Andoni Arabaolaza

«Hegoafrikarra» bidea librean xaxatu dute festa osoa biribilduz

Cedar Christensen, Tyler Karow eta Imanol Amundarain izan dira protagonistak. Hamar eguneko lanaren ostean, Paineko Erdiko Dorrean dagoen bide hori era askean igotzen bigarrenak izan dira.

1974. urtean Michael Scott eta Richard Smithers-ek Paineko Erdiko Dorrean “Hegoafrikarra” bidea (A4/5.10) sortu zutenetik ez dira sokada asko igaro zirrikitu estetiko eta zuzen horretatik. 2009. urtean, adibidez, Ben Ditto, Nicolas Favresse eta Sean Villanuevak puntu gorria jarri zioten; hots, era askean eginiko lehen igoera izan zen. Gehienez, 7b+ gainditu zuten.

Bada, euskal eskalatzaile batek, Imanol Amundarainek, marra horren historian txoko bat egitea lortu du. Cedar Christensen eta Tyler Karow estatubatuarrekin batera, hamar eguneko jardunean, librean egin den bigarren igoera sinatu du.

Atalluko eskalatzailearekin hartu-emanetan jarri gara jarduera horren inguruan xehetasun gehiago jasotzeko. Hurrengo lerrootan Amundarainek “bidaia” berezia egin nahi izan du bide horretan izan duen esperientziaren inguruan.

“Festa giroan”

«Bidaia honen hasiera duela urte pare bat izan zen, hiru lagunok elkar ezagutu genuenean Joshua Tree CA-ko sutondo batean, ‘Jainkoak egin eta eurak elkarrekin’ lege unibertsalaren arabera. Orduz geroztik, hamaika istorio eta bidaia bizi izan ditugu elkarrekin; han eta hemen. Eta Paineko Erdiko Dorrean eskalatzea inertziazko kontu bat izan da.

Arroka, eskalada librea, mendia eta pareta handiak gustuko dituenarentzat garapen logikotzat ulertzen ditut nik halako eskaladak: Big wall estiloa + eskalada aske teknikoa + mendi ingurunea. Beste hamaika eskalatzailek bezala, betidanik amestu izan dut nik halakoekin: eta hala egin genuen bide hau.

Era berean, aipatu behar dut Yosemite jolastoki izateak pareta handietako ateak irekitzen dizkiola bati, eta nire lagunek, Kaliforniako semeak izanik, eta neronek azken urteetan sasoi pare bat han igaro izanak nabarmen errazten ditu gauzak. Paineko Erdiko Dorreko ekialdeko aurpegiaren 1.200 metro bertikalek big wall esperientzia eskaintzen dute. Patagonian diren beste formazio edo ingurune ia guztiak estilo alpinoan eskalatzen dira, eta guk pareta estiloa bilatzen genuen, ‘Wall style’ delakoa.

Hasiera batean, 1995. urtean euskal sokada batek sortutako ‘Intsumisioa’ bidea era askean eskalatzen saiatzea zen geure asmoa. Betidanik txunditu naute lege zaharreko euskaldun jendeak munduan zehar irekitako bideek. Baina azken urteetan izan diren luiziak direla eta, helburua aldatzea erabaki eta ‘Hegoafrikarra’ bidean era askean saiatzea erabaki genuen.

Iniziatiba indibidualistak baztertuz, azkenaldian ‘taldeko eskalada askea’ delakoari jarraika ibili naiz, eta estilo hau berau erabili dugu Paineko Erdiko Dorrean; honen arabera, luze bakoitza eskalada osatzen duen partaideren batek era askean gainditu behar du, bakoitzak bakarka beharrean. Modu honetan, norberaren ‘ni’-a baztertu eta halako ‘gu’ bat bihurtzen da dena, eta errazagoa suertatzen da bideak librean gainditzea.

Cedarren hitzetan ‘zentzugabeko gauzak egiterakoan, eskalada den bezala, garrantzia duen gauza bakarra estiloa da’. Eta filosofia honi tiraka, gure bizitzan egiten ditugun hamaika ergelkerietan oso presente hartzen dugun gauza da estiloa, hitzaren zentzurik zabalenean. Estiloa beste erabiltzaileei eragiten ez dion narratibaren subjektibitateen bildumatzat ulertu dezakegu (narratiba gure bizitza izanik eta subjektibitateak norberaren iniziatiba, akzio eta aukera pertsonalak). Zenbaitentzat estilo ona galtza arrosekin eskalatzea izan daiteke; beste batzuentzat oinutsik edo biluzik eskalatzea; zenbaitek ‘tope ropean’ eta magnesiozko arrastoak estilo txartzat hartzen dituzte; badira zerbeza soilik edanez ‘The Nose’ bezalako bideak eskalatzen dituztenak edo ardo eskaladak egiten dituztenak; aktibitate handiak motorizatu gabeko garraio medioekin egitea, kanpoko laguntzarik gabe, mendian zaborrik ez uztea, sokak ez finkatzea…

Hala, gure ideien funtsak erabakita, taldeko eskalada askean, kapsula estiloan egin nahi genuen aktibitate hau. Guk bi kanpaleku ezarri genituen horman, igoera mantso eta pisutsuan 200 kilo inguru tramankulu eramanez;  munduko bazter hauetako eguraldia aldrebesa izaki, ezin daiteke jakin zenbat denbora egongo garen horman. 15 egunerako jana eta festarako materiala hartuta ekin genion jarduerari.

Betidanik amestu izan dugu hirurok halako eskaladekin, eguraldi txarrarekin horman eskegita egotearekin, eta, hortaz, garbi genuen herriko festen modukoa izan behar zuela: lan ugari, eskalada topera, jan zein edan indarrean eta parranda ahal bezainbeste. Esan daiteke Hegoafrikako festak ospatu genituela horman, 10 egunez, (sanferminak ere gaindituz). Logistika serioa antolatu genuen horretarako, eta burdinazko traste zelebre, soka eta tramankuluez gain, beste hainbat beharrezko igo genituen. Gastronomiari dagokionez: gazta, salamia, izokina, etxeko pizzak, etxeko enpanadak, palomitak, pastelak, ardoa… Kozinatzeko ‘Duch oven’ deituriko labe txiki bat igo genuen hormara. Era berean, zama-eramaile baten laguntza izan genuen; soilik ardoa kanpalekura igotzeko. Gaugiroari dagokionez, musika tresnak, alboka bat, zahatoa, “txorta-argiak”, bozgorailuak, tabakoa eta bestelakoak izan genituen Hegoafrikako festetan.

Egunez eguneko borroka

Edozein herritako festak bezala, iraupenezko jarduerak izaten dira hauek; egunez egun, borroka egin beharrekoak. Eta ene ustetan, erresistentzia hori da proiektua gauzatzeko giltza. Hots, lagunekin goxo eta gustura egotea, festan gustura aritzea eta burua fresko mantentzea. Egun ugaritan sentitu ginen trailer bat edo idi pare bat gainetik pasa izan balitzaizkigu bezala, baina animo  eta bizi grinez eutsiz ailegatu ginen hegoafrikar ‘pobre de mi’-ra.

Istorio eta ipuinen zale amorratua naizenez, eskalada bera kontakizun aspergarria dela deritzot; pertsonaia, bizipen zein xelebrekerietan laburtzen dira kontu hauek; eta graduazioek, arrakalek, offwith, erregeletek edo big-wall teknikek zerbeza artean dute lekua soilik. Eskaladari dagokionez, betiko ‘leloaren betiko lelora’ laburtzen da dena: mendira joan, pareta igo eta menditik jaitsi ginen.

Tontorrerako egunean sekulako eguraldia izan genuen: latza! Ordubete inguru pasa genuen bertan, kamiseta hutsean txirula joz, gazta zein salamia bukatu eta zahatoa hustu genuen arte.

Bestalde abentura honetan oso presente izan dugun irizpide bat azpimarratu nahiko nuke: eskalada, bere zentzugabekeriaren osotasunean, kolonialismoan, nazionalismoan eta konkistetan sustraiturik dagoela sinesten dugu. Bereziki, mundu zabaleko tontorretan. Eta hau garbi ikus daiteke toponimian; herrialdeen ikur, bandera edo esploratzaileen izenak islatzen baitituzte oso sarri (honek dakarkien karga historikoarekin, bereziki Hego Amerikan).

Egun ere, ezin ukatu daitezke iraganarekiko paralelismoak: bi amerikar eta europar bat Txileko ikur den dorre handienean eskalatzen, helburu praktiko edo ‘zentzurik gabeko’ aktibitate batean, material piloa eta dirutza utziz tontorra zapaldu eta ‘hemen nago’ esateko. Ironikoa da oraindik Paineko Erdiko Dorreko ekialdeko aurpegia eskalatu duen txiletarrik ez egotea.

Hortaz, oso garrantzizkoa da hau ulertu eta gure jarduna ideia honi jarraiki gauzatzea, ingurunea eta gizartea errespetatuz, lekuan lekuko komunitatearekin erlazio osasuntsu eta jasangarriak sortzeko.

Eragin positiboa

Gure aktibitateen bitartez, ingurune hartan ez eragiteaz haratago, eragin positiboa  izan behar dugu: alde batetik, lekuan lekuko komunitatean zein ingurumen naturalean. Guk, eskuragarriago ditugun zenbait material ekartzeaz gain (bolt eta rappelatzeko aseguruak), bertako komunitateari hain maitea dugun eskalada eta mendizaletasuna gerturatzen saiatu gara. Besteak beste, Puerto Natales herriaren inguruan diren eskalada sektoreetara gazte eta ez hain gazteekin joan gara. Bestalde, inguruneari dagokionez, ezinbestekoa deritzogu giza arrastoa garbitzea; guk, Yosemiteko ‘kaka teknikei’ jarraiki, balde handi bat prestatu genuen hormara igotzeko eta ingurune naturalean pasatu dugun denbora guztian zehar gorotzak bildu eta menditik behera jaitsi genituen. Era berean, glaziarrean zein horman, azken hamarkadetako beste espedizioen hamaika hondakin topatu genituen; sokak bereziki. Sinesgaitza da zenbat soka abandonatu diren mendian. Tontorrean, horman zein glaziarrean. Bi petate zabor bildu eta jaitsi genituen.

Paineko horman ginen azken egunean Chaltenen ziren lagunekin harremanetan jarri ginen telefono satelitalaren bitartez, bertako eguraldiaren berri jakiteko. Eguraldi leiho baten berri izan genuenean, korrika jaitsi, lehen autobusa hartu eta Chaltenera bertaratu ginen. 24 ordu beranduago, motxila hartu eta Pier Giorgio formaziorako bidean ginen, glaziarrean gora, erabat nekatuta. 

Buru eta gorputz nekatuek markatu zuten eskalada. Herrira jaitsi eta mugikorra piztu orduko izan nuen La Brechako ezbeharraren berri. Egun grisak izan dira segidakoak, ametsetako zerumuga mozten duen mendi sortari begiratuz hamaika hausnarketa egin ditut ondoriorik gabe. Hortxe dago mendia eta hemen gara gu; eta denok dakigu zer dagoen hainbeste eman eta kentzen digun ingurunean. Baina bada zerbait, azaltzen edo ulertzen zaila dena, behin eta berriz alderdi honetara itzultzera eramaten gaituena eta maitasuna bezain irrazionala dena. Adiorik ez, topata!».