Sara Khadem Irango xakelaria hijaba eraman gabe ari da jokatzen Munduko Txapelketa

Iranen xakean aritzen diren emakumeak urteak daramatzate erregimenari aurre egiten, besteak beste, txapelketetan beloa jantzi gabe. Askok herrialdetik alde egin behar izan dute; horietako bi dira Shohreb Bayat eta Gran Maestra Atou Pourkashian xakelariak.

Sara Khadem xakeko Munduko Txapelketako partida bat jokatzen
Sara Khadem xakeko Munduko Txapelketako partida bat jokatzen (Lennart OETES | FIDE)

Iranen asko dira erregimenaren aurka ahotsa altxatu duten emakume xakelariak. Horretan azkena Sara Khadem izan da. 25 urte besterik ez ditu, eta askoren ustetan herrialdeko xakelari onena da. Pasa den astelehenean hasi zen xakeko Munduko Txapelketa Almatyn (Kazakhstan). Iragan irailetik herrialdean protestak ugariak izan dira beloa nahitaez erabiltzearen aurka, eta Elnaz Rekabi eskalatzailearen urratsei jarraikiz, 25 urteko xakelariak Iran ordezkatu du nazioarteko txapelketa batean, hijaba eraman gabe –antolakuntzak argitaratutako argazkietako batean agertzen baita Khademi belorik gabe–.

Rekabi eskalatzaileak nazioarteko txapelketa batean parte hartu zuen, eta herrialdera itzuli zenean, beloa ez janztearen arrazoiaz galdetuta, adierazi zuen konturatu gabe egin zuela. Egun, jakina den gauza bakarra da Irango erregimenak etxeko atxiloketarekin zigortu zuela, eta geroztik, ez da hartaz gehiago jakin.

Iranen xakeak urteak daramatza erregimenari aurre egiten, eta borroka horren erakusle dira kirol horretako zenbait izar herrialdetik alde egin izana. Orain galdera da zer egingo ote duten agintariek Khademerekin. Horren inguruan hitz egin du Shohreb Bayat Irango xakelariak. El Correo egunkariari jakinarazi dioenez, ez daki zer egingo duen 25 urteko irandarrak txapelketa amaitu ostean: «Erabakitzen duena familiaren araberakoa izango da, batez ere haurraren araberakoa. Izan ere, umea herrialdetik ateratzea lortu badu, uste dut ez dela itzuliko».

Aldi berean, Bayatek azaldu du Khademek Almatyra joan aurretik dokumentu berezi batzuk sinatu behar izan zituela, eta lehenago ere eragozpenak jarri zizkiotela bidaian. «Xakea garunari ekiteko kirol bat da, eta hori baduzu, ezin dituzu ayatolen aginduak bete», aldarrikatu du Bayatek.

Harek ere, derrigortuta alde egin behar izan zuen herrialdetik. 2020ean Txinako txapelketa batean epaile moduan aritu zen, eta haren argazki bat argitaratu zuten beloa sorbalden gainean zuela. Arrazoi horrengatik, Irango agintarien zigorra jasotzeaz gain, barkamen gutun bat idaztera behartu zuten. Xakelariak Teheranen aginduei men egin ordez, gutuna ez idaztea erabaki zuen. Ordutik ez zuen hijaba gehiago jantzi, baina etxera ere ez zen itzuli. Egun Erresuma Batuan bizi da errefuxiatu gisa.

Khademek Munduko Txapelketan zenbait partida jokatu ditu jada, eta horietako batean, Gran Maestra Atou Pourkashian herrikidearen aurka aritu da. Azken horrek ere, Bayaten antzera, herrialdetik alde egin zuen duela urte batzuk, eta orain AEBetan dago. Geroztik, hijaba gabe lehiatzen da.

Alireza Firouzja xakelariak ere bizitu zuen halako egoera bat arrazoi politikoak zirela medio. Teheranek israeldarren aurka ez jokatzeko agindu zion xakelariari, eta azken horrek, uko egin zion agindutakoari. Hala, 2021az geroztik Frantziarekin lehiatzen da.

Xakelariez harago

Xakeko mundua ez da bakarra izan Irango erregimenaren aurka ahotsa altxatu duena. Futbolean ere, Nasr-Azadani selekzioko jokalariak oinarrizko askatasunen, eta emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak egin zituen. Jarrera hori, ordea, Teheranek bortizki zigortu zuen: atxilo hartu zuten, eta orain, badirudi urkamendira kondenatu nahi dutela agintariek, haiek hori gezurtatu duten arren.

Azadaniz gain, Irango historiako selekzioko jokalari esanguratsuenek ere babes publikoa eman diete manifestazioei, Ali Daleik, besteak beste. Babes hori, baina, garesti ordaintzen ari da Dalei. Jokalari ohiak Teheranen dituen saltoki guztiak itxi behar izan ditu, autoritateek hala behartuta, eta bere familiak Dubaira hartu zuen hegaldia Persiar Golkoko uharte batean lurreratzea ere behartu dute.