Jon Ormazabal

15.000 ikuslek berretsi egin dute zesta puntak Gernikan hartutako bide egokia

Iazko boom-ari eusteaz harago, hartutako bidea berresten ari da neguko txapelketa eta asteleheneko jaialdirako dagoeneko ez da sarrerarik geratzen.

Gernikako Katedrala zalez bete da orain arteko hamar jardunaldietan.
Gernikako Katedrala zalez bete da orain arteko hamar jardunaldietan. (Andoni IPARRAGIRRE/GUK JAI ALAI)

Bidegurutze baten aurrean, ohikoak izaten dira zalantzak. Beti dago komeni baino ibilbide malkartsuago bat hartzeko beldurra eta, nola ez, inora ez daraman zidor batetik abiatzekoa. Bere historiako atakarik handienetako baten aurrean aurkitu zen zesta punta duela urte bete eskas, Daniakoarekin, Estatu Batuetako jai alai guztiek ateak itxi zituztenean. Aurreko urteetako udetan izandako esperientziek bultzatuta, inor gutxik sinisten zuen apustu bat egin zuten iaz Gernikan, astelehen arratsaldeetan jaialdiak antolatuz eta arrakasta sekulakoa izan zen. Iparrik galdu gabe, ekindako bidea sendotzea izan zen aurten ezarritako helburua eta, momentuz, publikoaren erantzuna berriz ere itzela izan da. Datuak ezin argigarriagoak dira, orain arte jokatutako 10 funtzioetan 15.000 lagun bildu dira Gernikako «Katedralean» duela ez asko, zalerik baikorrenak ere amestu ezin zitzakeen zifrak.

«Heltzea baino, mantentzea» izaten omen da sarri zailena eta, momentuz behintzat, azterketa hau nota ezin hobearekin gainditzen ari da Winter Series bezala ezagutu dugun fenomeno hau. Eta arrakastaren giltzen inguruan galdetzen hasiko bagina, ziurrenik arrakasta horrek berak ez itsutzea izan daiteke mugarririk nagusienetako bat. Ekimen honen atzetik dagoen Gernika Jai Alai enpresak oso argi izan du hasieratik lehentasuna kirol honen inguruan komunitatea eratzea izan dela. Produktuari errentagarritasuna ateratzea baino, zaleak bildu eta fidelizatzea zela erronka eta horixe bilatu dute sarreren prezioekin. Funtzio bakoitzerako sarrerak 5 eurotan saldu dituzte eta 60 eurogatik txapelketa guztia ikusi ahal izateko bono bat ere jarri dute zaleen eskura, eta txartel hauekin aforo osoaren ia erdia ziurtatu dute. 16 urtez azpikoek gainera, sarrera debalde dute eta honek pilota eskoletako haur pilo bat erakarri ditu.

Telebistaren erakusleihoa ere bultzada ederra izan da, funtzioak 19.30etan izan arren –familian gozatzeko plan ederra eskainiz– ETB-1 ek prime-timean txoko bat gorde die iazko arrakastaren ostean, baina hau guztia alferrikakoa litzateke produktua mimoz zaindu izan ez balute. Dena –musika, speakerra, txapelketaren diseinua...– ikuskizuna emateko diseinatuta daude eta, momentuz, dagokion teklarekin asmatu dutela dirudi. Aurrean zuten ezerezaren aurrean, betiko zaleek, «puristenek» begi onez hartu dituzte berriketa hauek guztiak nahiz eta hasiera batean oso gustukoak ez izan, eta zale berriak erakartzeko ederki funtzionatu dute. Gernika bera proiektuan oso inplikatuta egon arren, edozein astelehenetan Euskal Herriko edozein txokotako zaleak batzen dira Gernikako Katedral ederrean, horietarik asko, gainera, orain arte zesta zuzenean sekula ikusi gabeak.

Sarrerarik ez

Txapelketaren kalitatean eragina izan zezakeela jakin arren, gazteak sartzea izan da aurtengo apustua, bideragarria izaten jarrai dezadan belaunaldi erreleboa ere funtsezkoa izan da, alde horretatik Johan-Del Rio bikoteak ederki erantzun du, eta funtzio bat baino gehiagotan «sarrerak agortuta» txartela eskegi behar izan dute txarteldegian.

Urrutira joan beharrik gabe, asteleheneko saiorako sarrerarik ez da geratzen dagoeneko. Normala ere bada, ziurrenik, orain arteko jardunaldirik erabakigarriena izango baita estelarrean Erkiaga-Zabala eta Olharan-Basquek jokatuko dutena. Azken hauek, dagoeneko, finalerdietarako sailkatuta daude eta egungo txapeldunek garaipena beharrezkoa dute aurrera egin ahal izateko. Partida honi urduritasunez begira egongo direnak Barandika-Lekerika izango dira, Olharan-Basqueren garaipena da bizirik jarraitzeko behar dutena.

Oraindik nortzuk jokatu behar duten ezagutu gabe, finalerdietarako sarrerak airean ari dira agortzen eta finalerako txartelak ez dira oraingoz salmentara atera, baina pentsatzekoa da aitaren batean amaituko direla.