Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ardura politikoak eskatu dituzte herritarrek Zaldibarko hondamendiaren erdigunetik

2020ko otsailaren 6an gertatu zena ahanzturan gelditu ez dadin, beste urte batez Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du Eitzaga auzoan. Zaldibarko zabortegiaren hondamendia eragin zuten arduradunek erantzukizunak har ditzatela exijitu dute.

Ermua, Eibar, Zaldibar eta bestelako bazterretatik abiatutako hainbat pertsonak, oinez gehienak, «hondamendiaren erdigunean» egin dute bat igande eguerdi honetan. Eitzaga auzoan elkartu dira, orain hiru urte Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran irentsi zituen zabortegitik metro gutxira. Auzo honetan elkartu dira, hain justu, gogorarazteko Eitzagak baduela itxi gabeko zauri bat, pandemiak sortutako denbora arrakalak desagerrarazi ez duena eta ez dena sendatuko harik eta Zaldibarko zabortegiaren hondamenaren arduradunek erantzukizunak hartzen dituzten arte.

Auzunearen erdigunean zintzilikatutako hiru kartel handik 2020ko otsailaren 6an luiziaren inguruabarrak eman dituzte. 2020Ko otsailaren 6ko hondamendiaren aurrekariak zehaztu ditu batek, Zaldibarko zabortegiari «hondakinen sektoreen zuloa» esaten zitzaionekoak: «2011n hasi zuen bere jarduna zabortegiak. Hasieran, 2030era arteko hondakin bilketa aurreikusi bazuten ere, amildu aurretiko erritmoan 2022rako beteta egongo zen. 2012an, 185.000 tona jaso zituen; 2017an, 380.000; 2018an 500.000, eta beste hainbeste 2019an». Luiziaren egunean, arratsaldeko 16.00etan, 500.000 tona amildu ziren, Joaquin Beltran –zeinaren gorpua ez zuten sekula aurkitu– eta Alberto Sololuze azpian harrapatuz; baimenik gabe jasotzen zen amiantoak eragindako suteak etorri ziren gero, substantzia toxikoen barreiatzea atzetik. Hondamendia lanaren, osasunaren eta ingurumenaren ikuspuntuetatik.

Hondamendia, alta, ez dute naturaltzat hartzen ezbeharra gertatu eta segituan mobilizatzera atera ziren herritarrek eta sortu zen herri arteko Zaldibar Argitu plataforma, aldez edo moldez ardura pribatu eta politikoak argitu daitezela eskatu duen taldea. Ez du atsedenik hartu gaur arte eta plataforma honek deitu ditu herritarrak igandean Eitzagan egin den ekitaldian parte hartzera.

Gertatutakoa ez dadin ahaztu antolatu du ekitaldia Zaldibar Argituk. Iaz ere hala egin zuen, eta memoria gordeko zuen oroitarri bat aurkeztu zuten Eitzagan. «Joaquin Beltran eta Alberto Soluluze gogoan. Langileak, osasuna eta erantzukizunak» zuen idatzita Iñaki Urizar zaldibartarraren eskulturak. Ankerkeria, baina, mugagabea izan daiteke, eta Zaldibarko Udalak dekretu bidez debekatu zuen oroitarria. «Herriaren indarrak», ordea, lortu du hondamendia gogoratzen duen eskulturari behin betiko lekua ematea Eitzagan, eta hari egin dio aurreskua dantzariak, haren magalean etzan dituzte herritarrek dozenaka lore.

Dantza egin diote Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren omenez Eitzagan dagoen oroitarriari. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ekitaldian nabarmendu dutenez, ezbeharraz geroztik «maite dituen bazterrekiko ardura eta horiek defendatzeko indarra» erakutsi du hainbat lagunek eta «lanbroak eta bestelako keak ezkutatzen dituzten erantzukizunak eskatzera» egin dute kalera hainbatetan.

Lucio Alonsoren emanaldiak jantzi ditu hitzok musikaz, ‘Gure bazterrak’ eta ‘Zaindu maite duzun hori’ kantatuz.

«Ekidin zitekeen»

«Urtez urte bete dugu Eitzagako txoko hau borroka, aldarrikapen eta elkartasunez. Otsailaren 5a da gaur, hiru urte igaro dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia amildu zenetik; azken urteetako hondamendi ekologiko, sozial eta politiko handienetarikoa eraginez», gogoratu du Janire Lazkano Zaldibar Argituko kideak».

Ordutik, hiru norabidetan lanean jardun du plataformak; «langileak oroitzeko, gaia ahanzturan ez erortzeko eta erantzukizun guztiak argitzea exijitzeko». Zaldibar Argituko kideak azpimarratu du zabortegian gertatutakoa eta bi langileen heriotzak ez zirela istripu bat izan, Verter Recycling-eko arduradunek «zuhurtzia gabeko hilketa» onartu zutenez epaitegietan. «Gertatu behar ez zen eta ekidin zitekeen hondamendia izan zela argi gertatu da», esan du.

Plataformako kideak ohartarazi du 2020ko otsailaren 6tik aurrera hainbat izan direla «euskal oasiaren harresian agertu diren arrakalak» eta agerian geratu dela «arduradun politikoen kudeaketa eredu iluna»: «Kontrol eta gardentasun falta, erantzun eta erantzukizun eza, prepotentzia. Iluntasun asko eta argi gutxi eman diote gure arduradun politikoek gai honi. Ardura politiko zuzenak izan arren, inork ez du ardurarik gain hartu».

Gertakariengatik ireki zen bide penala itxita dago, Verter Recycling enpresako hiru arduradunek akordioa lortu baitzuten Fiskaltzarekin eta hildako langileen familiekin. Aitzitik, Durangoko epaitegietan bigarren prozesu judiziala irekita dago, ingurumen delituengatik. Geyser HPC enpresako bost teknikari eta Lakuako Ingurumen saileko hiru daude inputatuta. Apirilaren 20an deklaratuko dute azken hirurek eta Zaldibar Argituk elkarretaratzea deitu du egun horretarako, Durangoko epaitegiaren aurrean.

«Gaizki dabiltza»

Zaldibarko ezbeharrak Euskal Herria astindu zuen, baina Eitzaga izan zen, eta segitzen du izaten, hondamendiaren erdigunea. «Urte luzez pairatu dute zabortegi nahiz bestelako makroproiektuen afera. Urte luzez sufritu dituzte kamioien joan-etorriak, lur eta uren kutsadura, zaratak, amiantoz betetako hondakinen gorabeherak. Eta orain guzti horri lurren desjabetzeak, inposizioa eta informazio eza gehitu zaizkio. Hiru urteotan ez dute ez Udalaren, ezta Jaurlaritzaren aldetik erantzun sendo eta zintzorik jaso», adierazi du Janire Lazkanok, jarraian Eitzagako auzotar bati hitza emateko.

«Guk ez dugu ahaztuko. Eitzagako biztanleok lehenengo urtean oso gaizki pasatu genuen. Indarraren eta agintekeriaren menpe, pandemia eta zabortegiaren egonkortasunerako kudeatzaile profesional basati batzuen menpe, Alkatetza, Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren mespretxu handienaren menpe. Hainbeste aipatzen duten auzolana hemen ez dugu aurkitu», salatu du.

Auzotarraren ustez, agintariek gauza gehiegi egin dituzte «gaizki»: lehenik, zabortegia Eitzagan kokatzen, gaizki maldan behera erori zenean; gaizki, gerora, hondamendia kudeatzen eta «gaizki dabiltza» orain ere, esan du, «uste dutelako denborarekin ahaztuko dela». Eta okerren dabiltzanak, gaitzetsi duenez, Zaldibarko alkatea eta alkateordea dira, Jose Luis Maiztegui eta Juan Mari Uriarte, «herritarrekin bat egin beharrean, aurrez gaizki egindako dena tapatzen saiatzeagatik».

Auzoko lurrak, urak eta inguruak kutsatu zituen luizia gertatu zenetik hiru urtera, auzotarrak salatu du ez dagoela «neurrira egindako analisirik, instituzioetako erantzukizunik, ezta auzo honek eskatzen zuen azterketa medikurik ere».

Berretsi du auzotarrek ez dutela gertatutakoa ahaztuko eta Eitzagara hurbildu diren herritarrei zuzendu zaie: «Ikusten dugu zuek ere ez duzuela ahazten. Gu gutxi gara eta hemen gelditzen gara, zabortegiko kutsaduraren ondoriorik ez nabaritzeko esperantzan. Autopistatik joaten direnak ez daitezen ahaztu zelai berde horren azpian pozoi pila bat dagoela eta, batez ere, zuek ez zaitezte gurekin ahaztu. Beti ongi etorriak izango zarete».