Jon Ormazabal

Defentsa hobeak bigarren pustuari eusteko garaipena eman die Laso-Imazi Labriten (22-16)

Urrutikoetxea-Albisuk sailkapenean atzean utzi dituzte Peña-Mariezkurrena, Buñuelen 22-17 gailenduta. Bere itzuleran, Mariezkurrenak zazpi huts batu ditu.

Aparteko distirarik gabe izan bada ere, Laso nagusi izan da aurreko koadroetan.
Aparteko distirarik gabe izan bada ere, Laso nagusi izan da aurreko koadroetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Binakakoa bezalako txapelketa luze batean normala da jokoan gora-beherak izatea eta halakoetan garrantzitsua izaten da egunik onena ez duzun horietan ere partidak aurrera ateratzeko gaitasuna izatea. Horixe izan da Laso-Imazi Labriten gertatu zaiena, distira handirik gabe ere, oso maldan gora jarri zaien partida bat aurrera ateratzeko gai izan direla, hein handi batean, defentsan aurkariak baino askoz sendoagoak izan direlako. Jaka-Arangurenen kasuan, gora-behera horiek partida beraren barruan izaten dituzte handiak eta sarri gertatu zaien bezala, une batez eskuan izan duten puntuak –7-1 aurreratu dira– ihes egin die berriro ere, sailkapeneko zulotik irteteko aukera ederrari ihes egiten utzita.

Pronostikoak kontra eta lehen sakea eraman gabe utzi duten arren, bikote gipuzkoarrak partida hasiera bikaina jokatu, kantxan eta markagailuan sailkapenak erakusten ez duen nagusitasun bat erakutsiz. Atzean Aitor Arangurenek goitik behera dominatu du Ander Imaz –1-4koan pilota errebotean jarri du aginagarrak– eta aurrean Erik Jaka ere eraginkor aritu da hasiera horretan. Unai Lasok ere akatsen bat egin du eta partida oso maldan gora jarri zaie iazko azpi txapeldunei.

Goitik behera

Baina ez da lehen aldia halakorik gertatzen zaiena eta, aurkariek ezer berezirik egin gabe, nahi baino azkarrago harrapatu dituzte aurkariek Jaka-Aranguren. Egia da partidak gora egin duen eran Imaz hobeto defendatu dela Aranguren pilotakadetaz, oiartzuarrak bigarren partida osatu du jarraian pilotarik galdu gabe, eta Lasok ere gehiago asmatu duela errematean, taktikoki ere zuzenago arituta, baina defentsan biguenegi aritu da bikote gipuzkoarra, bereziki Erik Jaka.

Partida zortzina berdindu ostean, tanto bakarraren aldearekin heldu dira nafarra eta gipuzkoarra aurretik lehen atsedenaldi luzera, baina partidaren nondik norakoa erabat aldatuta zutela zirudien. Hala, 16-12 aurreratzea lortu dute eta kalitateko zenbait tantorekin Jaka-Arangurenek berriz ere partida hamaseina orekatzea lortu badute ere, ez dute partida irabazteko sendotasunik agertu. Beste behin, Erik Jakak partida fisikoki justu xamar amaitu izanaren itxura eman du, zangoez gain buruak ere bere lana egiten du halakoetan, txaparekin ere zorte handirik ez eta erraztasunak emanda, Laso-Imazek ez diete barkatu.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 22

Jaka-Aranguren: 16

Pilotakadak: 560. Iraupena: 68,46 minutu. Markagailua: 1-0, 1-7, 4-7, 4-8, 8-9, 9-9, 9-11, 13-11, 13-12, 16-12, 16-16, 22-16. Sakeak: 4 Lasok eta 0 Jakak. Egindakoak: 7 Lasok, 0 Imazek, 7 Jakak eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 6 Lasok, 0 Imazek, 7 Jakak eta 3 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen sakea gorri.

Urrutikoetxea-Albisuk, euren aldetik, sailkapenean atzean utzi dituzte Peña-Mariezkurrena gora behera handiko beste partida batean, nahiz eta kasu honetan beteranoak une guztian markagailuan izan. Kasu honetan, hamabina berdinduta egon ostean, gorriak 21-13 ere aurreratu dira eta azkenerako nahi baino gehiago kosta zaie merezi zuten garaipena istea.

Huts askotxoko partidan, Urrutikoetxeak egin du distirarik gehien erasoan, denera zortzi tanto amaituta, baina batez ere sendotasuna eta aurkariek baino askoz gutxiago oparitzeak erraztu die bidea. Arlo honetan, aurreko astean eskuko minez jokatzerik izan ez zuen Jon Mariezkurrenak zazpi pilota bota ditu, Peñak beste hiru, eta maila honetan oso zaila da erraztasun hauek emanda partidak aurrera atera ahal izatea. Txapelketa bikain hasi ostean, kezkatzeko moduko ibilbidea marrazten ari dira tolosarra eta Berriozarrekoa.

 

Urrutikoetxea-Albisu: 22

Peña II.a-Mariezkurrena: 17

Pilotakadak: 65,47. Iraupena: 610 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 3-2, 3-4, 5-4, 5-5, 5-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-10, 12-10, 12-12, 18-12, 18-13, 21-13, 21-17, 22-17. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 1 Peña IIak. Egindakoak: 8 Urrutikoetxeak, 3 Albisuk, 6 Peña II.ak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 4 Urrutikoetxeak, 4 Albisuk, 3 Peña II.ak eta 7 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera polita Buñuelgo Manolo Malo pilotalekuan.