NAIZ

Martxoaren 25ean jokatuko da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 30. ekitaldia

«Bidea Eginez!» izango da aurtengo ekitaldiaren leloa eta bide horri ekin zion Diego Garcia atleta azpeitiarra izan nahi du gogoan probak, Garcia hil zenetik 22 urte pasa diren honetan. Iaz Caroline Jebet keniarrak emakumeen kategoriako errekorra hautsi zuen.

Azkotia-Azpeitia 30. maratoi erdiaren aurkezpeneko irudia.
Azkotia-Azpeitia 30. maratoi erdiaren aurkezpeneko irudia. (GARA)

Ostiral honetan aurkeztu da Azkoitia-Azpeitia nazioarteko 30. maratoi erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jauregian. Aurtengoan Martxoaren 25ean jiokatuko da lasterketa, atletismo festa honen parte izan diren guztiekin ospatu nahi da 30. ekitaldi hau, antolakuntzatik adierazi dutenari jaramon eginez.

2023ko ekitaldi honen leloa «Bidea Eginez!» da. Bideari ekin zion «ibiltari» hark Diego Garcia atleta ahaztezina izan zuen sorburuan. Azpeitiarrak bidean utzitako aztarnek jarraitu beharreko ibilbidea markatu zuten, eta hainbat ibiltari eta korrikalari erakarri zituen bidera. Argi hura duela 22 urte itzali bazen ere, probak haren arrastoari jarraitu nahi dio dio.

Agustin Jimenez probaren antolatzailearen hitzetan, «Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren ibilbidea berezia da eta izan da. Diego 2001ean joan bazitzaigun ere, gure asmoa da 90eko hamarkadako maratoiaren urrezko garaian sortutako filosofia horri eustea urterik urte».

Covid-19aren pandemia dela-eta bi urteko etenaren ondotik –modu birtualean korritu baitzen lasterketa–, iaz berriro ekin zitzaion errepidean korritzeari. Caroline Jebet keniarrak emakumeen kategoriako probaren errekorra hautsi zuen, kronometroa 1:07:57an gelditu ostean.

Gipuzkoan, gaur-gaurkoz, Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia da World Athletics-en ROAD RACE LABEL kategoria duen ibilbide proba bakarra, eta RFEA, FVA eta FAGeko egutegietan sartuta dago. Atletismoaren eta historiaren ikuspegitik, beraz, Euskal Herriko maratoi erdirik onena da proba hau.

Ohiko maratoi erdiaz gain, 8,06 kilometroko distantzia duen 11. Azkoitia-Azpeitia lasterketa laburra ere jokatuko da martxoaren 25ean.