Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Babes psikosoziala ere behar dute Irundik pasatzen diren migratzaileek

Irundik pasatzen diren migratzaileak entzun ditu SOS Arrazakeriak. Kalean egindako 99 elkarrizketatatik bildutako 20 bizi historia dira, balio erantsia dutenak muga lehenbailehen igaro nahi duten pertsonak direlako protagonista, hirian egun gutxi ematen dituztenak eta oharkabean pasatu nahi dutenak.

Eva Aranguren txostenaren egilea eta Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako kidea, aurkezpenean.
Eva Aranguren txostenaren egilea eta Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako kidea, aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

SOS Arrazakeriak alarma deia egin zuen 2018an: Saharaz hegoaldeko hamabost bat lagunek gauak zeramatzaten Irungo autobus geltokian lotan. Batzuek Estatu frantsesera edo Europako iparraldeko herriren batera segitu nahi zuten bidaia, bertzeek hirian gelditu nahi zuten, eta gainerakoek ez zekiten zer egin nahi zuten ere. Bost urte geroago, Europako herriren batera iristeko igarobidea izaten jarraitzen du Irunek, kontatzeko errealitate ezberdin ugari dituen hiria.

Pertsona horien kontakizunak jaso nahian, ikerketa bat egin du aipatutako GKEak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Eva Aranguren Elosegi psikologoak egin duen txostenean daude emaitzak. 2022ko martxoaren eta azaroaren artean 99 elkarrizketa egin zituzten kalean, eta horietatik 20 historia jaso dituzte, arlo emozionalean zentratuz, ikuspegi feministarekin eta pertsona migratzaileen ahotik.

Lanaren bigarren helburua erakundeei –zehazki Lakuako Gobernuari– proposamen bat helaraztea da: Hilanderas kalean dagoen eta Gurutze Gorriak kudeatzen duen Irungo harrera zentroan laguntza psikosoziala martxan jartzea. Alderdi emozionala ahantzi egiten da, baina, Arangurenek ostiralean egindako aurkezpenean baieztatu zuen bezala, ohea, arropa eta janaria bezain garrantzitsua da.

 

Ondorioak
«Ezin dut apenas lorik egin, lokartzen banaiz berriz bizitzen dudalako dena eta segidan esnatzen naiz angustiarekin», errepikatzen du Samanthak. Depresioa, antsietatea, apatia, fobiak eta kulpa sentitzen dituzte migratzaileek.

 

‘Elkar gurutzatutako bizitzak Irungo mugan: entzutearen fruituak’ du izena txostenak. Saharaz beheko herrialdeetako lagunen testigantza ugari jasotzen da bertan. Kamerun, Ginea Konakry, Ginea Bissau, Mali edota Kongoko Errepublika Demokratikotik Europa iparraldera bidean Irundik pasatzen diren migratzaileak dira. Psikologoak beren egoera emozionalaren berri jakin nahi izan du, eta, beti errespetua, aitortza eta zaintza abiapuntu, beren ongizatean laguntzeko baliabideak jartzearen garrantzia ulertarazi.

Muga bitxia

«Baina nola funtzionatzen du muga honek? Bitxia da, ez dut ulertzen», adierazi du Ali gazteak Santiago zubiari begira, zur eta lur. Anitz dira muga honen berezitasunak ulertzen ez dituztenak. Estatu espainiarraren eta frantziarraren arteko mugak 656 kilometro baino gehiagoko luzera du eta Irun da azken hiria ondoko estatura igarotzeko. Hamaika herritarrek igarotzen dute egunero Bidasoa: familia anitzek alde batean lan egiten dute eta bertzean bizi dira. «Zergatik galdetzen diete batzuei identifikatzeko eta besteei ez? Zeinen tristea», dio irundar batek.

Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako arlo juridikoaz arduratzen da. Txostena plazaratzeko ekitaldian oroitarazi zuenez, Schengen espazioaren barnean dago Irun, pertsonak libre ibil daitezkeela erran nahi du horrek, kontrolik gabe, Europar Batasuneko oinarrizko arau bat da. Polizia frantsesak, ordea, kontrolak egiten ditu etengabe, eta pertsona batzuk atzera bidaltzen ditu mugaren bertze aldera. Horrek, funtsezko eskubide bat urratzeaz gain, ondoriorik tragikoena eragiten du: jendea ibaian itotzea.

Muga hau hagitz ezberdina da ezagutu dituzten bertzeetatik. Horrek egiten du ordura arte garatu dituzten estrategiek balio ez izatea. «Zure buruarekin jokatzen dute», adierazi du Amadouk.

Bidean diren pertsona migranteentzako arreta sistema bat sortzeko dei zuzena egin zioten SOS Arrazakeriako kideek Lakuari.