu dute lehendabiziko laurdena.

Bigarren laurdenari ekiteaz bat suspertu dira bizkaitarrak. Bura, Roso Buch eta Meskonyteren bitartez 0-7ko partziala lortu du Lointek Gernika Bizkaiak, derbia hasi denetik aurreneko abantaila eskuratuz, 17-18 izan bada ere; nahikoa izan da bolada txar motz hori Azu Muguruzak hutsartea eskatzeko.

Aurredenboraldian, Euskal Kopako azken neurketan, IDK Euskotrenek irabazi egin zion Lointek Gernika Bizkaiari, eta partida hartatik hona egoera asko aldatu badira ere talde bietan, gauza batek bere horretan iraun du: Sandra Ygueravide ondo moldatzen da donostiarren aurka. Azu Muguruzak bi antolatzaileak, Yurena Diaz eta Nicole Cardaño, kantxaratu ditu Natalia Rodriguezek bere orkatila «konpondu» bitartean –itzuli ahal izan du azkenean–; bada, Itziar Ariztimuño eta Ygueravideren bitartez 19-23 aurreratu da Gernikako taldea.

Alabaina, Dembele, Rodriguez eta Coulibaly elkartu direnean errotik aldatu da partida eta atsedenaldira Azu Muguruzarenak aurretik iritsi dira, 27-25, 8-2eko partziala erdietsi ostean.

Taldea eta izarrak

Gezurra badirudi ere, azken laurdenera 42-43 aurretik iritsi da Lointek Gernika B izkaia. Izan ere, Roso Buchek sekulako bolada harrapatu du hirugarren laurdenean eta horrela erdietsi du Anna Montañanaren taldeak markagailuari buelta ematea.

Baina IDK Euskotrenek talde itxura sendoago eman du ostegun honetan. Joy Adams, Dembele, Rodriguez eta Coulibalyk sekulako lana egin dute eta 11 puntuko aldea ere atera dute azken laurdenean: 58-47.

Gernikarren aldetik, Sandra Ygueravide saiatu da derbiari buelta ematen, baina ez da nahikoa izan antolatzailearen kalitatea. Bide batez, arnasa sakon hartu ahal izan du IDK Euskotrenek.