BABESLEDUN EDUKIA

Sanblasetako axaria berriro itzuli da Idiazabalera

Bi urte luzez herriko jaien zain egon ondoren, sanblasetako axaria berriro itzuli da Idiazabalera eta igandera arte egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango du: danborradak, goitibeherak, bertsolariak, erromeriak...

Bi urte pasa ondoren, axaria berriro bueltan da.
Bi urte pasa ondoren, axaria berriro bueltan da. (Jon URBE | FOKU)

Idiazabalgo jaietako ekitaldi nagusiak asteburu honetan izango badira ere, egitaraua pasa den asteburuan jarri zen martxan, herri kirok apustu, herri-krossa, haurren danborrada eta aurten 30 urte bete dituen txistularien alardearekin.

Pregoia eta axariaren jaitsiera, ordea, ostegun honetan egin dira, kandelaria egunean hain zuzen. Aurten pregoia irakurtzeko ohorea izan dutenak Izal Bizia merkatari elkarteko kideak izan dira, herria bizirik mantentzeko egiten ari diren lana eskertu nahi izan baitie Udalak.

Pregoiaren ondoren, duela hiru urte berreskuratutako Fideo, Xegunda, Koxkorreko eta Txin-txo buruhaundiak atera dira plazara umeak astintzera eta, ohiturari jarraituz, kandela bedeinkazioa ere egin da elizan.

 

Joan zen larunbateko txistularien alardeak 30. edizioa ospatu zuen. (NAIZ)


Jaietako egun nagusia, berriz, ostirala izango da, otsailak 3. San Blas eguna ospatzeaz gain, kuadrillen eguna ere izango da eta eguneko ekitaldi nagusien artean, haur eta helduen txirrindulari lasterketak, herri bazkaria, helduen danborrada eta Imuntzo eta Belokirekin erromeria daude iragarrita.

Ostiralean baita ere, eskulangintza erakusketa zabalduko da Udaletxeko areto nagusian. Bertan, joste lanak, altzarien zaharberritze eta egur tailak erakutsiko dira, goiz eta arratsaldez, igandera bitartean.

Larunbatean, otsailak 4, mozorro eguna ospatuko da, goizean goiz hasiko diren toka eta koxkol biltze txapelketekin. Eguerdian mozorro topaketa eta gotibehera txapelketa egingo dira eta arratsaldean disko festa, pilota partida profesionalak eta sagardotegi erraldoia izango dira. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda bezperako koplak ere ez dira faltako, Kantu Jira taldeak antolatuta.

Jaietako azken eguna, otsailak 5, bolo txapelketarekin hasiko da eta ondoren hamaiketakoa, bertso saioa eta dantza emanaldia izango dira. Eguerdian bertso bazkaria egingo da Aitor Mendiluze eta Nerea Elustondorekin, eta arratsaldean pilota partidak, Ataungo talogileak eta Puro Relajo taldearen emanaldia daude iragarrita. Axariaren igoera eta su ikuskizunarekin amaituko dira, igande iluntzean, aurtengo Idiazabalgo San Blas jaiak.

Udalak modu berezian eskertu nahi izan du Festa Batzordeak prestatu duen «egitarau anitza eta bikaina», eta bide batez horren atzean dauden herritar askoren «konpromisoa eta esfortzua» nabarmendu ditu.

Idiazabalgo erakunde eta establezimendu laguntzaileak:

- Gaur Logistika

- Idiazabalgo Udala