NAIZ

Bera Beraren mendekua Malagan, merituzko berdinketa Zuazok eta porrot latza Beti Onakek

Bera Berak garaipen garrantzitsua erdietsi du bigarren itzuliari hasiera eman dion jardunaldian, Malagan (23-25). Hala, arerio zuzena izan zitekeena, zazpi puntura aldendu du. Zuazok merituzko puntua batu du Rocasaren aurka (28-28) eta Beti Onak-ek azken sailkatuaren aurka porrota jaso du (23-20).

Mada Fernandez-Agustik egin du azken berdinketaren gola Zuazorentzat, penalti puntutik.
Mada Fernandez-Agustik egin du azken berdinketaren gola Zuazorentzat, penalti puntutik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bera Berak geldiezin jarraitzen du ligan. Lehen jardunaldian Malagaren aurka, etxean, galdu zuenetik garaipenak besterik ez ditu lotu talde donostiarrak. Eta, hain zuzen ere, bigarren itzuliari hasiera eman dion jardunaldian, mendekua hartu du Malagan, 23-25 irabazita. Hala, are liderrago jarri da ligako sailkapenean, bigarren sailkatua, Rocasa, bost puntura daukala, honek Zuazoren aurka berdindu ostean.

Dena den, gogoratu behar da aurten, estreinakoz, play-off formatuan erabakiko dela liga eta beraz, txapelketa erregularrean lehen geratzeak 8. sailkatuaren aurka jokatzeko «erraztasuna» ematen duela soilik, eta beraz, kanporaketa horietan hasiko dela benetako borroka.

Hala ere, inoiz ez da albiste txar bat sailkapenean nagusi izatea eta are gutxiago, arerio zuzenen aurka irabazteko gaitasuna erakutsiz gero. Azkenaldian, horixe ari da egiten Bera Bera eta horregatik dauka garrantzia Malagako garaipenak; lehen itzuliko arantza kentzeaz gain, etorkizunean lehiatu behar izanez gero, irabaztea zer den erakutsi duelako, mamu guztiak uxatuz. Superkopako garaipenak ere, hein handi batean, horretarako balio izan zuen (25-26).

Argi dagoena da Imanol Alvarezen taldea sasoi betean dagoela eta izutu, izutzekotan, orain berak egiten duela. Lehen zatiaren hasieran zalantza batzuekin aritu eta etxeko taldea aurretik jarri da. Denbora dezentez mantendu du aldea baina Silvia Arderiusen kanporatzeak min eman dio. Erdiko jokalari madrildarraren hutsunea oso ondo probestu du Bera Berak, lau gol jarraian egin eta markagailua iraultzeko (11-13). Malena Cavorekin batera, talde iritsi berriak diren Elke Karsten (bera izan da taldeko golegile nagusia, 5 golekin) eta Marie Louis izan dira golegileak.

Bi goleko alde hori bigarren zatiko 15. minutura heltzear murriztu dute etxekoek, Dos Santosen bi golekin. Maitane Etxeberria eta Esther Arrojerian golek berriro aurretik jarri dute Bera Bera baina Malagak ez du amorerik eman eta bost minuturen faltan berriro berdindu du markagailua. Hala, berriro agertu dira donostiarren azken bi fitxaketak 21-23koa jartzeko eta bukaeraraino mantendu dute errenta.

Latzenean ere, erantzunez

Egoera latzenetan ere aurpegia emanda. Halaxe erantzun du Zuazok pistan, borrokatzea dagokion lekuan, bigarren sailkatuaren aurka merituzko puntua lortuta. Partida osoan zehar atzetik joan da Barakaldoko taldea eta beste porrot bat jasotzeko bidean zegoenean, barneko grina atera eta partida berdintzea lortu du. Azken bi minutuetan 3-0eko partziala ezarri dio ligako talde indartsuenetako bati. 

Alba Sanchezek eragindako 7 metrokoan ez du hutsik egin Mada Fernandez-Agustik eta ondoren, defentsan ondo aritu dira etxekoak, 10 segundoren faltan Rocasa aukerarik gabe utzita. Gogotik ospatu dute puntua bizkaitarrek, aste gogor baten ostean –egoera ekonomikoa eskasa da klubean eta jokalariek komunikatu bat atera zuten– pistan zer egiteko gai diren erakutsi eta, nolabait esatearren, gainetik pisu bat ere kendu dutelako.

Hala ere, azkenaurreko postuan bukatuko dute jardunaldia, bigarren itzuliko lehendabizikoa, Granollersek irabazi egin baitio Atletico Guardes triste bati (21-14). Albiste pozgarriena, ordea, horixe bera da, galiziarrek galdu ondotik, jaitsiera fasea jokatzea saihestea soilik bi puntura daukatela, nahiz eta tartean beste bi talde dauden. Horietako bat, hain zuzen ere, Beti Onak talde nafarra.

Azkenaren etxean, porrota

Beti Onakek ez du nahi bezala hasi bigarren itzulia, azken sailkatuaren etxean galdu ez ezik, jaitsiera fasea jokatzeko postuetan jokatzen baita. Lehen itzuli paregabea egin ostean, azken lau partidetan ez du garaipenik eskuratu eta zalantzak argitara atera dira.

Oraindik garaipenik batu gabe zegoen Grafometal La Riojaren aurka galdu dute nafarrek. berriki, Silvia Ederra pibote beteranoa fitxatu dute errioxarrek baina gaurkoan ezin izan du jokatu. Ondo hasi dute partida Atarrabiakoek baina lehen zatiaren azken txanpan, lortutako bi goleko errenta ezerezean geratu eta gol bategatik irabazten iritsi da atsedenaldira etxeko taldea.

Bigarrenean, Beti Onakek hamaseinako berdinketa ezartzea lortu duen arren –Sans eta Ainhoa Garciaren golei esker–, etxekoek errazegi lortu dituzte golak eta segituan hartu dute aurrea markagailuan. Hala, jada beranduegi izan da erreakziorako.