Etxeberriak eta Rezustak azken momentuan irabazi dute, distirarik gabeko partida batean (20-22)

Dema kaxkarra jokatu dute Labriten (Iruñean) Jakak eta Arangurenek, Etxeberriaren eta Rezustaren aurka. Jokoan egindako tantoak baino, galdutakoak izan dira nagusi. Aspekoak bigarren jarri dira ligaxkako sailkapenean, eta Baikokoek, ordea, zuloan jarraitzen dute.

Jagoba MANTEROLA
Jagoba MANTEROLA (Jaka eta Aranguren Etxeberria eta Rezustaren aurka Labirten (Iruñea). | FOKU)

Distirarik gabeko partida jokatu dute Labriten (Iruñea) Jaka eta Arangurenek, Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka. Ia dema osoan Aspekoak markagailuan atzetik joan badira ere, azkenerako gailentzea lortu dute, eta gora begira jarraituko dute. Binakako Txapelketako sailkapen nagusian bigarren postuan daude lau punturekin –bihar jokatuko dute lehen itzuliko azkeneko neurketa Lasok eta Imazek, Altunaren eta Tolosaren aurka, eta Aspekoek irabazten badute, aurrea hartuko lieke Etxeberria eta Rezustari–. Baikoko bikoteak, ordea, zuloan jarraitzen du, ligaxkako lehen itzulian soilik partida bat irabazita.

Neurketa hasi eta berehala Zenotzekoak lau huts egin ditu jarraian, gorriek asko exijitu gabe, gainera. Oro har, oso dema nahasia izan da, eta jokoan egindakoak baino gehiago galdutakoak izan dira nagusi. Horren adierazle da Aranguren izan dela bakarra tanto gehiago egin dituena hutsak baino. Aginagakoa izan da onena pilotalekuan, baina haren ahalegina ez da nahikoa izan partida irabazteko.

12-7. tantoan lortu dute aurrenekoz Baikoko pilotariek bost tantoko aldea, Jakak ezker bolea txokora bota ondotik. Jarraian, beste bi tanto egin ditu bikote gorriak, baina urdinek tartea murriztea lortu dute, Baikokoek huts egin ostean, 14-8. Ondorengo tantoetan hanka sartze ugari egin dituzte bi bikoteek. 16-12. tantoan, ordea, Etxeberriak gantxoz jo dio pilotari zabalera, eta sakea bereganatzea lortu du.

Gorriak aurrera zihoazen, baina baita urdinak ere. Batak tanto egin, eta besteak aldea murriztu. Horrela, Aspekoak 19. tantora ailegatu direnean, Baikokoek bi tantora gerturatu dira, aspaldiko partez gainera. Eta hortik aurrera, partida emozioz betea egon da. 20-20. tantoa izan da neurketako luzeena –52 pilotakada–, eta gogorrena, indarrez estu zebiltzan bi bikoteak, baina bereziki Jakari ikusten zitzaion arnasa estu zuela. Hala, azken momentuan urdinek behera egin dute, eta gorriak gailendu dira 20-22.

Kolpe gogorra izan da Jaka eta Arangurenentzat, azken unera arte aurretik joan baitira markagailuan. Gainera, neurketa horretaz gain, ligaxkako beste biretan ere 21. tantora ailegatu dira, baina saririk gabe, –Laso eta Imazen aurka bat, eta Elordi eta Zabaletaren aurka bestea–. Txapelketan, oro har, maila ona erakutsi du bikote gipuzkoarrak, eta gertu egon dira irabaztetik, baina azkenerako ezin 22. tantora iritsi.

PARTIDAKO FITXA

Jaka-Aranguren: 20

P. Etxeberria-Rezusta: 22

Jokoaren iraupena: 77.06 minutu. Pilotakadak: 643. Markagailua: 4-1, 5-2, 6-3, 7-4, 9-6, 10-7, 12-7, 14-9, 15-10, 16-10, 16-12, 17-13, 18-13, 18-15, 19-15, 19-19, 20-19, 20-20, 20-21, 20-22. Sakez egindakoak: Bi P.Etxeberriak. Jokoan egindakoak: Jakak 5 eta 4 Arangurenek; P.Etxeberriak 10 eta Rezustak 1. Jokoan galdutakoak: Jakak 8 eta Arangurenek 3; P.Etxeberriak 9 eta Rezustak 2. Gorabeherak: Peio Etxeberria etxean aritu da Labriten. Lehen itzuliko azken partida jokatu dute bi bikoteek.