Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

«Separatismoarekiko» fobiak 1983 arte iraunarazi zuen euskarazko idazlanen kontrako zentsura

Francoren heriotzarekin zentsura aparatuek ez zioten funtzionatzeari utzi. Jarraitu zuten euskarazko testuak zorrotz irakurtzen eta Estatu espainiarraren batasuna zalantzan jartzen zuten lanak bahitzen. 1975etik 1983 arteko zentsura aztertzen duen liburua eman du EHUko MHLI taldeak.

MHLIko taldea ostiral honetan emandako prentsaurrekoan.
MHLIko taldea ostiral honetan emandako prentsaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Joan Mari Torrealdaik urte luzez ikertu zuen frankismo garaiko euskal liburuen kontrako zentsuraren inguruan eta haren lana luzatzea eta transmititzea helburu duten bi tresna berri aurkeztu ditu UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan. Batetik, ‘Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983)’ liburua eman du eta, bestetik, Editeus izeneko online baliabidea jarri du martxan, Torrealdairen ingurukoak nahiz euskaraz ekoizten duten argitaletxeei buruzkoak jasotzen dituena.

Alcala de Henaresko (Madril) AGAko artxiboko (Archivo General de la Administración) euskarazko lanen gaineko zentsura fitxak izan dira liburuaren abiapuntua. Ikertaldeak 1975-1983 urte arteko espedienteen «hustuketa sistematikoa» egin du lehen aldiz, orotara 545 espediente aztertuz. Horrekin batera, Oñati eta Tolosako foru artxibategiak ere arakatu dituzte. Hala, Ana Gandara MHLIko kideak editatu duen ikerlanak erakutsi du frankismoaren ostean ere, 1983 arte zehazki, euskarazko idazlanen kontrako zentsura aparatua erne eta aktibo mantendu zela.

Hamabost pertsonak osatzen dute MHLI, eta guztiak aritu dira buru-belarri frankismoaren osteko zentsura hainbat ertzetatik aztertzen. Hala, bost ataletan banatzen da lana, Ana Gandara liburuaren editoreak azaldu duenez. Ismael Manterolak eta Amaia Elizalek zentsuraren bueltako testuinguru legislatiboa ematen dute hasteko eta, ondotik, hiru generotan zehaztu dute ikertzaileek begirada: itzulpengintzan Miren Ibarluzeak eta Izaro Arroitak, haur eta gazteen literaturan Nagore Fernandezek, Ainhoa Urzelaik eta Ane Villagranek eta helduen literaturan Mikel Ayerbek eta Beñat Sarasolak. Azkenengo kapitulua Ana Gandarak ondu du eta grafikoen bidez zentsurari buruzko datuak ematen ditu bertan.

Iturria: MHLI

Donostian egindako aurkezpenean, Mari Jose Olaziregi EHUko katedradunak eta MHLIko kideak zehaztu du zentsuraren alderik gogorrena uzten duen «etena» dela, «hutsunea». Zeren, bere ustez, literatura edo bestelako arterik gabe ez litzateke historia begi umelez irakurriko: «Artelanekin egiten dugu lan guk, arteak baduelako gaitasun bat beste ezein arlok ez duena: iraganeko sarraski eta gatazken mina inork baino hobeto erakusten du, enpatia eragiten du. Horregatik irauten dute artelanek hainbeste. Ez dugu ezagutu frankismo ostean Donostian emakumeek jasandako pairamena, baina Arantxa Urretabizkaiari esker hor egon gara. Ez dugu jakin iheslarien bikotekideek zer sentitzen duten zain daudenean, baina Eider Rodriguezen ipuinei esker jakin dugu».

Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak eta Herri Kulturako Zuzendari Nagusiak antzeman zuten Iñaki Olabeagaren ‘Maite dedana’ liburuko hainbat pasartetan «ideia separatistak, erregionalistak eta baskistak [vasquistas, gazteleraz]» agertzen zirela eta, beraz, haren lana salagarria zela.

Zentsoreen irizpideak

«Guztiz bidegabekotzat jotzen da, bereziki, Haur eta Gazteen Hezkuntzarako erabiltzen bada, eduki osoan joera alderdikoia duelako, bereziki Iparragirreren eta Mateo Muxikaren biografiengan eta mapan, non hiru euskal-espainiar probintziak eta Nafarroa agertzen diren, hiru euskal-frantsesekin batasuna osatuz». Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak arrazoi hauek eman zituen 1975ean Jacinto Fernandez Setienen ‘Goiherri’ lana zentsuratzeko.

«Salaketa 1976-03-10 Ordena Publikoko Auzitegiari, aurretiko bahiketa administratiborik gabe», dio Iñaki Olabeagaren ‘Maite dedana’ poesia liburuari dagokion espedientearen ebazpenak. Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak eta Herri Kulturako Zuzendari Nagusiak antzeman zuten liburuko hainbat pasartetan «ideia separatistak, erregionalistak eta baskistak [vasquistas, gazteleraz]» agertu zituela idazleak eta, beraz, haren lana salagarria zela.

«Eragozpenekin» baimendu zuten irakurle zentsoreek Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’ren ‘Euskaldunak-Los Vascos’. «Euskal poeta onenak», dio espedienteak, «Pirinioetako alde bietako odolezko batasunari, hizkuntzari, ohiturari eta fedeari kantatzen dio», esanez «muga politikoa», egiaz, hizkuntzak eta kulturak batzen dutela. «Zentsuraren ikuspuntutik» baieztapen «delikatua» zeritzen horri frankistek, poetak idazten zuen batasun hori «deklamazio politiko» edo «ekintza politikoko bandera» gisa ulertu baizezakeen irakurleak. Alta, poema liburuko beste esaldi batek, frankisten ustetan, asmo separatisten inguruan zituzten susmoak ezabatu zituen, eta horrek libratu zuen ‘Orixeren’ lana zentsuratik. Hala zioen donostiarrak ‘Euskaldunak-Los Vascos’ olerki-liburuan: «Frantziak eta Espainiak, orain eta lehen, Baskonia mutilatu gabe babestu nahi dute».

«Zentsoreek bazituzten beraien filiak eta fobiak, horien artean obsesio bat separatismoarekin, erlijioa eta morala ere bai, baina bigarren maila batean»

MHLIko kideek Alcala de Henaresko artxiboan arakatu dituzten fitxek argi adierazten dute zeintzuk ziren zentsoreen irizpideak euskarazko lan bat atzera botatzeko: Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak eta Herri Kulturako Zuzendari Nagusiak elkarbanatzen zituzten idatzietan gorriz ala beltzez markatzen zituzten haien ustez batasun espainiarraren kontrakoak izan zitekeen pasarteak. Desadostasunak agertzen zituzten batzuetan, baita eztabaida antzuak izaten ere: «eusko» hitzak eduki politiko «separatista» izan zezakeelakoan, idazleei «euskal» lehenetsi behar zutela agintzea, adibidez.

«Zentsoreek bazituzten beraien filiak eta fobiak, horien artean obsesio bat separatismoarekin, erlijioa eta morala ere bai, baina bigarren maila batean», azaldu du aurkezpenean Ana Gandarak. Olaziregik gaineratu duenez, irakurle zentsoreek begirada zorrotzagoz epaitzen zituzten haur eta gazteei zuzendutako liburuak, prebentzio modura, gustuko ez zituzten ideiak garatu ez zitzaten. Guztira, 11 titulu zentsuratu zituzten 1975etik 1983ra.

Editeus, etenik egon ez dadin

Joan Mari Torrealdaik ezagutu zuen MHLIren proiektua, baita interes handiz jarraitu ere. Ikertzaileei eskatzen zien Alcala de Henaresetik bueltan –hamabi joan-etorri inguru egin zituzten– ikusitakoaren berri emateko. «Gustura hartuko luke orain lan hau», baieztatu dute ikerltzaileek aurkezpenean eta nabarmendu Torrealdaik egindako lanagatik ez balitz horrelakorik aurkeztea ez zela posible izango.

Agian horregatik, Torrealdairi txoko berezi bat eskaini diote ostiralean aurkeztu duten bigarren ekimenean, eta han jaso dute bere biografia, hari egindako elkarrizketak eta bere lanetatik abiatuta MHLIk argitaratu dituen zenbait proiektu. Editeus izena eman diote euskaraz ekoizten duten argitaletxe eta editoreen nondik norakoak ezagutzeko tresnak nahiz Torrealdairi eskainitako espazio bat barneratzen dituen online baliabideari.

Miren Ibarluzea proiektuaren arduradunak azaldu duenez, webgune honetan edonorentzat ikusgai daude liburuko azkenengo atalak jasotzen dituen grafikoak eta AGAko 545 espedienteak osorik. Gainera, euskaraz ekoitzi duten editoreei egindako 16 elkarrizketa daude; horien artean dago Leopoldo Zugazari egin zitzaion azkenetarikoa. Editeusen irakurgai dago, halaber, ‘Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak’, guztira zazpi ikerlan biltzen dituen espazioa.

Aurretik Olaziregik aipatu du zentsurak eragiten duen gogorrena «etena» dela, bada, «eten hori gerta ez dadila» du helburu Editeusek, Ibarluzeak zehaztu duenez. Online izateak badu, gainera, abantaila bat: etenik gabe webgunea elikatzen jarraituko dutela MHLIko kideek.