Maider Iantzi Goienetxe

Jai giroan hasi da Emakumeak Zientzian ekimena, himno eta guzti

‘Moztu ditzagun ertzak, emandako ezetzak, ireki atea’, dio Emakumeak Zientzian ekimenaren ereserkiak. Janus Lesterrek sortu du baina neska eta emakume zientzialariena da. 50 jardueratik gora prestatu dituzte aste honetarako, beren eguna ospatu eta ‘Zientzia bada nesken kontua’ mezua zabaltzeko.

Jai-giroan hasi dute Emakumeak Zientzian ekimena.
Jai-giroan hasi dute Emakumeak Zientzian ekimena. (EMAKUMEAK ZIENTZIAN)

24 erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren zazpigarren edizioa, gizon eta emakumeen arteko erantzukidetasunak duen garrantzia azpimarratu eta denen artean zientzia eta teknologia parekideagoa sustatzeko. Besta giroan hasi dira asteazken arratsalde honetan, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Egitasmoari atxikitako erakunde eta ikerketa zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialariak omendu, 50 ekitaldi baino gehiagoko egitarau oparoa aurkeztu eta, berritasun gisa, ‘Ertzak (Emakumeak Zientzian)’ himnoa aurkeztu dute, Janus Lesterrek egina.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatzen da urtero. Azaldu dutenez, aurten, erakundeek ahalegin berezia egin nahi dute talentu guztia esparru zientifiko-teknologikora erakartzeko, horrela lehenago iritsiko baitira jendarte gisa ditugun erronka handietarako irtenbideak.

«Guztiok gonbidatu nahi zaituztegu, edozein dela ere generoa, nortasuna, lanbidea edo adina, ekintzetan parte hartzera», erran dute. «Zientzia egiten jarraitzea, erreferente izaten jarraitzeko, inor ikusezin senti ez dadin, ezinbestekoa da», nabarmendu du Alaia Martinek.

Asteazken honetan hasi eta otsailaren 17ra bitartean 50 ekintza eta sorpresa baino gehiago izanen dira. Hainbat zentro berri gehitu direnez proiektura, era askotako ikerketa eremuak jorratuko dira, ‘Zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko. Gainera, Bizkaiko erakundeei esker, eremu geografikoa zabaldu da eta ekintzak Gipuzkoan eta Bizkaian eginen dira, hiriburuetan batez ere.

Ereserki alai eta dantzagarria

Janus Lester (Jokin Pinatxo) kausaren aliatuak ‘Ertzak (Emakumeak Zientzian)’ ereserki alaia sortu du, lagun berriei eskua emateko eta erantzukizunak partekatzeko asmoz.

Abeslari izateaz gain, kimikaria da beratarra. Abesti bat idazteko eskatu ziotenean, animatu eta zein lekutatik idatziko zuen pentsatzen eman zuen denbora gehien, NAIZi aitortu dionez. «Ez nuen hitz egin nahi emakume baten posiziotik, ez naizelako inor zer sentitzen duten jakiteko. Mezu orokorrago bat zabaltzea egokiagoa zela pentsatu nuen».

Emakumeak Zientzian-eko partaideekin solas egin zuen eta argi izan zuten mezua: «‘Zientzia bada nesken kontua’ da ekimenaren leloa, eta kontu hori guztiona da. Saiatu naiz nire paperetik mezu aldarrikatzaile bat zabaltzen: bultzatzeko lekua egin behar da, ertzak eta emandako ezetzak moztu. Gizon edo emakume, lan egiten ahal dut berdin-berdin, horretan saiatzen naiz, etxetik jaso dut beti hezkuntza hori».

Musika aldetik «kuriosoa» dela azaldu du: «Inoiz ez dakizu himno erraldoi bat nahi duzun edo belarrian erraz sartzen dena. Emakumeak Zientzian-ekoei galdetzen nien zer kutsukoa nahi zuten, nik konposatu arren eurena delako: alaia nahi zuten, dantzagarria, animatuko zuena jendea mugimendura gehitzera eta hor sartzera. Hortaz, helburua izan da estribillo handi eta erraldoiak sortzea abesti dantzagarri batekin».

Donostiako Materialen Fisika Zentroan (CFM CSIC-EHU) ari da Pinatxo lanean, ekimena antolatu duen 24 erakundeetako batean. Fisikariekin batera, kimikari dezente ere badira bertan, eta biokimikariak eta matematikariak ere bai. Doktoretza bukatzen ari da, polimeroetan.

Janus Lesterri dagokionez, abenduan diskoa aurkeztu zuen eta orain bira hasten ari da Donostia, Bilbo eta Gasteizen, eta udaberri-udara begira kontzertu franko ixten.

Egitarau zabala

Emakumeak Zientzian ekimenera itzuliz, aste  honetako ekintzen artean, nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak izanen dira, eta eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa zentro bisitatuko dituzte. Irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere izanen dute, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izanen diren ereduak aurkezteko.

Berrikuntzetako bat ‘Eskolara itzulera’ jarduera da. Horren bidez, ikertzaileak ikasgeletara joanen dira. Familientzat, bertzalde, ‘Zientziaren Izarrak’ esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako ‘Zientziaren Altxorra’ jokoa, eta ginkana zientifiko dibertigarriak.

Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dituzte, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zereginari balioa aitortu nahian. ‘Esperientziaren boterea’ izenburua du ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietara eta gure inguruneetara zabaltzeko.

Publiko orokorrarentzat ‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ ekitaldia izanen da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Hainbat ikerketa zentrotan lan egiten duten emakumeak igoko dira oholtzara, beren ikerketez  mintzatzeko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpenen berri emanez.

Programa emakumeakzientzian.eus webgunean dago eskuragarri. Zabalik daude izen-emateak.

Erakundeak

Honakoak dira Emakumeak Zientzian ekimenaren zazpigarren edizio honetan parte hartzen duten 24 erakundeak: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak–Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.