Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Erreforma onartzeko prozesu azkarra, zangopilatu gabe, ezeztatzeko aukerak

Elisabeth Borneren egitasmoa datorren astelehenean helduko da ministroen kontseilura. Han onespena jasoko duenez, Legebiltzarrerako bidea hartuko du 64 urte arte erretiro adina gibelatzea aurreikusten duen erreformak. Sindikatuak azkar jokatzera behartuta daude.

Pentsioen erreformaren aurkako mobilizazio jendetsua Parisen.
Pentsioen erreformaren aurkako mobilizazio jendetsua Parisen. (Alain JOCARD | AFP)

Frantzia Intsumisoa-ko (FI) Clementine Autain diputatuak atzo aitortu zuen Erretreten Sistemaren erreforma arbuiatzeko antolaturiko lehen mobilizazio azkarrari «1995eko usaina zeriola». Orduan lehen ministroa zen Alain Juppek langile publikoen pentsio sistema jomugan jarri zuen erreforma eman zuen martxan. Izan ere, langileen greba iraunkorrak, alde batetik, eta karrikak bete zituzten manifestarien bulkadak, bestetik, erreformaren kapitulu nagusiak bertan behera uztera eraman zuten.

Handik dozena bat urtera, ordea, Nicolas Sarkozyren Gobernuak funtzionarioen erregimena aldatzeko bigarren saiakera erreusitu zuen. Hala eta guztiz ere, hamarkada bateko menia lortu zuten langile publikoek.

Belaunaldi bakoitzak bere banderak behar ditu aukeratu, eta, Jean-Luc Melenchon bere erretiro politikoa gero eta maizago aipatzen duen unean, lidergo gazteak sustatzearekin batera garaipen posibleak irudikatzeak berebiziko garrantzia hartzen du. FIren baitan, eta oro har ezkerraren populuan. Barne Ministerioaren arabera 1,12 milio herritar karrikara atera ziren, herenegun, erreformak jasotzen dituen neurriak haien bizitzen aurkakoak direla agerian jarriz.

Oso bestelako sektoretako langileek justiziaren aldeko lelo orokorren atzean desfilatu zuten. Hainbatek haien lan baldintza gogorrak azaleratu zituzten eskuz eginiko afixen bidez. Sare sozialen garaian iruzkinek sarritan gaina hartzen diote mezu nagusiari. Lyon, Marseilla, Rouen, Tolosa, Rennes... Paristik kanpo beste hainbat hiri, handi zein ertain, hala nola Baiona, bigarren mailako mezu mamitsuez bete ziren. Mobilizazio anitzak osatu zituzten herritarrek, sindikatuek finkaturiko protesta eskemari onespena emanez.

Parioa erreusitu ondoren sindikatuek bigarren data jarri dute egutegian: urtarrilaren 31. Goiz edo urrun da? Intersindikalaren baitan oso bestelako ibilbidea duen sindikatu sorta biltzen da. Frantses Gobernuarekin elkarrizketa haria inoiz guztiz eteten ez duen CFDTk osteguneko mobilizazioaren arrakasta kuota bat aldarrikatu zuen, zeharka bada ere, iluntzean eginiko bilkuran.

Urtarrilaren 31n bigarren deialdi orokorra finkatuz, ukabila altxatuta ere, CFDT eskua luzatzeko prest dela iradokitzea gehiegitxo izan daiteke. Balio beza hipotesi honek ohar egiteko batasun sindikala higatzeko balizko azpijokoen aurrean tentu handiz jokatu beharko duela intersindikalak.

Sindikatu nagusiak data markatu arren, eredu sindikal borrokalaria ikurtzat duen CGTk bateragarritasun klausula jaso zuen, nonbait, oinarrizko sektoreetan grebak izan zuen jarraipen polita argudio gisara erabilita. «Azkar eta bizkor jo behar dugu, berehala». Nathalie Verdeil sindikatuko idazkari konfederalaren hitzek erakusten dute erritmoaren gainean badela zer hausnartu.

Elisabeth Bornek datorren astelehenean, urtarrilaren 23an, kontseiluen ministroan aurkeztuko du «bukaeraraino» eraman nahi duen erreforma egitasmoa. Behin gobernuaren onespena jasota, Legebiltzarrera bideratuko da eztabaida.

Tramitazio azkarra hobetsi du, martxoaren hondarrean zirt edo zart prozedura itxita izan nahi lukeen exekutiboak. Egutegia laburtuz, eztabaida demokratikoari errespetu gutxi adierazteaz gain, erreforma trabatzeko aukerak murriztu nahi dituela agerian jarri du azkenaldian dekretuaren bidez gobernatzeko erreparo handirik jarri ez zion lehen ministroak. Baina erretreten erreforma ez da edozein lege, eta testuingurua ere ez da edonolakoa. 1995az geroztik, erreforma bakoitzak erantzun handia eragin du kalean.

Lan munduan izan diren aldaketa handiak eta gizartean garatu diren jite pertsonalistak motibazio soziala hausteko gai izango zirela parioa egin zutenek porrot egin dute. Jakinik ere mobilizazio handi batek ez duela bermatzen, berez, garaipena, indar korrelazioa eraikitzeko aukera eskuratu dute sindikatuek.

Zilegitasunaren auzia Iazko hauteskundeetan erabateko gehiengoa lortu ez zuen Macronek zilegitzat jotzen du bere programan agertzen zen erreforma.

Alta, karrikatik heldutako ezezkoak beste joko eremu bat zabal dezake. Erretreten Sistemaren Kontseiluak ez du babesten pentsioak finantziatzeko arriskuari buruz Gobernuak eman duen argudioa. Horrekin batera, proiektuaren mamian sartu gabe ere, tramitazio espres bati ekiteko aukera zalantzan eman du Laurent Fabius Kontseilu Konstituzionaleko buruak. 47.1 artikuluan oinarrituriko prozedurak legezkotasunari buruzko zalantzak agertuz gero, Les Républicains (LR) alderdiaren konplizitatea lortuko luke Gobernuak bere testua azkar-azkar onarrarazteko?

Urgentzia kudeatzea eta presaz aritzea ez dira gauza bera. Horrendako, kale taupada guztiz isilarazi gabe, agintarien jarrera hertsiak dakarren blokeatze arriskua irudikatzeko hainbat ekintza baztertu gabe, neke soziala indar bilakatzea xede dutenek noiz eta nola jarraitu bidea patxada galdu gabe planifikatzeko hautua egin dute. Batasun anitzetatik.