NAIZ

Barrenetxea IV.a da faboritoa larunbatean hasiko den Masters Txapelketa irabazteko

Urriza oraindik ez dago sasoian eta ez du jokatuko Kutxabank Mastersa. Beraz, Ezkurra II.a, Azpiroz eta Ansa II.a izango ditu aurkari aurreligaxka, ligaxka eta finala –otsailaren 18an– jokatuko diren bost partidez osatutako txapelketan.  

Kutxabank Masters txapelketan parte hartuko duten lau pilotariak.
Kutxabank Masters txapelketan parte hartuko duten lau pilotariak. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI 2010)

Endika Barrenetxea hernaniarra da faboritoa astelehen honetan Galarretan aurkeztu den Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko. Lau erremontistek jokatuko dute eta guztira bost partida izango dira. Ezkurra II.a, Azpiroz, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a dira txapelaren bila ariko diren lau erremontistak eta Banakakoan txapeldun izan zen Urriza ez dago partaideen artean. Iruindarrak ez du bere burua sasoian ikusten buruz buru jokatzeko nahiz eta binaka hasiko den jokatzen larunbatean bertan.

Masters Txapelketa larunbatean hasiko da aurreligaxka batekin. Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira protagonistak eta bien arteko partida irabazten duenak hiruko ligaxkara pasako da eta galtzailea kanporatua izango da. Ligaxkan hiru erremontista ariko dira. Barrenetxea, Ansa eta larunbateko aurreligaxkako irabazlea.

Hiru pelotarik hartuko dute parte ligaxkan eta denek denen aurka jokatuko dute urtarrilaren 28an, otsailaren 4an eta otsailaren 11n. Puntuaketa sistema erabiliko da. Hala, partiden irabazleek lau puntu lortuko dituzte, 29tik 27 tanto artean egiten dituztenek bi puntu batuko dituzte, 26tik 24 tantora puntua lortuko dute, 23tik 17 tantora ez da gehituko punturik eta 16 tanto edo gutxiago eginez gero, puntu negatiboa izango da sailkapenean.

Ligaxkan lehen bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute Masters txapelketaren finala. Bi erremontisten artean puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partida irabazi duen pilotariak lortuko du aurretik geratzea. Hiru erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontutan.

Finala, otsailaren 18an Galarretan

Ligaxkan lehenengo bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute 2023ko Kutxabank Masters txapelketaren final handia, otsailaren 18an Galarretan.

Barrenetxea IV.a da hautagai nagusia eta aurkarien artean Ansa da emaitzarik onenak lortu dituena azken urteetan. Iaz, bien artean jokatu zen finala eta hernaniarrak lortu zuen txapela. Bi txapela jantzi ditu (2020an eta 2022an) eta hirugarrena eskuratu nahi du. Gainera, azken bi final handietan txapeldunorde geratu da eta arantza hori atera nahiko du atzelari hernaniarrak.

Lehen aipatu bezala, Urrizak txapelketa jokatu ez arren, bere errekuperazioa bide onetik joan da eta larunbatean bertan itzuliko da. Binakako partida bat jokatuko du eta ez nolanahikoa. Larrañagarekin batera, Segurola eta Barrenetxearen aurka jokatuko dute, Ezkurraren eta Azpirozen artekoaren aurretik.