Jon Ormazabal

Ezkurdia eta Martijak ez dute oraindik euren azkeneko hitza esan

Hein handi batean aurkarien opariei etekina aterata, azken asteetan jokoan erakutsitako hobekuntza garaipenean (22-16) puntuan gauzatu ahal izan dute 2020ko txapeldunek.

Julen Martijak nabarmen egin du gora bere jokoan azken asteetan.
Julen Martijak nabarmen egin du gora bere jokoan azken asteetan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gauzek ikaragarri zail izaten jarraitzen dute eurentzat, geratzen zaizkien partida guztiak irabazita ere agian ez dute nahikoa izango, baina Ezkurdia-Martijak ez dute oraindik beren azken hitza esan eta aspaldiko partez 22ra iritsita –abenduaren 23an irabazi zuten azken partida Irunen, Jaka-Arangurenen aurka–, bizirik jarraitzen dute, Urrutikoetxea-Albisuren aurkako tanto-averagea ere euren alde jarriz. Baina hori bezain garrantzitsua izan daiteke 2020ko txapeldunentzat azken asteetan jokoan erakutsitako hobekuntza puntuarekin berretsi izana. Alde horretatik, Martija da gora gehien egin duena, batez ere partidaren amaiera aldera pilota eskuinaz ondo luzatu baitu, baina ezin da ahaztu aurkariek ere erraztasun handiak eman dizkietela. Partidaren zati handienean Etxeberrikoa dominatu badu ere, azkenerako Albisuk 7 akats egin ditu eta hauei Urruikoetxeari egindako 5ak batuta, garaipenerako bidea oso maldan jarri zaie Baikokoei, nahiz eta partida arraro batean, irabazteko aukerak ere antzeman zaizkien.

Partida hasieran, aparteko ezer egin beharrik izan gabe, Ezkurdia-Martijak alde nabarmenak hartu dituzte markagailuan, batez ere gorriak oso galtzaile ekin baitiote partidari. Albisuk hiru pilota galdu ditu ia jarraian eta Urrutikoetxea ere deseroso aritu da eta gainera ezker sorbaldan izandako arazo txiki batzuek aldagelara eraman dute 2-7koan. Lehen bederatzi tantoetatik zortzi arerioen opariak izan dira sakandarrentzat.

Kale kopurua apur bat kontrolatu eta jokoa atzera kargatzea, Urrutikoetxearen erremate dotore pare batekin, nahikoa izan dute Baikokoek markagailuan asko gerturatzeko 9-7, baina Aspekoek atsedenaldia eskatu, Ezkurdiak faltan horrenbeste bota dizkiogun ezker gantxo horietako bat bikain gurutzatu du eta markagailuan berriz ere ihes egitea lortu dute (8-12).

Dominatu eta galdu

Hala ere, hein handi batean, partidak gorrien baitan jarraitu du; Albisuk asko dominatu atzean, Martijari kosta egin zaio ezkerrez Urrutikoetxeari aukerako pilotarik ez uztea, baina, era berean, behar baina huts gehiago pilatzen jarraitu dute eta hori izan da urdinei airea eman diena.

Piloteoan nagusituta eta Ezkurdiari jokoan sartzea galarazita, Zaratamokoa eta ataundarra tanto batera gerturatu dira lehen aldiz 13-14koan, baina aspaldian tantorik egin ezinda zebilen arbizuarrak ezker zehar bikain bat sartzea lortu du eta berriro egin diete alde. Materialak ere izan du zerikusirik bolada hauetan, bakoitza bere pilotekin eroso aritu diren bezala, ezinean ibili dira aurkarienekin (13-20).

Azken parte honetan, gainera, Martijak nabarmen egin du gora, eskuinez pilota ondo ukitu du eta gorriak etsi puntu bat hartuta bezala aritu dira hondarreko tantoetan, elkarren arteko komunikazio falta ere nabaritu zaielarik. Printzipioz, play offerako bidea nahiko ziurtatuta dute, baina aurretik daukaten egutegia ikusita, hobe dute seigarren puntua ahalik eta azkarren lortzea.

 

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea-Albisu: 16

Ezkurdia-Martija: 22

Pilotakadak: 615. Iraupena: 68,54 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-7, 3-7, 3-9, 7-9, 7-12, 9-12, 9-13, 11-13, 11-14, 13-14, 13-20, 16-20, 16-22. Sakeak: Ez da egon. Egindakoak: 7 Urrutikoetxeak, 4 Albisuk, 8 Ezkurdiak eta 1 Martijak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak, 7 Albisuk, 5 Ezkurdiak eta 0 Martijak. Gorabeherak: Sarrera polita Zornotzako pilotalekuan.