NAIZ

Tao Gey-Emparanek 2025eko denboraldi amaierara arte jarraituko du Bidasoa Irunen

Bidasoa Iruneko bigarren taldeko jokalariak 19 urte ditu, eta klubari eskertu dio harengan jarritako konfiantzagatik. 2020-2021 sasoian egin zuen debuta lehen taldearekin, eta geroztik 45 partida ofizial jokatu ditu elastiko horiarekin.

Tao Gey-Emparan Gurutz Aginagalde Bidasoa Iruneko presidentearekin akordioa sinatu berritan.
Tao Gey-Emparan Gurutz Aginagalde Bidasoa Iruneko presidentearekin akordioa sinatu berritan. (Bidasoa Irun)

Tao Gey-Emparan Bidasoa Iruneko bigarren taldeko jokalariak elastiko horia janzten jarraituko du 2025eko denboraldi amaierara arte. Kluba eta jokalaria akordio batera iritsi dira hori hala izateko. Urruñako jokalariak 19 urte ditu, eta «oso pozik» dagoela adierazi du: «Klubari eskertu nahi diot nigan jarri duen konfiantzarengatik, eta niretzako plazerra izango da Artaleku beteta dagoela jokatzen jarraitzea».

Eskuin hegaleko jokalaria Anglet Biarritz Olympique Handball taldetik Irunera etorri zen orain dela hiru urte, eta 2020-2021eko sasoian egin zuen debuta lehen taldearekin. «Duela hiru urte hasi nintzen lehen taldearekin entrenatzen, eta pixkanaka pixkanaka gero eta partida gehiago jokatu ditut haiekin», nabarmendu du Iparraldeko jokalariak. 

Orain arte 45 partida ofizial jokatu ditu elastiko horiarekin: 33 neurketa Asobal Ligan (31 gol), zortzi Europan (10 gol), bi Kopan (6 gol), eta beste hainbeste Asobaleko Kopan (3 gol).

Bigarren itzulira begira, Urruñako jokalariak Europan hurrengo faserako sailkapena lortu nahi du, eta hortik aurrera, «ahalik eta urrutien» iritsi. Ligako helburuei dagokionez, Gey-Emparanek adierazi du sasoia «ahalik eta hobekien amaitzen» saiatuko direla.