NAIZ

Etxebizitza turistikoak debekatzeko gida sortu du Groseko Etxebizitza Sindikatuak

Etxebizitza turistikoen ugaritzea gelditzeko Groseko Etxebizitza Sindikatuak gida bat aurkeztu du. Honetan, bizilagunen bilera eta antolakuntza oinarrituta, etxebizitzak jarduera honetara bideratzea debekatzeko tresnak azaltzen dituzte.

Groseko Etxebizitza Sindikatuak sortu du pisu turistikoak mugatzeko gida..
Groseko Etxebizitza Sindikatuak sortu du pisu turistikoak mugatzeko gida.. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Auzokideen bizitzaren garestitzea ekartzen dutela argudiatuta, Saretxek, Groseko Etxebizitza Sindikatuak, etxebizitza turistikoak mugatzeko gida aurkeztu du astearte honetan, auzokideek euren portaletan gauzatu ditzaketen gomendioekin.

Funtsean, pisu turistikoen ugaritzeak alokairuen garestitzea, espazio publikoaren pribatitzatzea, turismoari bideratutako zerbitzuen indartzea, auzokideen beharrak asetzeko tresna eta egituren falta eragiten duela dio sindikatuak, hau da, ondorio «larriak».

Beraz, auzoetan pisu hauek mugatzeko honako jarraibide hauek definitu dituzte. Hasteko, bizilagunen bilera egitea, gai ordenean «argi eta garbi» gai hau eztabaidatuko dela adieraziz. Bigarrenez, Jabetza Horizontalaren Legearen 17.12 artikuluak ahalbidetzen duenez etxebizitza turistikoak mugatzeko edo baldintzatzeko bozkatzea; horretarako, jabe guztien hiru bostenen botoa behar da. Azkenik, erabakiaren akta erregistroan aurkeztu behar da.

Halaber, badauden pisu turistikoen aurka, komunitate kuotak igotzeko aukera azaltzen du sindikatuak. Hala ere, kasu hauetan «gure interesak defendatzeko berme bakarra bizilagunen antolakuntza eta ekintza sindikala izango dira».

«Kapitalari espazioak irabaztea»

Saretxetik adierazi dutenez, «jakin badakigu tresna honek ez duela errotik aldatuko turistifikazioarekin dugun arazoa, dena den, azpimarratu behar dugu kapitalari espazioak irabaztea dela gure eginbeharretako bat».

Horrela, datozen asteetan asanbladak antolatuko dituztela iragarri dute eta gida jarraitzeko deia zabaldu dute.