Jon Ormazabal

Ezker gantxoa berreskuratu du Irribarriak, garaipenaren xendra Zabaletak

Etxarrengo atzelariaren lan bikaina baliatu du aramarrak, denera 13 tanto egin ditu, horietako 6 ezker airez, eta Ezkurdia-Martija burua altxa ezinda utzi dituzte.

Iker Irribarriak partida dotorea jokatu du txapelketarako itzulerakoan.
Iker Irribarriak partida dotorea jokatu du txapelketarako itzulerakoan. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Bi bikoteetako batentzat osagarria behar zuen Urdulizeko partidak Elordi-Zabaletaren lidergoa –Irribarria aritu da mallabitarraren ordez– eta Ezkurdia-Martijaren berretsi ditu. Zazpi punturekin lehen postua ia ziurtatuta duten mallabitarra eta etxarrendarraz harago, hirugarren pilotari batek ere, Iker Irribarriak, pozik egoteko motiboak baditu, garaipenaz eta emandako itxura onaz harago, aspaldi luzean erabat desgaitua zuen ezker gantxoa berreskuratu baitu, etorkizunean halako partida gehiago jokatu ahal izateko baliagarria baino, beharrezkoa izango duen arma. Denera sei tanto lortu ditu aramarrak jokaldi honekin, bere eraso baliabideak bere bolea bortitza baino gehiago direla erakutsiz, batez ere bere buruari.

Hori bai, ezin gainetik pasa aurrelari batek bere buruarengan konfiantza berreskuratzeko izan dezakeen atzelaririk egokiarenaren laguntza izan duela goierritarrak, Jose Javier Zabaletak beste behin zazpiaz atzetik izan baitu beste atzelaria, kasu honetan bere maila berreskuratu ezinik dabilen Julen Martija, eta horrek aukera egokiak bermatzen ditu. Baina aukeratzen jakin behar izan da eta aukeratutakoan asmatu eta denean ibili da gaur egoki Iker Irribarria.

Zabaletak agindu, Irribarriak amaitu

Egia da partida hasieran kosta egin zaiola pixka bat txapelketako erritmora jartzea gipuzkoarrari eta Ezkurdiak partidari jarri nahi izan dion erritmoan apur bat itota, lehia orekatu xamar hasi dela. Hala ere, berdintasun horrek ez du askorik iraun, 8-7koaren ondoren, aramarrak eta Zabaletak eurei gehien komeni zitzaien jokoa kantxaratzeko gain izan baitira.

Eta, ohikoa duen eran, Jose Javier Zabaleta partidaren jabe egin den une horretatik bertatik, urdinen abantailak gora egin du nabarmen. Urdulizekoa bezalako frontoi luze batean, Irribarria eta etxarrendarraren kolpea erabat nagusitu dira jokoan eta, beste behin, Ezkurdia eta Martija erantzunik gabe geratu dira.

Gaur ere saiatu diren arren, 2020ko txapeldunek txapelketari neurria hartu ezinik jarraitzen dute eta gaur ere errazegi egin die ihes partidak. Aurrean zein atzean, aurkariak baino askoz gutxiago izan dira eta, oraindik erreakzionatzeko astirik geratzen zaien arren, azken bi postuei ihes egitea gero eta zailagoa jartzen ari zaie.

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Martija: 11

Irribarria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 456. Iraupena: 50,40 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 5-4, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-13, 8-13, 8-15, 11-15, 11-22. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Irribarriak. Egindakoak: 4 Ezkurdiak, 1 Martijak, 12 Irribarriak eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 3 Martijak, 3 Irribarriak eta 1 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera erdi inguru Urdulizko pilotalekuan. Lehen sakea gorri.