Ingalaterrako andreen ligan asteburuko lehia erdiak ez dira jokatu zelaiak izoztuta daudelako

Women's Super Leagueko (WLS) sei partidetatik hiru bertan behera geratu dira. Chelsea-Liverpool, Tottenham-Leicester City, eta Brighton-Arsenal. Hayes Chelseako entrenatzaileak aldarrikatu du badela «garaia» lur azpiko berogailua jartzeko Ingalaterrako ligako neurketa guztietan.

Kingsmeadow Chelseako estadioan pasa den igandean jarri zuten estalkia, Chelsea-Liverpool neurketaren aurretik.
Kingsmeadow Chelseako estadioan pasa den igandean jarri zuten estalkia, Chelsea-Liverpool neurketaren aurretik. (Zac GOODWIN | EUROPA PRESS)

WSLko pasa den asteburuko sei partidetatik hiru bertan behera geratu ziren zelaiak izoztuta zeudelako. Chelsea-Liverpool, Tottenham-Leicester City, eta Brighton-Arsenal neurketakoak, hain zuzen ere. Horien artean, entzutetsuena izan da Londreseko eta Liverpooleko taldeen artekoa, norgehiagoka hasi eta sei minutura epaileak erabaki baitzuen partida bertan behera geratzea, argudiatuta zelaia «arriskutsua» zegoela.

Emma Hayes Chelseako entrenatzaileak BBC hedabidearekin hitz egin zuen partida bertan behera geratu ostean, eta zorrotz mintzatu zitzaion Ingalaterrako Futbolarien Elkarteari (FA): «Hasierako minutuetatik ikusten zen zelaia izotz pista bat zela. Entrenatzaileek ez dute erabaki behar partida jokatu edo ez, hori FAren eta funtzionarioren esku dago. Neurketak ez zuen inoiz hasi behar. Denok nahi genuen jokatu lehia, baina emozioek baldintzatzen dutenean bakoitzaren nahia, orduan goitik hartu behar da erabakia. FA ez zegoen hemen –zelaiean–, eta hor egon behar du erabakiak hartzeko».

Hayesi erantzun bat emanez, FAk azaldu zuen zelai batean jokatzea segurua den edo ez erabakitzea partidako epailearen esku dagoela, eta ez dela WLSren edo ligako taldeek hartu beharreko erabakia.

FAri kritika egiteaz gain, Hayesek aldarrikatu zuen badela «garaia» lur azpiko berogailua jartzeko WLSko partida guztietan: «Seriotasunez hartu behar dugu gure jokoa. Izan ditzakegu makinak elurra kentzeko, eta estalkiak, baina ez da nahikoa». Matt Beard Liverpooleko entrenatzaileak, Chelseakoaren antzera, salatu zuen partida hasteko erabakiak jokalarien segurtasuna «arriskuan» jarri zuela.

Gertatutakoaren inguruan, FAk eta WSLk azaldu zuten epaileak zelaia lehen aldiz ikuskatu zuenean, partida bertan behera uztearen aldeko hautua egin zuela. Epaileak, baina, iritziz aldatu zuen jokalariak partida aurreko beroketa hasi baino lehen. Izan ere, berdegunean estalkia jarri zuten, eta berogailua piztu zuten zelaian zegoen izotza kentzen saiatzeko. Hala, bigarren ikusketa bat egin ondoren, epaileak erabaki zuen neurketa jokatzea.

Aipatzekoa da Chelseako jokalariak ez zutela beroketa egin berdegunean bertan, baizik eta beste zelai batera joan zirela. Partida hasi bezain pronto, jokalariak irrist egiten hasi ziren, eta hori ikusita, epaileak neurketa gelditzea erabaki zuen. Hala, bi taldeekin eztabaidatu ostean, lehia bertan behera uzteko agindu zuen.

Gertatutakoaren ostean, Chelseako zenbait jokalarik haien ezinegona adierazi zuten sare sozialen bitartez. Erin Cuthbert Chelseako erdilariak esan zuen «haserre eta zapuztuta» zegoela. Harago joan zen Millie Brigth Chelseako atzelaria, eta salatu zuen gertatutakoa «onartezina» zela: «Gehiago eskatzen dugu gure jokorako. Hobeto egitea [hizki larriz]. Eskerrik asko neurketara gerturatu zareten zale guztiei, eta barkatu jazotakoagatik».

Bide beretik, Fran Kirby Londreseko taldeko aurrelariak esan zuen jokalarien segurtasuna «lehentasun» izan behar duela beti. Aldi berean, gehitu zuen «zorionez» inork ez zuela min hartu, eta erabaki «zuzena» hartu zela azkenean. Horrez gain, aldarrikatu zuen emakumezkoen futbolak «gehiago» merezi duela, eta ez diotela utziko borrokatzeari.

Beste taldeetako jokalarien erreakzioak

Ikusita WSLko asteburuko partida erdiak bertan behera geratu zirela, gainerako klubetako zenbait jokalari ezagunek ere berehala altxatu zuten ahotsa sare sozialetan. Horietako bi izan ziren Beth Mead eta Vivianne Miedema Arsenaleko jokalariak. Meadek adierazi zuen Europako ligarik onenetariko batean partidak bertan behera uztea zelaiak izoztuta daudelako ez dela zilegi, eta oraindik ere «bidea dagoela egiteko». Era berean, Miedemak arazoaren aurrean, bi irtenbide proposatu zituen: lur azpiko berogailua jartzea edo gizonen estadioetan jokatzea.