Sergio Iglesias

«Garrantzitsua da kulturan sakontzea, ikertzea; eta zeregin horretan sorkuntza ere badago»

Urtarrilaren 14 eta 15ean, Jon Mayak, Kukai dantza taldeko zuzendariak, eta Andres Marin dantzari flamenkoak elkarrekin sortutako ikuskizuna aurkeztuko da Bilbon, BBK aretoan (urtarrilak 14-15). ‘Yarin’-en euskal dantzak eta flamenkoak elkar topo egiten dute, eszenatokian elkarrizketan aritzeko.

Jon Maya dantzaria.
Jon Maya dantzaria. (NAIZ)

Zelan bururatu zaizue Andresi eta bioi elkarrekin lan egiteko ideia?

Esango nuke istorioa aspalditik datorrela. Alde batetik, Kukai Dantzaren barruan dinamika hori daramagu, kreazio garabide bat eginez, euskal dantzan oinarrituta. Nolabait, zeharka bada ere, flamenkoak egin duen bide horri askotan begiratu izan diot, garapen handia izan baitute flamenko sortzaileek. Beti iruditu izan zait, bai flamenkoa eta bai euskal dantza, bi tradizio oso potente direla eta artearen ikuspuntutik oinarri sendoak dituzten bi herri irudikatzen dituztela. Potentzial handia dute eta euren kultura unibersalitzatzen jakin izan dute. Eta beti pentsatu izan dut noizbait gustatuko litzaidakeela bi kulturen arteko elkarrizketa hori sustatzea… eta hemen da beti buruan izan dudan hori.

Modu puntualean, flamenkoaren munduko sortzaile ezberdinekin harremana eduki izan dut, eta Andresek ere beti aitortu izan du euskal kulturarekiko sentitzen duen erakarpena. Urte dezente dira elkar ezagutu genuela, hitz egiten aritu ginen eta elkarrizketa sakonago bat egitekotan geratu ginen. Geroago, ‘Soliloquios’ proiektuan kointziditu eta elkarri esan genion gogoa genuela bi munduak batzeko, elkar gehiago ezagutzeko eta gu biok elkartuta zer gertatuko zen ikusteko… halaxe egin genuen eta topaketa horren ondoren konturatu ginen gogoa eta material nahikoa zegoela ikuskizun bat sortzeko. Aurrera egitea erabaki genuen.

Zer transmititu nahi zenuten ‘Yarin’ egitean?

Oso garbi genuen flamenkoaren eta euskal kulturaren batuketa horretan klixeak egon zitezkeela, eta gu klixe horietatik kanpoko kultura topaketa bat egiten saiatu ginen, gutako bakoitzak bere sustraietan sakonduz eta bere singulartasun hori mantenduz. Hori da mezu nagusia: oso diferenteak gara pertsona bezala, oso dantza estilo diferenteak ditugu, gure kulturak diferenteak dira, baina era berean, bat egin dezakete, elkarrekin bizi daitezke, eta eremu komun bat sor dezakete… eta saiatu gara eremu komun horiek lantzen.

Nola erakusten dituzue ezaugarri komun horiek ikuskizunean?

Hor nabarmenduko nuke, alde batetik, Julen Achiary Baionako musikaria aritu dela gurekin kantari eta perkusiolari gisa. Julenek Xabi Erkizia artista sonoroarekin batera sortutako musikak eta David Bernuesek sortutako espazio eszeniko eta argiztapenak lagunduta, ‘Yarin’ oso eremu neutro, poetiko edota abstrakto batera eraman da. Gure elkarrizketa hor kokatzen saiatu gara.

«Beti iruditu izan zait flamenkoa eta euskal dantza bi tradizio oso potente direla, eta artearen ikuspuntutik oinarri sendoak dituzten bi herri irudikatzen dituztela»

Zenbat denbora behar izan zenuten proiektua prestatzeko?

Denbora material asko ez dugu behar izan. Aurretik bagenituen hainbat esperientzia elkarrekin konpartituak, eta ziur aski, hitz egindako eta bizi izandako horiek atera dira. Lehengo udan hiru astez elkartu ginen, hiru txanda desberdinetan, eta aurten beste hiruzpalau aste izan dira; prozesu intenso eta azkarra izan da eta oso ‘topera’ egon gara. Harremanetan egon gara etengabe eta, nahiz eta fisikoki elkarrekin ez egon, bakoitzak bere proiektuaren zatiarekin jarraitu du lanean.

Zer garrantzia izan du Sharon Fridmanen parte hartzeak proiektua aurrera ateratzeko?

Sharon aspaldiko ezaguna da. Kukairekin ‘Erritu’ ikuskizuna sortu zuen eta gero elkarrekin lan egin dugu beste proiektu batzuetan; oso baliagarria iruditzen zitzaigun Andresi eta bioi koreografiarako kanpoko begirada bat izatea, eta uste dut Sharonek esentzia oso erraz antzeman duela. Tradizio kontzeptua jaso eta beste leku batera oso ondo eramaten du, eta bere ikuspegia oso baliagarria izan da guretzat.

Azkenean, oso talde ona sortu dugu. Eszenatokian gauden horiez gain, ohiko kolaboratzaileak eta guretzat oso garrantzitsua den jendea eduki dugu: Iker Jimenez jantzietan, Xabi Erkizia musika sorkuntzan, David Bernues argietan, Sharon bera… oso talde homogeneo eta polita da.

 

Jon Maya, ‘Yarin’ ikuskizunean. (Claudia Ruiz Caro)

Flamenkoak zein Euskal dantzak, urteetan zehar, oso ondo eboluzionatu dute. Zer garrantzia izan du fusioak edo uztarketak bizirik mantentze horretan?

Nik esango nuke, lehenik eta behin, bizirik mantentzearen arrazoi nagusia, hain justu, bizirik daudela dela… hau da, ez ditugula iraganeko kontu bat bezala hartzen, baizik eta gure egunerokotasunean presente dagoen zerbait dela, gurekin bizi dena, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela.

Eta, beste alde batetik, transmisio lana ere hor dago, etengabeko eguneratzea. Egunez eguneko transmisio hori ez balego, hasteko, gu ez ginateke hemen egongo. Flamenkoak eta euskal dantzak garapena zentzu askotan eduki dute, estetikoki ere bai, eta horri esker beste disziplina batzuekin edo beste lengoaia batzuekin elkar bizitzeko aukera izan dute, eta hortik ere elikatu dira.

Uste duzu, edozein kultur eremutan, ‘puristak’ arriskutsuak direla?

Niri ez zait etiketak jartzea gustatzen: iruditzen zait gaia sinplifikatzea dela, puristak eta berritzaileak… ez dut zatiketa horretan inondik inora sinisten. Sinisten dut oso garrantzitsua dela kultura ezagutzea, ikertzea eta sakontzea, transmisioa egitea, eta, horren barnean, sorkuntza ere badago. Azkenean, dena dago oso zabalik, eta zabaltasun hori da interesanteena, hori guretzako ondare oso garrantzitsua bihurtzen da.   

«Flamenkoak eta euskal dantzak garapena zentzu askotan eduki dute, estetikoki ere bai, eta horri esker beste disziplina eta lengoaia batzuekin elkar bizitzeko aukera izan dute, eta hortik ere elikatu dira»

‘Yarin’-en estrenaldi ofiziala Sevillan, Flamenco-aren Biurtekoan izan zen. Zein izan zen ikusleen erantzuna?

Hasieratik planteatu genuen estreinaldi bikoitza egitea. Bi parte ditugu, andaluziarra eta euskalduna, eta horregatik, pentsatu genuen ongi egongo litzatekeela bi estreinaldi egitea: bat Sevillan eta beste bat Euskal Herrian, kasu honetan Bilbon, BBK aretoa baita koproduktore nagusia. Orduan, Sevillan lehenengoa egin genuen, eta egia da zoragarria izan zen. Niretzako eremu berri bat zen, flamenko bienala ikusle gisa ezagutzen nuen, baino ez gehiago, eta kasu honetan ikuskizun batekin, nire sorkuntza batekin joatea, Zentral aretoan, estreinaldi batekin… niretzat esperientzia oso potentea izan zen. Kuriositate handia zegoen eta oso hunkigarria izan zen. Ikuskizuna bukatu eta argia itzali zenean, teatro guztia zutik zegoen, eta izugarrizko txalo zaparrada eskaini zuten; gainera, profesionalen artean ere harrera oso ona izan zuen… egia esan, estreinaldi polit horietako bat izan zen. Batzuetan magia gertatu egiten da, eta egun horretan gertatu egin zen.

Mundu osoan zehar zabiltzan arren, oraindik ere berezia da zuretzat Euskal Herrian dantzatzea?

Bai, dudarik gabe. Nire etxea da, hemengoa naiz, hemen bizi naiz eta niretzako, alderantzizkoa da, nahiz eta kanpoan aritu, nik beti lan egiten dut hemendik, hemengoa erakusteko. Horregatik, niretzat, Euskal Herrian lanak erakustea oso berezia da beti eta ilusioz nago. Gainera, Bilboko estreinaldiaren ondoren beste hainbat herritan izango gara: Donostian Victoria Eugenian, esate baterako, eta beste hainbat…

Bilbon egon eta gero, Nimesera eta Kolonbiara joango zarete ikuskizuna aurkeztera. Egiten duzuena kanpoan ulertzen al dute?

Bai, zalantzarik gabe. Azkenean lan unibertsalak lantzen ari gara, gure jarreratik; Kukairen ikuskizunak 30 herrialdetan aurkeztu ditugu eta, kasu honetan, munduan zehar oso ezaguna den beste elementu bat gehitzen dugu: flamenkoa. Argi dago arteak ez duela mugarik, eta hau adibide bat gehiago da.

Bukatzeko, kontatuko diguzu nola sartu zen proiektuan BBK aretoa?

Azken urteetan Maria Goirizelaiaren eskutik lan lerro interesgarri bat abiatu du BBK aretoak. Lehenengo antzezlan bat, ‘Yerma’, ekoiztu zuten; ondoren opera bat eta orain dantza pieza bat ekoizteko asmoa zuten. Harreman ona daukagu eta gu ere zerbait prestatzen ari ginen. Azkenean, bion interesak bat egin zuen eta hementxe gaude, oso pozik, egia esan.