NAIZ

Bizilagun txinatarrei urte berria zoriontzeko formulak

Txinatarrek Untxiaren urtea hasi berri dute eta ospakizunak otsailaren erdialdera arte luzatuko dira. Gure bizilagun horiei urte berria zoriontzeak ilusio handia egiten die eta guri ez zaigu ezer kostatzen. China Cochina Twitter erabiltzaileak esan ditzakegun esaldi batzuk zabaldu ditu.

New Yorkeko Chinatowneko ospakizunak.
New Yorkeko Chinatowneko ospakizunak. (Ed JONES | AFP)

Gizarte okzidentalean 2023. urtea urtarrilaren 1ean hasi genuen, baina egutegi txinatarren arabera 4721. urtea hasi berri da. Horrek ilargiaren zikloa du oinarrian; atzo hasi zen eta 2024ko urtarrilaren 9ra arte iraungo du. Aurtengoa Untxiaren urtea da.

China Cochina Twitter erabiltzaileak sare sozialean zabaldutakoaren arabera, ospakizunek 15 egun irauten dute eta egunik garrantzitsuenak lehena eta azkena dira. Hala ere, egun batzuk lehenago hasi eta otsaila bukaera arte urte berria zoriontzea egokia da.

Izan ere, bideo bat egin du azaltzeko zein garrantzitsua den Txinatik kanpo bizi diren txinatarrentzat euren bizilagunek urte berria zoriontzea, keinu txiki horrek errespetatuak eta maitatuak sentiarazten dituelako.

Hori dela eta, gure herrikide txinatarrei esker ona adierazi nahi badiegu, egun hauetan zer esan dezakegun irakasten du. Hala, hiru esaldi posible proposatu ditu: erraza, «xin nian hao» (‘sin nian jau’ bezala irakurria); maila aurreratuagoa dutenentzat, «chun jie kuai le» (’chuen yie kuai le’); eta adituen mailan, «tu nian da ji» (‘tu nuan da yi’). Gure zorion agurrari zerbait gehitu nahi badiogu, «gong xi fa cai» (‘kon shi fa sai’) esan dezakegu, bereziki negozioren bat dutenei zuzendutakoa.

«Jende askok galdetu dit ea nola eta noiz zoriondu diezaiokedan urte berria nire lagun, lankide, dendari edo jatetxeko langile txinatarrari bera zoriontsu egiteko. Nik asko eskertzen dut intentzioa», dio 2008tik geroztik Madrilen bizi den China Cochinak.

«Nire lehen urtean ikaskide batek besterik ez ninduen zoriondu. Zure herrialdetik kanpo bizi zarenean, berdin du zenbat urte pasatu diren, detaile txiki hauek hunkitu egiten zaituzte. Egun gero eta leku gehiago ditugu urte berria ospatzeko, benetako janari txinatarra duten jatetxeak eta ondo antolatutako ekitaldiekin. Eta honek ere ilusio handia egiten dit, gure aldetik, integraziorako eta, zuen aldetik, maitasun eta onarpenerako keinuak direlako», azaldu du bideoan.

Era berean, komentarioetan esan du berak txinatarrak zoriontzeko proposamenak egin baditu ere, gure hizkuntzan «urte berri on» soil batek ere sekulako ilusioa egiten diela, eta asko eskertzen dutela.