NAIZ

Lularen kargu-hartzea eragotzi nahi zuen Brasilian atxilotutako gizonak

Jair Bolsonaro presidentearen jarraitzailea zen larunbatean Brasilian lehergailu bat leherrarazten saiatzeagatik atxilotu zuten gizona, eta armategi bat konfiskatu zioten. Bere helburua kaosa eragitea zela onartu zuen, Lula da Silva Brasilgo presidente hautatuaren kargu-hartzea eragozteko.

Brasiliako kaleetan protesta egiten ari dira Bolsonaroren jarraitzaileak.
Brasiliako kaleetan protesta egiten ari dira Bolsonaroren jarraitzaileak. (Evaristo SA | AFP)

Barruti Federaleko Polizia Zibilak igande honetan zabaldu duen galdeketaren arabera, atxilotutako gizonak onartu egin zuen atentatua Armadak Brasilian duen kuartel nagusiaren aurrean kanpatuta dauden beste bolsonarista batzuekin batera egin zutela, militarrei Estatu-kolpe bat eskatzeko, datorren urtarrilaren 1ean Lularen inbestidura saihesteko. Atxilotua lehergailu bat leherrarazten saiatu zen eta armategi bat konfisktau diote, larunbatean atxilotu zuten.

Bi atentatu egiteko asmoa zeukan «anabasa bati hasiera emateko» asmoz, gaineratu zuenez, agintariak setio-estatua deklaratzera behartzeko eta militarrei kolpea hastea ahalbidetzeko. «Armadaren Kuartel Nagusiko manifestariekin plan bat egitea erabaki nuen, Indar Armatuen esku-hartzea eta setio-egoeraren deklarazioa eragiteko, Brasilen komunismoa ezartzea eragozteko», adierazi zuen.

George Washington de Oliveira Sousa 54 urteko enpresaria da atxilotua eta «terrorismoa» leporatu diote, lehergailua berak egin zuela aitortu ostean. Lehergailua erregaiak garraiatzeko zisterna-kamioi batera sartu zuten larunbatean, baina poliziak indargabetu zuen ibilgailua Brasiliako aireportura iritsi aurretik.

Atxilotuak adierazi zuen Brasilian dagoela azaroaren 12tik, Bolsonaroren jarraitzaile taldeak indartzeko, hain zuzen ere, Armadaren aurrean kanpatuta daudenak eta urriko presidentetzarako hauteskundeetan Lularen garaipena onartzen ez dutenak. «Armak erostera bultzatu ninduena (bere etxean konfiskatutakoak) Bolsonaro presidentearen hitzak izan ziren, beti armamentu zibilaren garrantzia nabarmentzen baitu», gaineratu zuen.

Flávio Dino Lularen Justizia ministroak adierazi du kolpe militar bat eskatzeko kuarteletan bolsonarista taldeek muntatutako kanpamenduak terroristen inkubagailu bihurtu direla eta agintariei desmuntatzeko eskatu diela. «Ez da posible itun politikorik egotea eta ez da amnistiarik egongo terroristentzat, haien laguntzaileentzat eta finantzatzaileentzat», ohartarazi zuen.

Armategia etxean

Akusatuaren etxebizitzan bi eskopeta, fusil bat, bi errebolber, hiru pistola, milaka munizio, kamuflatzeko uniformeak eta meatzaritzan erabilitako bost emultsio leherkor aurkitu zituzten, desaktibatu zuten lehergailuaren antzekoak.

Lularen inbestirudarako zortzi egun falta zirela (urtarrilaren 1ean egingo da) indargabetu zuten zisterna-kamioi baten barruan jarritako lehergailua eta aurkitu zuten armategia. Ondorioz, beldurra sortu du Lulak kargua hartzean gerta zitezkeenaren inguruan.

Gutxienez 17 estatuburuk eta gobernuburuk baieztatu dute ekitaldian parte hartuko dutela, tartean Espainiako erregeak eta Alemania, Portugal, Argentina eta Uruguaiko presidenteek. Era berean, 300.000 pertsona inguru espero dituzte antolatutako musika jaialdian, herritarrek Lula agurtu dezaten, eta kontzertuak eskainiko dituzte 30 abeslari eta musika taldek.