NAIZ

BBCko kazetari batek 100.000 libera eman ditu arbasoen iragan esklabistaren kalte-ordainetan

Erresuma Batuko familia batek barkamena eskatuko dio Karibeko Granada uharteko herriari, XIX. mendean bere arbasoek 1.000 esklabo baino gehiago baitzituzten.

Granada esklabotzak utzitako herentzia iraultzeko lanetan ari da.
Granada esklabotzak utzitako herentzia iraultzeko lanetan ari da. (Getty Images)

Trevelyan familia aristokratikoa, XIX. mendean, Granadan uhartean sei azukre sailen jabe zen; ia 200 urte beranduago, 100.000 euro ordainduko ditu kalte-ordainetan. Hala baieztatu du Laura Trevelyan BBCko kazetariak, 2022an Granadan izan zen familia horretako kideak.

Duela 200 urte, Gobernu britainiarrak esklabotza indargabetu zuen, eta Trevelyan familiak 34.000 libera esterlina inguru jaso zituen Granadan zituen «jabetzak» galtzeagatik. Esklaboen jabeei ordaintzea ez zen merke atera: Gobernu britainiarrari 20 milioi libera esterlina kostatu zitzaion kanpaina hura, 1834an egin zuen gastu publikoaren %40a.

Kazetariaren arbaso Louisa Simon 1757an Sir John Trevelyanekin ezkondu zenean, bere aitak Granadako azukre-kanaberaren landaketetan zuen partaidetza eman zuen ezkontza akordioaren parte gisa, 1.000 esklabo inguru barne hartzen zituena.

Laura Trevelyanek 2013an jakin zuen bere familiaren historia, Britainia Handiko Esklaboen Konpentsazio Batzordeko erregistroak modu publikoan Interneten jarri zirenean, esklaboen jabeen izenekin. Hala ere, ez zen 2020ra arte gaiarekin inplikatu, «George Floyd hil eta Black Lives Matter mugimendua lehertu ondoren».

Larunbat honetan Laura Trevelyanek iaz Karibeko uhartera egindako bisita gogoratu zuen BBCko saio batean. «Benetan izugarria izan zen. Neure kabuz ikusi nituen esklaboak zigortzen zituzten sailak; haiek geldiarazteko erabiltzen ziren tortura tresnak ikusi nituenean lotsatu egin nintzen eta nire eginbeharra zela sentitu nuen».

Hori dela-eta, bere familiako zazpi kide Granadara joango dira otsailaren amaieran, barkamena eskatzeko. Gainera, familiak 100.000 libera emango ditu uhartearen garapen ekonomikorako funts komunitario bat ezartzeko.

Granadako paisaia iragan kolonialari buruzko erreferentziez zipriztinduta dago. Kaleek esklaboen jabe ziren funtzionario ingelesen izena daramate.

«Ezin duzu iragana konpondu, baina mina aitortu dezakezu», adierazi zuen BBCko kazetariak. Gainera, «gure arbasoek egindakoagatik barkamena eskatzeko eredu izatea» espero duela adierazi zuen. Granadako Konponketen Batzorde Nazionalak goraipagarritzat jo du keinua.

«Nire posizio sozial eta profesionalak, esklabotza abolitu eta ia 200 urtera, nire arbaso esklabistekin izan behar zuen zerikusia, haiek azukre-salmenten irabaziak erabiltzen baitzituzten aberastasuna metatzeko eta eskala sozialean gora egiteko», aitortu zuen kazetariak.

Iragan koloniala begi bistan

Uharteak Kariben hobekien kontserbatutako esklaboen erregistroetako batzuk ditu. Trevelyandarrek esklaboak zituzten Beausejour etxaldeko erregistroak testu latzak ditu, non adingabeen heriotza ohikoa bailitzan tratatzen den, edo legenarra eta disenteria heriotza kausa komunak zirela adierazten den. Elgorria azkar zabaltzen zela ere aipatzen dute.

Granadako paisaia iragan kolonialari buruzko erreferentziez zipriztinduta dago. Kaleek esklaboen jabe ziren funtzionario ingelesen izena daramate. Esklaboek lantzen zuten Belmont lursaila ere gaur egun turistentzako helmuga ezaguna da. Bertako gastronomiaz gozatzeko eta opari denda bisitatzeko lekua. Bertan, esklaboaren kanpaiaren irudiarekin grabatutako txokolatezko barrak eros daitezke.

Granadako Konponketen Batzorde Nazionalak gomendatu du 2024an, Granadak Britainia Handiarekiko independentzia lortu zuela 50 urte beteko direnean, granadarrek kaleak berrizendatzea. Uharteko gazteak esklabotzaren historiari buruz heztea da Konponketen Batzordearen beste helburu bat.