Andoni Arabaolaza

Burrunba eragin du Astun, Candanchu eta Formigal lotuko dituen egitasmoak

Talde ekologistek proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta, bide batez, aurreratu dute Canal Royako harana arriskuan egongo dela. Lotune horrek eskiatzeko 300 kilometroko eremua sortuko luke.

Astun, Candanchu eta Formigaleko eski estazioak lotzeko asmoa aspaldiko kontua da. Azkenean, Europatik jasotako funtsei esker, espainiar Gobernuak argi berdea eman dio egitasmo horri. Denera, 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.

Hori da Pirinioetako alderdi horretan aurrera eramango den proiektuaren lerroburu nagusia. Espero zen bezala, berri horrek aldeko eta kontrako iritziak jaso ditu. Talde ekologistek, adibidez, hiru eski estazio horien lotunearen proiektua bertan behera uzteko exijitu dute. Amigos de la Tierra, Ecologistas en Accion, Greenpeace, SEO/Birdlife eta WWF taldeek eginiko elkarretaratze batean espainiar Industria ministroa den Reyes Marotori eskatu diote funts horien inguruko azalpenak eman ditzala: «Berez, funts horiek Canal Roya bezalako haran bat babesteko erabili beharko lirateke, baina proiektu horrekin alderdi hori suntsituko lukete. Eremu hori errekuperatzeko eta transformatzeko planek diote funts horiek ezin dutela faunan zein floran inolako eraginik izan eta klima aldaketara egokitu behar direla. Horregatik guztiagatik, funts horiek egitasmo horretara bideratzen badituzte, Europako Batasunaren eta Espainiaren aurrean salaketak jarriko ditugu».

Gogora dezagun Parke Natural izendatzeko prozesuan dagoela Canal Roya eta, horregatik, talde ekologistek diote izaera horretako ekimenek ez dutela lekurik: «Haran hori arriskuan jartzeaz gain, kontuan hartu behar da klima aldaketarengatik gero eta elur gutxiago dagoela. Egoera horrek elur artifiziala sortzea eskatzen du, eta, denok dakigun bezala, gastu energetikoa eta alderdi horietan dauden hezeguneetan presioa areagotzen dute».

Bide batez, eragile hauek eski estazioek duten negozio eredua zalantzan jarri dute: «Sortzen den enpleguak denbora gutxi irauten du eta, gainera, kalitate gutxi du. Candanchu, adibidez, kiebra egoeran dago, eta beste eski estazio horien negozioa behera joaten ari da. Alde guztietatik begiratuta lotune hori ez da jasangarria, ezta ulergarria ere».

«Atzerritarrak erakarri»

Bien bitartean, Aramon elkarte publiko-pribatuak eta espainiar Gobernuak proiektuaren aldeko iritzia plazaratu dute. Hauen ustez, hiru eski estazio horiek lotzeak Aragoi munduko elitean kokatuko luke: «Unea da mendiko zein natura turismoa nazioartean merkaturatzeko. Egitasmo honekin Alpeetako eski estazioen pare jarriko ginateke. Candanchu, Astun eta Formigalek eskiatzeko eremu oso handia sortuko lukete: 300 kilometrokoa. Atzerritarrak guregana etortzea erraztuko luke; gaur-gaurkoz, kopurua soilik %6koa da. Europako funts horiekin Formigal eta Astun lotzeko telekabina bat eraikiko da. Lehiakortasunak markatzen duen egoera bat besterik ez da. Eskiatzeko kilometro gehiago eta eski estazio batetik bestera ahal den denbora gutxien erabiltzea da aldarrikatzen dena. 300 kilometroko eremu hori indarrean jartzen bada, munduko eski estazioen rankingean hamaikagarren postuan kokatuko ginateke».

Ekologistek ez bezala, Aramon taldeak dio aukera ezin hobea dela sektore horrek aurrera egin dezan: «Gure bezeroen %90 espainiar Estatutik datoz. Gehien bisitatzen gaituztenak madrildarrak dira, eta ondoren euskal herritarrak eta valentziarrak. Datu horiek ez datoz bat Kataluniako Pirinioetan dauden eski estazioen errealitatearekin. Adibidez, Baqueiran eskiatzaileen %30 atzerritarrak dira».