Arnaitz Gorriti

Perfumerias Avenidari irabazteko aukera paregabea pasatzen laga du Kutxabank Araskik (60-66)

Hirugarren laurdenean hogei puntuz galtzen egon bada ere, talde gasteiztarrak partida ia berdintzea lortu du Tanaya Atkinson eta Van den Adelen bitartez, baina azken honek kale egindako hiru jaurtiketa librek erabaki dute azkenean dema. Chatrice White fitxaketa berriak ere jokatu du.

Unerik okerrenean egin du kale Van den Adelek jaurtiketa libreen marratik.
Unerik okerrenean egin du kale Van den Adelek jaurtiketa libreen marratik. (Raul BOGAJO | FOKU)

KUTXABANK ARASKI 60 - PERFUMERIAS AVENIDA 66

Sekula baino gertuago izan du Kutxabank Araskik Perfumerias Avenida ahalguztidunari irabaztea. Hirugarren laurdenean 20 puntuz atzetik ere izan da talde gasteiztarra, baina azken minutuetan partida erotzea lortu dute Madelen Urietarenek eta urduritasunak gain hartu dio Salamancako taldeari unetxo batez.

Hala, markagailua 56-62 zela, hiru jaurtiketa libre izan ditu bere alde Natalie Van den Adel, gasteiztarrek jokmalari onena izan denak, Fasoula pibot greziarraren bosgarren pertsonala eta Gaztelako taldeko aulkiari falta teknikoa protesta egitearren. Hala, partida are eta estuago jartzeko parada izan du talde arabarrak, baina justu orduan, unerik okerrenean, kale egin du Herbeheretako hegal-pibotak. Partida bikaina jokatu du eta beragatik izan ez balitz, Kutxabank Araskik alde handiagoz galduko zukeen, baina benetan partidagatik leihatzeko aukera izan duenean, ez du asmatu.

Hutsegite horien ostean, Maite Cazorla antolatzaileak hartu du baloia eta jokoaren ekimena. Jokalari kanariarrak bestela ere sekulako partida jokatu du –19 puntu, 3 errebote eta 3 asistentzia– eta gasteiztarren falta dela-eta jaurtiketa libreak botatzea egokitu zaionean, ez du barkatu.

Lastima izan da, zortzigarren garaiopena ez baitu hain urruti izan azken minutu horietan Madelen Urietaren taldeak. Chatrice White fitxaketa berria hasierako bostekoan jarri du amurrioko entrenatzaileak, eta Whitek detaile politak erakutsi baditu ere, agerian geratu da oraindik ere asko falta zaiola taldekideen sistemak behar bezala ikasi eta hauen martxa hartzeko. Horrez gain, Perfumerias Avenida asteazkenean Gironan 74-48 galtzetik zetorren eta Roberto Iñiguezek entrenatzen dituen emakumeek ez dira txantxetan atera. Cazorla bera partidaren gidari hasi da eta Gulbe letoniarra eta Reisingerova txekiarrarekin batera, aldea hartzen hasi da Salamancako taldea.

Bigaren laurdenean, ordea, Reisingerovak orkatila bihurritu du Kutxabank Araskiko jokalari baten oina nahi gabe zapaldu eta gero. Alabaina, etxekoek askoz gehiago nozitu dute gertakari hau kanpokoek baino. Hotz geratu dira Madelen Urietarenak eta Reisingerovaren lekua Fasoula greziarrak –80. hamarkadan ezagun egin zen Panagiotis «Armiarmaren» alaba, alajaina!– hartu du eta hala, partida atsedenaldira 25-34 dela iritsi da.

Kalbarioa eta erreakzioa

Ez zaio batere gustatzen Kutxabank Araskiri pausuan jokatzea, baina korrika egiten ez badio uzten arerioak, orduan ere zeozer egin behar! Saiatu da Van den Adel gasteiztarek partidako martxa gal ez zezaten ahaleginean, baina Roberto Iñiguezenek partida ia mila puskatan hautsi dute. Vilaro eta Gulbek hartu dute Cazorlaren lekua Fasoularekin batera Kutxabank Araskiri min emateko, eta aldea 20 punturaino zabaldu dute: 27-47.

Kostata, aldea zertxobait murriztu dute etxekoek, baina azken laurdena 37-52 hasiz gero, normalean ez dago praka berririk. Alabaina, Atkinson eta Van den Adelen artean 13-2ko partziala erdietsi eta 50-54 hurbildu dira. Bat batean, urduri jartzen hasi da Perfumerias Avenida. Arineketa bizian jokatzea lortu dute azkenean gasteiztarrek eta bere aurkariak ez du hori geratzen asmatu.

Are urduriago jarri dira gainera Roberto Iñiguez de Herediarenak Fasoulak bosgarren falta egin duenean, bera izan baita une horietan Salamancakoen jokalaririk onena, Cazorlak baloiak uztaipean sartuta «jaten eman» baitio. Baina esan bezala, Van den Adel ez da fin aritu jaurtiketa libreen marratik eta, aldiz, Maite Cazorlak ez du barkatu aukera izan duenean.

Nekez aurkituko du Kutxabank Araskik Perfumerias Avenidari irabazteko hau baino aukera hoberik, baina hurrengoan beharko du. Bitartean, Koparako sailkatzeko borrokak bere horretan dirau, talde gasteiztarra zortzi onenen artean dagoelako oraindik.

Zentzu horretan, datorren martitzenean, hilaren 27an, jardunaldi betea izango dute euskal taldeek: Kutxabank Araskik Cadi La Seu jasoko du San Andres kiroldegian –Mendizorrotza Gabonetako kontuetarako erabiliko omen da-eta– 20.15etan. Bestatik, Lointek Gernika Bizkaiak ordu berean Lugon Ensinoren aurka jokatu beharko du eta IDK Euskotrenek, berriz, Leganesen Innova Leganes taldearen aurka 19.00etan, beheko zulotik ihes egin nahian biak ala biak. Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia hilaren 30ean amaituko da. Partida guztiak 19.00etan jokatuko dira; tartean Lointek Gernika Bizkaia Murtziako Hozono Global Jairis Malosten, eta Josean Gascan euskal derbia IDK Euskotren eta Kutxabank Araskiren artean.

PARTIDAKO FITXA

ARASKI: Asurmendi (9) Atkinson (17), Van den Adel (15), Burani (3) eta White (2) –hasierako bostekoa–, Diarra (7), Txell Alarcon (2) eta Chagas (5).

AVENIDA: Cazorla (19), Crvendakic (2), Vilaro (10), Onyenwere (5) eta Reisingerova (4) –hasierako bostekoa–, Fasoula (16), Gulbe (8), Rodriguez (2), Domínguez eta Nogic.

Partzialak: 11-17, 14-17, 12-18, 23-14.

Epaileak: Garcia Alcaide, Hurtado Almansa eta Adan Rodriguez. Salamancako taldeko ordezkoen aulkiari falta teknikoa adierazi diote. Kutxabank Araskiko Burani eta Perfumerias Avenidako Vilaro eta Fasoula egotzi dituzte bost faltarekin.

Gorabeherak: Chatrice Whitek debuta egin du talde gasteiztarrarekin. Perfumerias Avenidako Julia Reisingerova jokalariak orkatila bihurritu du eta partida utzi behar izan du.