Premier League da alde handiz liga aberatsenen artean aberatsena

Deloitte enpresak urtero egiten duen txostenaren arabera, futboleko gizonezkoen historian aurreneko aldiz, munduko hogei klub aberatsenetatik erdia baino gehiago Premier Leaguekoak dira. Manchester City da 2021-2022 sasoian diru-sarrera gehien jaso dituena (731 milioi euro), bigarrenez jarraian.

Kevin de Bruyne Manchester Cityko jokalaria eta Luke Shaw Manchester Unitedekoa hilabete honetan Old Trafforden jokatu zuten derbian.
Kevin de Bruyne Manchester Cityko jokalaria eta Luke Shaw Manchester Unitedekoa hilabete honetan Old Trafforden jokatu zuten derbian. (Martin RICKETT | EUROPA PRESS)

Taldeen arteko lehiakortasunak egiten du berezi Premier Leaguea. 'Big six' deituriko taldeetako edonork irabazi dezake liga –Manchester City, Liverpool, Chelsea, Arsenal, Manchester United eta Tottenham–, eta horietako batek baino gehiagok ezustekoren bat izan sailkapenean azken postuetan doan talderen batekin. Hain justu, horrek egiten du berezi txapelketa. Gainerako herrialdeetan, urrutira joan gabe, besteak beste Frantzian eta Espainian, bi talde aritzen dira ligako kopa altxatzeko lehian. Frantziaren kasuan, PSGk azken urteetan ez du areriorik izan, eta Espainian, Bartzelonaren eta Real Madrilen mailara hurbildu den bakarra Atletico de Madril izan da. 

Ingalaterrako liga lehiakorra izatean eragina du diruak; aurrekontuari dagokionez talde baten eta bestearen artean ez dagoelako hainbesteko aldea gainerakoetan dagoen bezala. Hala, Deloitte enpresak urtero egiten duen txostenak hori besterik ez du berretsi: Ingalaterrako taldeak direla aberatsenen artean aberatsenak.

Futboleko gizonezkoen historian aurrenezko aldiz, munduko hogei klub aberatsenetatik erdia baino gehiago Premier Leaguekoak dira. 2021-2022 denboraldian Manchester Cityk eusten dio lehen postuari, bigarren urtez jarraian, 731 milioi euroko diru-sarrerekin. Real Madril du atzetik, 713, 8 milioi eurorekin, eta Liverpool da hirugarrena. Jürgen Kloppen taldeak jauzi handia egin du iazko sasoitik hontara; zazpigarren postutik hirugarrenera igaro baita, 701,7 milioi eurorekin, eta estreinako aldiz ere, aurrea hartu dio Manchester United taldeari. Liverpoolen diru-sarrerak handitu izana ulertzen da, hein handi batean, Txapeldunen Ligako finalera iristeagatik jaso zuen dirua telebista eskubideengatik, eta etxean jokatutako partidetatik gutxi gorabehera 88 milioi euro zakuratu izanagatik.

Lehen hamarren artean sartzen diren Ingalaterrako ligako gainerako taldeak dira Manchester United, Chelsea, Tottenham eta Arsenal. West Ham, Leicester, Leeds, Everton eta Newcastle klubak ere sartzen dira diru gehien duten lehen hogeiko zerrenda horretan. Ingalaterratik kanpo, Real Madril taldeaz gain, PSG (bosgarrenean), Bayern Munich (seigarrenean), Bartzelona (zazpigarrenean), Juventus (hamaikagarrenean), Atletico Madril (hamabigarrenean), Borussia Dortmund (hamahirugarrenean), Inter Milan (hamalaugarrenean), eta AC Milan (hamaseigarrenean) ere daude.

Deloitte enpresak urtero egiten duen Football Money League (Futboleko Ligen Dirua) txostenak eman ditu datu horiek, eta 27 urte dira hori egiten dutela. Iazko sasoiarekin alderatuta, diru-sarreretan %13ko igoera izan dute zerredan dauden Ingalaterrako klubek. Igoera hori, hein handi batean, izan da covid-19aren osteko lehen denboraldian zaleak estadioetara itzuli direlako. Izan ere, partida egun bakoitzeko, 111 milioi eurotatik, 1,4 mila milioi eurotara igo da bildutako diru kantitatea.

Zal Udwadia Deloitteko kirol enpresa taldeko zuzendariordeak 'The Guardian' egunkariari jakinarazi dioenez, «ingelesen nagusitasun horrek ez du aurrekaririk»: «Premier League hazten ari da dirua inbertitzen ari direlako, gero eta emanaldi-eskubide gehiago dituztelako, eta hala, mundu mailan erakargarri izaten lortzen ari direlako. Beste liga batzuek neurriak aztertu dituzte taldeen artean dagoen arrakala hori gainditzeko, baina oraindik hazteko bidean daude». 

«Premier League hazten ari da dirua inbertitzen ari direlako, gero eta emanaldi-eskubide gehiago dituztelako, eta hala, mundu mailan erakargarri izaten lortzen ari direlako»

Horrez gain, Udwadiak nabarmendu du egindako hogei kluben sailkapena 30era zabaltzen badute, Premier Leagueko hamasei klub egongo liratekeela. Beraz, haren ustetan, denbora kontua da Ingalaterrako gorengo ligan dauden hogei taldeak munduko 30 klub aberatsenen zerrendan sartzea.

Tim Bridge Deloitteko kirol enpresako bazkideak, bere aldetik, ikerketaren datuen berri jakin ostean, jomugan jarri du ea gainerako ligek inoiz harrapatuko ote duten Ingalaterrakoa. «Munduan dauden milioika jarraitzaile erakartzen segitzen du Premier Leaguek, eta bertako klubek abantaila handiagoa dute nazioarteko aurkariekiko. Orain kontua da ea beste liga batzuek arrakala itxi dezaketen, nazioarteko komunikabideen eskubideen gidaritza hartuta, edo Premier League ia ukiezina bilakatuko den, diru-sarrerei dagokionez».

Bridgek ez du uste egungo egoera asko aldatuko denik, eta aldatzen bada, talde ingelesen mesederako izango dela dio. «Bazkide komertzialen, Premier Leagueko zaleen, eta inbertitzaileen interesa inoiz baino handiagoa da. Horrek hazkundearen aldeko baikortasuna iradokitzen badu ere, futbolaren sistema osoak etengabe eskatzen du klub ingelesen finantza aberastasuna gehiago banatzea, eta bizi kostuaren krisiaren inpaktuak, are garrantzitsuagoa egiten du jokoan interesa dutenek ikuspegi argia izatea klub nagusien arduradun gisara duten erantzukizunean».

Emakumezkoen zerrendan, Bartzelona buru

Deloitte enpresak aurten osatu du aurreneko aldiz emakumezkoen munduko hogei klub aberatsenen zerrenda. Bartzelona da buru –2021eako Txapeldunen Ligako garailea eta iazko finalista–, 7,7 milioi euroko diru-sarrerekin. Atzean ditu Manchester City 5,1 milioi eurorekin, PSG 3,6 milioi eurorekin, Arsenal 2,2 milioi eurorekin, eta Tottenham 2,1 milioi eurorekin.

Bartzelonako jokalariak gol bat ospatzen, Txapeldunen Ligan. (FCB)

Txostenaren arabera, munduko klub garrantzitsuenek pasa den urtean 2,1 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten emakumeen taldeengatik, baina orotara galerak izan zituzten. Horren inguruan, Deloitte enpresak ohartarazi du oraindik ere lana dagoela egiteko emakumeen jokoa «ekonomikoki jasangarria» izango den modu batean hazten jarraitzeko. Baina, etorkizunera begira, enpresak egindako analisiaren arabera, emakumeen taldeek «baloi handia» emango die klubei hurrengo denboraldietan. Galerak izan zituzten ia klub guztietan, soldata kostuek diru-sarreren gainetik zeudelako izan zen.

Hala ere, edozein negozioren hasieran, galerak izatea ohikoa izaten da. Hala berretsi du Bridgek: «Hasierako fasean edozein negoziok galerak izango dituela aurreikusten bada ere, estrategia egokia garatzea da orain emakumeen erronka, eta hori ezin da mugatu gizonenera. Izan ere, hurbilketa horrek, emakumeen hazkundeak izan dezakeen potentziala mugatu dezake».