Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Lesaka jendez gainezka, kaleak zaku zahar eta mairuekin bor-bor

Inauteritako igandean, eguzkia gorde orduko zaku zaharrek bereganatu dute Lesakako gaua. 90 pertsonaia misteriotsu eta potolo, aurpegiak estalita, musikaren erritmora dantzan eta pixontzia astintzen. Aitzinetik, arratsaldean, zaku zahar txikiek egin dute desfilea trikitilari eta panderojoleekin.

Izugarrizko jendetza bildu da Lesakan zaku zaharren desfilea ikusteko.
Izugarrizko jendetza bildu da Lesakan zaku zaharren desfilea ikusteko. (M. I. G.)

90 zaku zahar bildu dira aurten Lesakan, pila bat. Horietako gehienek elkarrekin bazkaldu dute, giroan sartzen joateko. Lasai jan zezaketen, ez zen kezkarik jantzietan ez sartzeko. Kontrakoa: mozorroa zenbat eta beteago, hobeki. Ondoan izan dituzte mairuak, zapel zabal eta koloretako tiraz jantzitako lagunak. Kaleetan, jendetza, sanferminak ziruditen!

Hiru eguneko inauteriak ospatzen dituzte Bortzirietako herri honetan, larunbatetik astelehenera, eta erdian, igandean, egiten dute ohiturarik bereziena, zaku zaharren desfilea. Arratsaldean elkartu dira mozorroak prestatzeko, ez baita lan makala. Aurten, ikastaroak ere egin dituzte zakuak josten ikasteko.

Belar idorrez betetako hiru zaku paratzen dituzte pertsonaiek, bat enborrean eta bi hanketan. Atorra, txapela eta lepoko zapi koadroduna jantzi eta oihal zuri batekin tapatzen dute aurpegia, begientzat, sudurrarentzat eta ahoarentzat zulo bana eginda. Eskuetan pixontzia izaten dute, ingurukoak zirikatzeko.

Belen, Beran bizi den eta Lesakan lan egiten duen igantziarra, lehendabizikoz etorri da josten laguntzera. Mertxe lesakarrak, berriz, 40. urtea du eta ez du behin ere hutsik egin, ezta haurdun zegoenean ere.

Frankismoan berreskuratu zuten ohitura

50 urte dira lesakarrek tradizio berezi hau berreskuratu zutela, frankismoan. Arrano Elkarteak antolatzen du orain eta bertako kidea da Ainara Etxabide. Berak kontatu digu frankismoan aurpegiko zapiak kenduarazi zizkietela baina desfileak aitzinera segitu zuela. 

Egunak luzatzen hasi direla sumatzen dugu eta solstizio hori ospatzen dute zaku zaharrek. Etxabidek azaldu duenez, aspaldi biluzik, iratzeekin ateratzen ziren bakoitza bere auzotik.

Elkarri lagunduz prestatu dira frontoiaren gibelaldean. Ez dute girorik falta izan. Zaku zahar txikiak ibili dira arratsaldean kalez kale trikitixa eta pandero doinuek lagunduta, eta gero dantzaldia izan da plaza zaharrean.

Desfilea

Ilunabarrean, zazpiak aldera, abiatu dira zaku zahar nagusiak, lerroan jarrita. Ohiturari jarraituz, makil luze bana eraman dute eskuan ilarako lehenak eta azkenak. Herriko bandaren musikarekin batera hasi da mozorroen martxa. Pixontziak batera eta bertzera gogoz astindu eta bizi-bizi igaro dituzte karrikak. Gorputz pisutsu horiekin nahiko lan oinez ibiltzeko eta saltoka, dantzan egin ez dute ba! Ez galdetu nola dantzatu duten jota.

Herrian zehar ibilbidea egin eta gero, herritar eta bisitari ugari inauterian sarraraziz, zakuak mozten hasi dira. Plazari bi buelta eman eta gero, sokan paratu dira zaku zaharrak, ferietan behi eta aziendak lotzeko erabiltzen diren eraztunak aprobetxatuz. Soka bat pasatu dute haietatik, eta zaku zaharrek soka hari heldu eta ikusleek hankatik tiratuz joan dira zakuak kentzen.

Goitarrak (Nabaz auzokoak) eskean ibili dira baserrietan eta 20.30 aldera jautsi dira herrira zaku zaharren bestarekin bat egitera. Astelehen goizean, Fraindarren (izen bereko auzokoak) txanda izanen da. Hala, auzoetara ere zabaltzen da besta.

Aipagarria da herria zaku zaharren panpinaz, maskaraz eta koloretako oihalez apaindua dagoela. Bisitarien artean, jakinmin handiz dago Jool, orain Beran bizi den ingeleseko irakaslea. Korearra baina Zeelanda Berrian eta batez ere Australian egin duena bizitzaren parte handiena. Hiru urteko egonaldia egiten ari da gurean. «Brutala da, oso paganoa», erran digu euskara ederrean izan dugun solasaldian.