Galtzekorik gabe hiltzea
Han ere badira hiltzeko astirik ez dutenak, hala nola hondakin artean senideak eta bizilagunak bilatzen ari direnak, luze gabe ahanzturara itzultzeko zain.
Lanetik atera berri, jendea geldo, hilda bezala sumatu dut. Beste kale batera sartu eta jendea geldo ez, baizik eta hilda dagoela konturatu naiz. Eskuineko kantoian gora egin dut, eta hurrengo kalean ere, denak hilda. Taberna baten barruan dauden bost bezeroak, hilda; zerbitzaria ere bai. Kafea neuk prestatzea okurritu zait, baina tentaldiari eutsi diot, hilenganako errespetuz.
Handik irtendakoan, lagun bat ikusi dut; harengana hurbildu eta hilda dagoela ohartu naiz. Herenegun berarekin izan nintzenean, bizirik zegoen; pentsatu dut seguru asko besteak ere bizirik zeudela hil baino lehen. Laguna zena nire antz handia duen tipo batekin dago, hori ere hilda; hain da nire antzekoa, non ni naizen. Nire hipotesiaren indargarri, herenegun ni ere bizirik nengoela akordatu naiz.
Harri eta zur, etxera etorri naiz eta katua hilda topatu dut sofan. Berehala, andrea iritsi da; zer afaldu nahi duen galdetzeko zorian nago, baina pentsatu dut ez duela ezer nahi, hilda dagoenez gero. Berak ere ez dit niri galdetu, hilda nagoela erreparatu duen seinale. Muxu bat eman dit bere ezpain hotzekin eta katuaren ondoan jarri da egongelako zerraldoan.
Bat-batean gogoratu zait hil-ohar moduko hau idatzi behar dudala biharko. Idazten hasi eta pentsatu dut ez ote naizen alferrik ari. Erredakzioan dagoen jendea akaso hilda egongo da, baina idatziko dut badaezpada ere, horrelako lekuetan ez baita falta izaten hiltzeko ere astirik ez duen baten bat; esate baterako, bankuen irabazien berri iristen denean zifra luze horiek idatzi behar dituena. Edo Sirian, Turkian eta batez ere Kurdistan iparraldean errepresioz, pobretasunez, gerraz, lurrikaraz eta hotzez hildakoen kopurua eguneratu behar duena.
Han ere badira hiltzeko astirik ez dutenak, hala nola hondakin artean senideak eta bizilagunak bilatzen ari direnak, luze gabe ahanzturara itzultzeko zain. Ahanzturara, munduak agindutako laguntza bezala. Azken batean, inguru hartan, honetan ez bezala, ez daukate asko galtzeko.
Egia esateko, ez nago batere harrituta, ikaratuta baizik.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»

