Jon Ormazabal

Behar gorrian ekingo diote 2020ko txapeldunek Binakakoaren bigarren itzuliari

Sakandarrek bi puntu baino ez dituzte lortu lehen zazpi partidetan, horietako bat ostiralean Getarian arerio izango dituzten Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka.

Aurreko asteetako maila hobetu beharko du Martijak garaipenaren lehian aritzeko.
Aurreko asteetako maila hobetu beharko du Martijak garaipenaren lehian aritzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Binakakoa izaten da urteko txapelketarik luzeena eta akatsak egiteko aukerarik gehien ematen duena, baina lehen fasearen erdia gaindituta, badira urgentziak jotako bikoterik. Horietako bat da Joseba Ezkurdia eta Julen Martijak osatutakoa eta 2020ko txapeldunak aurrean ibiltzeko kiniela gehienetan sartzen baziren ere, azken bi postuetatik irteteko borrokan erabat murgilduta daude, bururik altxa ezinda. Azken aurreko postuan dira eta puntu batera dutera dute play-offak bermatzen dituen azken tokia eta irabazteko premia handia da, aurkari zuzenak urruntzen joan ez daitezen. Gauzak horrela, sailkapenak estututa ekingo diote Peio Etxeberria-Rezustaren aurkako partidari ostiral honetan Getarian.

Bi bikote hauek eman zioten hasiera txapelketari Azkoitian eta, distira ikaragarririk gabe izan bazen ere, nafarrek eskuratu zuten lehen puntua, 22-20 gailenduta. Azaroaren 25 urrun hartatik, beste partida bat baino ez dute irabazi, duela hiru aste, Irunen, sailkapeneko azkenak diren Jaka-Arangurenen aurka 22-18. Urantzuko hartan berezkoa duten lehiakortasunaren zantzuak agertu bazituzten ere, espero eta nahi baino bikote bigunagoa osatu dute Aspekoek zazpi aste hauetan eta egoerari buelta eman beharrean dira, berandu baino lehen.

Entrenamenduetan sentsazioak bestelakoak badira ere, kantxan kamuts agertu dira biak, batez ere atzelaria, eta aurreko astean eskuko minarekin atseden hartu ostean, egoerari buelta emateko asmoz dabiltza. Astean zehar, arazoa buruan duela aitortu du etxeberriarrak, nondik datorren ondo ez badaki ere, fisikoki arazorik gabe dabilela, eta txakalaldi horren erroak non diren ahalik eta azkarren topatu beharko du. 

Onena, oraindik garaiz dabiltzala. Bere bikote Ezkurdiak eman diezaioke, inork baino hobeto, horren berri. Iaz, esaterako, garai honetan sailkapeneko azken tokian zen arbizuarra Tolosarekin batera eta, bigarren itzulian lau puntu eskuratuta, finalerdietarako kanporaketara sartzea lortu zuten, nahiz eta Irribarria-Rezustaren aurka ezin izan zuten aurrera egin.

Txanponaren beste aldea

Ondo hastea ona bai, baina erabakigarria ez den beste adibide bat nahiko balute, Getariko arerioei begiratzea baino ez dute. Partidarik irabazi ezinda, Peio Etxeberria eta Rezustak sailkapenaren zuloan eman zituzten lehen hiru jardunaldiak, baina Baikoko bikoteen aurkako lau partidak jarraian irabazita, gora begira dira, sailkapeneko bigarren mailan.

Lur biziko pilotalekua da Getariko Sahatsaga eta kontrakorik pentsa baliteke ere, azken urteetan partida oso luze eta arraroak irten dira –iaz esaterako Urrutikoetxea-Arangurenek 18-10 irabazten partida galdu zuten Peña-Albisuren aurka eta duela bi txanponaren beste aldea bizi izan zuen Zaratamokoak Imazekin, Altuna-Mariezkurrenaren aurka 21-13ko bati buelta emanda– eta burua hotz izateak garrantzia berezia izan dezake puntua eskuratzerako orduan.