Munduko errealitate birtualeko filmen hautaketa aberatsa Biarritzen

Dokumentalez dokumental, gelaz gela ibiltzen dira ikusleak Biarritzeko Fipadoc festibalean. Istorio harrigarriak, errealitate krudelak eta esperientzia bizigarriak topa daitezke, azken hauek Smart sailean.

Smart guneak errealitate birtualeko ekoizpenak biltzen ditu.
Smart guneak errealitate birtualeko ekoizpenak biltzen ditu. (Guillaume Fauveau | NAIZ)

Fipadoc jaialdiaren gune nagusia da Bellevue eta, izenak dioen bezala itsasoari begira bista ederra duen jauregia izanik, Lapurdi kostaldeko xarma gehitzen dio Fipadocek eskaintzen duen esperientzia anitzari. Bertan biltzen dira profesionalak elkarren artean negoziotan aritzeko, kazetariekin hitz egiteko edo ikus-entzunezkoen inguruko informazioak edota proiektuak ezagutzeko.

Dokumental zaleentzako gunea ere bada, zinema-gela ederra eta esperientzia gela badituelako bertan. Azken honetan Smart saila garatzen da, non dokumentalak ikusteaz gain sentitu ere egin daitezken. Bertan ematen diren filmek alde guztietatik eskaintzen diote informazioa ikusleari; goitik, behetik, eta inguru guztian 360º-an begiratu daiteke. Baina ez hori soilik… interakzioa ere badago.

Esperientzia pertsonalizatuak direnez tokiak oso mugatuak dira eta hitzordua hartzea derrigorrezkoa da. Behin ateak pasatuta, ordenagailuak, tabletak eta alde guztietara mugitzen diren aulkiak agertzen dira. Ordenagailuetan, batzuk eserita daude webserie bati begira eta beste batzuk zutik 3D kaskoa jantzirik, mugitzen. Tableta eskutan, gora eta behera eramanez gelan zehar mugitzen ari den pertsona bat ere bada. Eta azkenik, alde guztietara mugitzen diren aulkietan eserita dago jendea, isilik, batzuetan alde batera mugituz, eta berehala bestaldera, ondoren gelditzeko, mandoak eskutan besoak ere dantza horretan elkartuta. Kanpotik begiratuta, inolako logikarik ez duena, baina kaskoa jarrita zentzu osoa hartzen duena.

‘Form!’, altzarien osaketa birtuala

Errealitate handitua eskaintzen duen tableta dago sartu eta berehala. Zaila da hastapenean ‘Form!’ ekoizpenak eskaintzen duen esperientzia zein den atzematea, eskutan hartuta kamara bat bezalakoa baita, gelan dagoena erakusten duena mugimenduarekin batera, baina bat-batean, parean, airean egongo balitz bezala, altzari baten zati bat agertzen da. Pantailan ukituta, haren diseinuaren historia kontatzen du aparailuak, eta bidean aurrera eginez zati ezberdinak gehituz doaz altzariari, guztiz osatzen den arte. Aulki batekin hasten da, Italian sortutako pufa ondoren eta ‘formen’ nondik norakoak ezagutarazten jarraitzen du. 

Aldeetan, ordenagailu batzuk ageri dira, eta ikusleak parean zutik alde batera eta bestera mugituz, dokumentalean dagoen zerbait hobeto ikusteko bidean. Horrela da, ‘Hors-Cadre: Marionnettes, Paul Klee’ obran, esaterako. Margolari alemanaren azken urteetako bizitza kontatzen du, txotxongiloen itxura duten irudien bitartez. Akzio nagusia etxe batean gertatzen da, lehen pisuan, bigarren pisuan, ondoko biltegian, eskaileretan, ate ondoan… baina etxea kokatzen den hirira, Lokarnora bidaiatzen du ikusleak. Herri normal baten koloreak ditu hiri suitzarrak hastapenean, artistaren obren estiloarekin bat eginez argitsuago eta koloretsuagoa egiten dena, baina ondoren, geroz eta grisagoa bilakatzen joaten da Bigarren Mundu Gerrako tankeak heltzen direnean.

Aldeetan da horrela, baina etxearen atzean zer dagoen ikusteko gogoa ere izan daiteke, eta Lokarnoko kaleetan egingo litzatekeen bezala, bertara hurbildu behar da oinez, edo makurtu beheko pisuaren atzealdean zer dagoen ikusteko. Eta beti badago ikusteko zerbait, errealitatea bezalakoa baita gunea, baina birtuala.

Argi-zuzia eskutan

Gelaren atzealdean kokatzen dira jendea bereziki erakartzen duten ekoizpenak, ia beti okupatuta egon ohi direnak. Eskaintzen diren esperientzien artean Egiptora bidaia bat dago, Abu Simbel monumentu miragarriaren barnera garamatzana Jean-François Champollionen eskutik. Hieroglifoak ulertzeko beharrezkoa izan zen Rosseta harria itzuli zuen gizonaren tokian jarrita, eraikinean zehar ibiltzen da argi-zuzia eskutan. Ikusleak eskutan daukan agintearekin mugitzen da argia obraren barnean, zonalde bat edo bestea argituz.

‘Champollion L'Egyptien’ frantsesarekin batera, India eta Pakistan artean egin den ‘Child of Empire’  edota ‘Darkening’ txekiarra eta alemaniarra dira ikus daitezkeenetariko batzuk. Baita ‘Missing pictures’, bost kapituluko telesaila ere. Taiwan, Bretainia Handia, Hego Korea, Luxenburgo eta Estatu frantsesaren artean eskoiztu den obra honek zinemaren munduari ohore egin nahi dio, film baten errealizazio prozesuan protagonistekin bidea eginez.

Lehen kapituluan Catherine Hardiwickek ekoiztea lortu ez zuen ‘The monkey wrench gang’ filmaren nondik norakoak kontatzen dira. Benetako historian oinarritu behar zen obrako benetako protagonisten bizipenak. Baina, Smart sekzioan egonda, ez da ohiko dokumentala, batzuetan irudiak ikuslea zeharkatzen dutela ematen du, zorabio sentsazioa ere eman dezakeelarik.

Azkenik, norberak bere etxetik ikus ditzakeen webserieen hautaketa egin dute jaialdiko hautatzaileek, horrela Fipadocen parte hartzeko kalitatea duten obrak ezagutu nahi dituztenentzat, lau obra daude aukeratuta: ‘Double exposure’, ‘Futura!’ eta ‘Astronome, gastronome’.