Irribarria eta Rezustak play-offa jokatzeko txartela ziurtatu dute Labriten (17-22)

Aspekoek 17-22 menderatu dituzte Laso eta Eskiroz, sailkapenean sei puntutara berdindu eta elkarren arteko berdinketan aurrea hartuz. Play-offa ziurtatu dute eta hirugarren edo laugarren postuetarako lehiari emozioa eman diete. Baikokoek oraindik ez dute txartela ziurtaturik.

Jokaldi honetan Irribarriak traba egin dio Lasori eta epaileek tantoa errepikarazi dute.
Jokaldi honetan Irribarriak traba egin dio Lasori eta epaileek tantoa errepikarazi dute. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iker Irribarria eta Beñat Rezustak garaipen baliotsua eskuratu dute Labriten, seigarren puntuarekin gaur aurkari izan dituzten Laso eta Eskiroz sailkapenean harrapatuz eta play-offerako txartela ziurtatuz, Baikokoek ez bezala. Eta hori bakarrik ez, finalerdietan sartzeko bi aukera ematen dituzten hirugarren eta laugarren postuetarako borroka pil-pilean ipini dute.

Programazioak bi aldaketa zituen: bikote gorrian Iosu Eskirozek jokatu du eskuin eskua minduta jarraitzen duen Ander Imazen ordez; bikote urdinean Iker Irribarria sartu da arazo berdinarekin dabilen Peio Etxeberriaren lekuan. Bi ordezkoek lan bikaina egin dute eta neurketa ederra atera da.

Hori bai, jokoaren ekimena urdinena izan da hasieratik amaierara. Beñat Rezusta aurreko asteetan baino freskoago aritu da, pilota ederki atzeratuz eta piloteoa dominatuz, eta Iker Irribarriak ere oso zuzen jokatu du, erremateak ongi aukeratuz eta aurrean Lasorekin gehiegi nahastu gabe.

Hain zuzen ere, aramarraren bi erremate ikusgarrirekin 0-3 aurretik ekin diote demari Aspekoek. Baina lau pilotariek erritmo bizian jokatu dute lehen tantotik eta neurketa parekatua joan da lehen zatian. Eskirozek atzean zituen mugak ikusita, Unai Lasok bere gain hartu du bikote gorriaren zama eta ongi eutsi dio erronkari, nahiz eta oso behartuta jokatu.

Lehen tanto horietan egindako gainesfortzua garesti ordaindu dute Baikokoek neurketaren erdialdera. Nekearen eraginez, Lasok aukerako pilota batzuk galdu ditu tantoa ongi bideratuta zuenean, eta markagailuan tarte handi samarrak zabaldu dituzte urdinek: 8-15.

Baina arnasa hartu eta burua apur bat argitu duenean, berriz ere bete-betean sartu da partidan Unai Laso. Eta nafarrak martxa hartzen duenean zaila da hura gelditzea. Sake-errematearen bidez tanto azkarrak bilatuz, Buruz Buruko txapelduna gai izan da norgehiagoka 17-18ra ekartzeko. Meritu handia, gorrien azken bederatzi tantoak Lasok berak eginak izan baitira, 8-11kotik aurrera urdinek ez dute pilota bakar bat ere galdu.

Baina miraria ez da gauzatu. 17-19koa Iker Irribarriak egin du atzera jotako pilotakada indartsu batekin eta behin sakea berreskuratuta, eta Rezustaren gustoko pilota kantxaratuta, azken hiru tantoak ere azkar egin dituzte urdinek. Azken txanpa horretan aipagarria atzelari bergararrak egin duen tantoa zabaletik pilota bikain bihurrituz.

Rezustak hiru tanto egin ditu eta ez du alerik galdu. Pozik azaldu da amaieran: «Gaur pozik nago. Hasieratik beste sentsazio batzuk izan ditut, pilota eskutik bizi ateratzen zitzaidala sentitzen nuen, eta Ikerrekin ere ongi moldatu naiz. Bukaeran apuroren bat izan dugu, baina puntu garrantzitsua lortu dugu. Hasierako helburua play-offean sartzea zen eta hori behintzat lortu dugu».

Luzimendurako izan duen tarteaz hauxe gehitu du: «Gozatu ezinik zabiltzanean pilota aurrean mozten hastea burutik pasatu ere ez zaizu egiten. Nahiko lan izaten da pilota zuzen jotzen ere. Baina sentsazioak onak direnean horrelakoetarako aukera ere izaten da, eta gaur sentsazioak onak izan dira».

FITXA

Pilotakadak: 564. Partidaren iraupena: 66 minutu eta 32 segundo. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-5, 4-5, 4-6, 6-6, 6-8, 7-8, 7-11, 8-11, 8-15, 11-15, 11-16, 13-16, 13-18, 17-18 eta 17-22. Sakez: 1 Lasok eta 1 Irribarriak. Jokoan egindakoak: 12 Lasok, 10 Irribarriak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 7 Lasok, 1 Eskirozek eta 4 Irribarriak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua erabat beteta. Lehen sakea, gorri.