NAIZ

Ander Ugarte Bidasoa Irun taldeko jokalariak eskubaloia utziko du denboraldi amaieran

Klubak kaleratutako bideo baten bitartez, pibotak jakinarazi du «agur esateko momentua iritsi» dela, eta hori egiteko «Bidasoa baino talde hoberik ez» dagoela. Hamasei denboraldi egin ditu Asobal Ligan, eta zifra onak lortu ditu: 291 neurketetan 794 gol sartuta, partidako bataz beste 2,73 gol.

Ander Ugarte Bidasoako jokalariak denboraldi honetan erretiroa hartuko duela iragarri du.
Ander Ugarte Bidasoako jokalariak denboraldi honetan erretiroa hartuko duela iragarri du. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Kirol honek egun dudan guztia eman dit: lagun handiak egin ditut, leku eta herrialde apartak ezagutu ditut, eta momentu zein esperientzia ahaztezinak bizi izan ditut. Baina denak jarraitu egin behar du, eta erronka pertsonalei zein lanekoei heltzeko garaia da. Aro hau ixteko Bidasoa Irun baino talde hoberik ez dago: nire etxean, nire jendearekin, hazten ikusi nauen taldearekin, eta hainbeste poz eman dizkidanarekin», hala agurtu da Ander Ugarte Bidasoa Irungo jokalaria klubak sare sozialetan kaleratutako bideoan.

32 urteko jokalariak –33 egingo ditu datorren astelehenean–, jakinarazi berri du erretiroa hartuko duela denboraldi amaieran, eta «etapa oso polita eta garrantzitsua» bizi izan duen arren, aitortu du «agur esateko momentua iritsi» dela.

Irundarra 13 urterekin hasi zen jokatzen Bidasoan, baina 2008an bertatik alde egin zuen Ademar Leon taldearekin gorengo mailan debutatzeko. Jordi Ribera entrenatzailearen eskutik –egun Espainiako selekzioko hautatzailea dena–, jokatu zuen estreinakoz Asobal Ligan. Garai hartan Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea zegoen Riberaren talde teknikoan. Klub berarekin ere egin zuen debuta Txapeldunen Ligan.

Leongo taldeaz gain, beste hauetan ere egon da: Antequera, Bada Huesca, Helvetia Anaitasuna eta Recoletas Atletico Valladolid, 2021ean bere etxeko taldera itzuli zen arte. Irungoa Espainiako selekzioarekin aritutakoa da gazte mailan eta juniorretan. Guztira 86 partida jokatu zituen, 152 gol eskuratuta.

Asobal Ligan, oro har, hamabi sasoi egin ditu: 291 neurketa jokatuta, eta 794 gol sartuta, –partidako bataz beste 2,73 gol–. Europan ere zifra onak lortu ditu pibotak. Txapeldunen Ligan bost gol sartu zituen Ademar Leon taldearekin jokatu zuenean 2009-2010 eta 2010-2011 denboraldietan. Europako Ligan Bada Huescarekin, Helvetia Anaitasunarekin eta Bidasoa Irunekin jokatzeko aukera izan du, eta hemeretzi partidetan 40 gol sartu ditu.

Oraindik, bigarren itzulia geratzen da

Agurreko bideoan, Ugartek gogorarazi du oraindik zenbait hilabete geratzen zaizkiola eskubaloiaz disfrutatzen jarraitzeko: «Bigarren itzuli zirraragarri bat geratzen da: dena emango dugu ditugun helburuak lortzeko, eta taldea gorenera eramaten saiatzeko».

Horrez gain, pibotak eskerrak eman nahi izan dizkie Bidasoari, jokatu duen talde guztiei, eta taldekide zein entrenatzaile orori. Baina, bereziki, haren bikotekideari, familiari eta lagunei, «une txarretan zein onetan baldintzarik gabeko babesa» eman izanagatik.

Jevtic serbiarra, hurrengo denboraldirako fitxaketa berria

Bidasoa Irun eta Marko Jevtic jokalaria aurre-akordio batera iritsi dira eta Serbiako selekzioarekin jokatzen duen piboteak Artalekun jokatuko du datorren denboraldian, beste bi jokatzeko aukerarekin.

Serbiako selekzioarekin internazionala, RK Metaloplastika Sabac taldetik datorren pibotea 194 zentimetrokoa da eta 102 kilo pisatzen ditu. Serbiako Superkopa irabazi du denboraldi honen hasieran eta ikasturte honetan 14 gol egin ditu Serbiako Arkus Ligan jokatutako hamabi partidetan. 2021/2022 denboraldian, EHF European Leagueko multzoen fasera sartzeko kanporaketa bat jokatu zuen, eta hiru gol egin zituen egungo taldearekin.