NAIZ

Ukrainako gerraren aurkako aldarriak izan dira nagusi Sabino Arana sarien galan

Sabino Arana Fundazioak igande honetan banatu ditu bere urteroko sariak, Bilbon. Ukrainako herriari laguntzen dabiltzan elkarteek jaso dute sari nagusia. Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Aspace Gipuzkoa elkartea edota ‘Irulegiko Eskua’ aurkitu zuen lantaldea ere saritu dituzte.

Aurtengo Sabino Arana saridunen talde argazkia.
Aurtengo Sabino Arana saridunen talde argazkia. (NAIZ)

Euskal Herritik Ukrainako herriari laguntza bideratzen ari diren elkarteak izan dira igande honetan Bilbon banatu diren Sabino Arana sarietako protagonistak. Sariketaren 34. edizio honetan nabarmendutakoen artean daude baita ere ‘Irulegiko Eskua’-ren aurkikuntza egin zuen arkeologo taldea, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Irakli Kobakhidze parlamentari georgiarra, Mikel Sánchez Álvarez traumatologoa eta garun paralisia duten pertsonen laguntzarako Aspace Gipuzkoa elkartea.

Fundazioko presidente Mireia Zaratek sarituen ibilbidea goraipatu du eta sari nagusiaren bidez Ukrainako herriari, errefuxiatu elkarteei eta Euskal Herrian dauden errefuxiatu ukrainarrei eskua luzatu eta «gerrari ez, bakeari bai» aldarria lau haizetara zabaldu nahi dutela esan du. «Zarata burrunbatsua, basatia, bidegabea. Hori da inbasio errusiarraren ondotik herri ukrainarra bizitzen, edo hobe esan, pairatzen ari dena. Heriotza, mina, familia hautsi eta bananduak, derrigorrezko deserria», salatu du.

Ukrainako Enbaxadaren izenean, Serhii Solovey lehen idazkariak saria eskertu eta bere herriaren askatasuna babestuz Europa askea babesten ari dela esan du. Errusiak bere herriaren aurkako «gerra bidegabea» ireki duela salatu du, «milaka zibilen bizitza eraman duen gerra bat, tartean haurrena, eta kalte ekonomikoez gainera Ukrainako ondare historiko eta kulturalaren galera eragiten ari dena». «Lortuko dugu inbasoreak gure herritik bidaltzea», amaitu du.

Ukrainako gerra izan du hizpide baita ere, bere saria jasotzean, Georgian Dream alderdi politikoko Irakli Kobakhidzek. Besteren artean, alternatiba bakarra bakea dela nabarmendu du. 

‘Irulegiko Eskua’ sarituen artean

‘Irulegiko Eskua’ aurkitu zuten arkeologo taldea ere saritu dute. Lantaldearen izenean Mattin Aiestaranek jaso du saria eta aurkikuntzaren ondorengo ikerketa lanetan jarraitzen dutela kontatu du.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzendari Ibon Aranbarrik, bere aldetik, saria eskertu eta «orkestra honek 100 urte betetzea posible egin duten guztiei» eskaini die saria, eta, azkenik, Aspace Gipuzkoatik, Elisa Carmona presidenteak jaso du saria, elkartearen 50. urteurrenean.

Bilbon ospatu den galan EAJko hainbat ordezkari politiko eta instituzional izan dira, tartean jeltzaleen buru den Andoni Ortuzar, Bilbok alkate Juan Mari Aburto eta Unai Errementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia.