NAIZ

Sabalenka eta Rybakina arituko dira Australiako Irekiko finalean

Rybakinak haren bertsiorik onena berreskuratu du, eta Azarenka bielorrusiarra mendean hartzea lortu du. Sabalenkak, bere aldetik, denboraldiko hamargarren garaipena jarraian eskuratu du, Magda Linette poloniarrari irabazi ostean. Larunbat honetan jokatuko dute finala 9.00etan (Eurosport).

Elena Rybakina eta Aryna Sabalenka Australiako Irekiko semifinalak jokatzen.
Elena Rybakina eta Aryna Sabalenka Australiako Irekiko semifinalak jokatzen. (DPA | EUROPA PRESS)

Australiako Irekiko finalerako txartela lortu dute bi jokalari indartsuk: Elena Rybakina kazakhstandarrak (10) –1,84 metro luze da–, eta Aryna Sabalenka (2) bielorrusiarrak –1,82 metro luze da–. Indarra taktikari gailendu zaio, eta larunbat honetan jokatuko den finalean bi tenislari indartsu arituko dira kopa nork altxako.

Batak edo besteak irabazi, Australiako Irekiaren txapeldunen zerrendan izen berri bat agertuko da, bietako inork ez baitu irabazterik lortu, eta pasa den sasoiko Ashleigh Barty australiarraren lekua hartuko du, –iragan denboraldian erretiroa hartu zuen Bartyk–.

Rybakinak haren bertsiorik onena berreskuratu du, eta Viktoria Azarenka bielorrusiarra (16) mendean hartzea lortu, 7-6 (4) eta 6-3. Wimbledongo egungo txapeldunak Grand Slameko bere bigarren finala jokatuko du Azarenka kanporatu ondotik, –2012an eta 2013an Australiako txapelduna izan zena–.

Kazakhstandarrak ezin hobe ekin dio lehiari: sakea baliatuta hiru zerbitzu zuzenean egin ditu, –partidan osoan guztira bederatzi ace eginda–.  Hala ere, bielorrusiarrak, Rybakina baino hamar urte gehiago dituenak, erritmo bizia ezarri dio partidari kazakhstandarrak baino kolpe garbiagoak ematen, eta behartu gabeko akats gutxiago egiten.

Aurrerantzean, baina, Rybakinaren kolpe zitalen eta sakez egindako tantoei esker, –txapelketako sei partidetan 44 tanto egin ditu sakez–, neurketaren norabidea haren alde aldatzea lortu du. 23 urteko tenislariak izandako pazientzia giltzarri izan da finalerako txartela lortzeko.

Sabalenkak, hamargarren garaipena segidan

Sabalenkak denboraldiko hamargarren garaipena jarraian lortu du, eta Australiako Irekiko finala jokatuko du, Magda Linette poloniarrari (22) 7-6 (1) eta 6-2 irabazi ostean. Bielorrusiarrak ez du partidarik galdu denboraldi honetan, eta ordu bat eta 33 minutu nahikoa izan da Linette mendean hartzeko.

Bielorrusiarrak bost urte behar izan ditu irrikaz nahi zuen jauzia emateko: Grand Slam bateko finalera sailkatzea. Izan ere, hiru aldiz geratu da finalaren atarian. Partida hasieran, Linette Sabalenka baino ordenatuago eta sendoago hasi da, bielorrusiarrak lehen txandan aurkariak baino bederatzi akats gehiago egin baititu.

Linetteren sendotasuna, baina, ez da nahikoa izan Sabalenka kikiltzeko. Izan ere, berdinketa hausteko joko batean, bielorrusiarrak lehen sei puntuak bereganatu ditu. Hala ere, poloniarrak, txapelketan ezustekoa eman duenak, ez ditu besoak jaitsi eta ahaleginak eta bi egin ditu Sabalenkaren erasoaldiei eusteko. Azkeneko jokoan bielorrusiarrak partidari amaiera eman dio hobekien egiten dakien modura: eskuinarekin pilota astinduta, alegia. Hala, Sabalenkak bere lehen finala jokatuko du.