Maite Ubiria

Akizeko Auzitegiak isun sinbolikoa jarri die trenbidea blokatu zuten bederatzi bakegileei

1.500 euroko isuna –ordaintzeko beharrik gabe– eskatu zuen prokuradoreak abenduaren 15ean Akizen eginiko auzian eta epaitegiak ostegun honetan plazaratu du bere ebazpena. Erruduntzat jo arren, 800 euroko isun sinbolikoa ezarri die epaitutako bederatzi bakegileei.

Sostengu beroa jaso zuten bederatzi ekintzaileek Akizen.
Sostengu beroa jaso zuten bederatzi ekintzaileek Akizen. (@Naiz)

Akizeko Auzitegiak 800 euroko isuna, ordaindu beharrik gabe, ezarri die iragan uztailaren 23an eginiko blokatze egunean parte hartzeagatik epaituriko bederatzi euskal herritar.

Tren zerbitzuaren etendurak sorturiko kaltea aipatuz, Anne Kayannakis prokuradoreak ordaintzeko beharrik gabe 1.500 euroko isuna eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat auziaren amaieran.

Bestalde, defentsak bakearen aldeko ekintzaileak errugabetzea galdegin zuen auzian.

Joan zen abenduaren 15ean auzipetu zituzten bederatzi ekintzaileak Akizeko Epaitegian, iazko uztailaren 23an kartzela zigor luzeak jasan zituzten presoen egoera desblokeatzeko Ipar Euskal Herrian gauzatu zen desobedientzia zibilaren ekimen handiaren karietara.

Oroitzearren, epaiketa horretan zehazki Bokale inguruan trenbidea blokeatu zuten bederatzi ekintzaile epaituak izan ziren Landetako auzitegian.

Euskal Herritik heldutako sostengu beroa jaso zuten gizarte zibileko ordezkariek.

Haien ekintza defendatu zuten bakegileek

Auzipetuek ekintza desobediente horren beharra defendatu zuten Akizen iragan zen auzian.

Euskal Elkargoko lehendakaria, Jean-Rene Etxegaray, eta erakunde bereko Turismo alorreko arduraduna den Daniel Oltzomendik lekuko gisa aritu ziren auzian.

Lehenak adierazpen esanguratsua egin zuen epailearen aitzinean. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez gisa dituen ardurak izan ezean «nik ere trenbidean eginiko protestan ahal nuen parte hartu» aitortu zuen Etchegarayk.

Blokatze egunaren antolatzaileen izenean, Daniel Elixirik hartu zuen hitza Akizeko auzian.

Gaur arratsaldean, behin erabakia ezagututa, Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lehendakariak adierazpenak eskaini dizkio NAIZi. Bere erranetan «ekintzaile horien ekintza guztiz beharrezkoa izan zela segitzen dugu pentsatzen eta auzitegiak errudun jo baditu ere egin genuena premiazko egoera bati erantzun ziola onartu du, zeharka bada ere, kondena sinbolikoa emanez ekintzaileei».

Kalte-ordainak zehazteko auzia, uztailaren 3n

SNCFk 168.000 euroko diru zama galdegin zuen ekintzaileentzat. Izan ere kalte-ordainen gaineko afera bertze auzi batean aztertzea galdegin zuen tren konpainiaren abokatuak.

Gauzak horrela auzitegiak auzi horren data jakinarazi du gaur. Heldu den uztailaren 3an iraganen da. Auzi horrek eragiten du kezka nagusia.

«Diru zama handia eskatzen du SNCFk, eta behar da gogoratu tren konpainiak ahal izan zuela salatzen dituen kalteak ekiditeko blokatze egunari begira martxan eman genuen kudeaketa eskeman parte hartuz, baina ez zuen horrela jokatu», azaldu du auzi horren karietara Funosasek.

Bakegileek hainbat ekimen ematen dituzte martxan «berriz ere gizartearen sostengua galdetzeko». Dagoeneko aukera bada helloasso plataformaren bidez auzien kostua eta balizko kalte ordainak estaltzeko balio izanen den elkartasun kanpainarekin bat egiteko.

Otsailaren 2an, bigarren auzia Baionan

Horren aitzin, bakegileen aurka aurreikusitako bigarren auzia otsailaren 2an iraganen da Baionan.

Hamaika herritar auzipetuko dituzte egun horretan. Blokatze egunean A64 eta A63 autobideen artean, Baiona parean, egin zuten ekintzagatik erantzun beharko dute.

Egun horri begira, Bakegileek eta Bake Bidea elkarteak mobilizatzeko deia egin dute, 13.00etan, Lapurdiko hiriburuaren auzitegiaren aitzinean.

«Akizen egin genuen bezala, berriz ere aukera baliatu nahi dugu Baionan euskal jendarte zibilak egin duen ibilbidea aldarrikatzeko eta beste behin ere denoin aurrean azaltzeko egin ditugun ekintzak beharrezkoak izan zirela, eta gainera emaitza eman zutela, terrorismoaren aurkako fiskaltzak sustaturiko mendeku jarrera gaindituz, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal etxera ekartzea ahalbidetu zutelako», adierazi du Anaiz Funosasek.