NAIZ

Hamarkadetako borroka anitzen testigantzak jaso ditu Bagirak Itsasun

Bagira prozesuaren baitan, 130 lagun inguru elkartu dira larunbat honetan Itsasuko Sanoki aretoan, hamarkadetako borroka desberdinen inguruko transmisio ariketa pertsonal zein kolektibo bat egiteko.

Funosas, Bouchet, Blain eta Christyren hitzartzea.
Funosas, Bouchet, Blain eta Christyren hitzartzea. (Patxi BELTZAIZ)

Mugimendu abertzalea berritzeko xedea duen Bagira prozesuaren baitan, hitzordua egin dute larunbat honetan 130 bat lagunek Itsasuko Sanoki gelan, arlo desberdinetan erreferente izan diren pertsonen bizipenak entzuteko.

60. hamarkadatik hasi eta hamarkadaz hamarkadako errepasoa egin dute. Lehen atzerabegirakoan, Christiane Etxaluz, Marikita Tambourin, Jean Louis Davant eta Gexan Alfaro izan dira hizlari. Besteak beste, lehen ikastolez eta lehen Aberri Egunaz mintzatu dira, borroka giro horren adierazgarri ere izan ziren aurreneko errefuxiatuak edota Enbata ahaztu gabe.

Ondoko hamarkadan ere pultsuari eutsi zioten: mugimendu feministaren lehen mobilizazioa, Burgosko prozesuaren aurkako dinamikak zein errefuxiatuak babesteko gose greba. Horretaz guztiaz hitz egin dute Lilian Hirigoyenek, Grazi Etxebeherek, Patxi Nobliak eta Gabi Oiharzabalek. Kulturan izandako mugarriak eta Ipar Euskal Herrian sortutako aurreneko kooperatibak ere aipatu dituzte. 

130 lagun inguru elkartu dira Itsasun. (Patxi BELTZAIZ)

80. hamarkadaz hitz egiteko, Dominika Daguerre, Jeanne Kreckelberg, Xabier Manterola eta Peio Iralour igo dira eszenatokira, bizipen gordinak gogoratzeko: GALen atentatuak, IK-ko militanteen heriotzak… Baina bestelakorik ere utzi zuen garai horrek, tartean ELB eta beste hainbat egituraren sorrera, Seaskaren hedapena eta sexismoaren aurkako borroken errotzea.

Pantxika Ibarbourek, Mirentxu Lakok, Txomin Hegik eta Jakes Borthairuk, beren aldetik, 90. hamarkadari errepasoa egin diote, besteak beste intsumisioaren eta espekulazioaren aurkako borroketan azpimarra eginez.

Mende berriaren lehenengo hamarkadan mugimendu abertzalean beren ibilbideari ekin zioten Juliette Bergouignan, Anita Lopepe, Francis Poineau eta Txetx Etcheverry aritu dira eta urte haietako uzta oparoa gogoan izan dute. Bereziki garrantzitsua izan zen Laborantza Ganbararen sorrera eta, zatiketatik batasunerako urratsa eginez, EH Bai koalizioaren jaiotza. Batera, Demo eta erakunde nazionalek ere ezaugarritu zuten hamarkada.

Azkenik, mugimendu abertzalearen presentzia oso bestelako eremuetan azaleratu den 2010etik aurreko etapa jorratzeko Anaiz Funosas, Martine Bouchet, Nikolas Blain eta Xebax Christy izan dira Itsasun. Hamarkada horretan ere Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak egin duen ekarpena eta aurrerapausoa ezinbestekoa izan da: Aietek markatutako bidetik Luhusora eta ETAren armagabetzera arteko urratsak, Euskal Elkargoaren sorrera… Bestelako mundu baten adierazgarri izan diren AHTren aurkako borroka, Euskoaren jaiotza edota Alda bezalako mugimenduen lana ere nabarmendu dute hizlariek.

Gainera, gogoratu dute Aberri Egunera arte ekimen desberdinak antolatu dituztela Ipar Euskal Herriaren luze zabalean, transmisio ariketa kolektibo honen baitan.