Elkarrizketa
Peru Nolaskoain
Eibarko jokalaria

«Zesioa amaitzean beste jokalari bat izango naizela uste dut»

Athleticen lehen taldearekin debutatu zuenetik, bide neketsua ibili behar izan du Peru Nolaskoainek (Zumaia, 1998). Bi zesio gazi-gozoak, lesio larria, aukerarik ez etxera bueltan… Esperientzia guztiak «ikasteko» aprobetxatzen saiatu da eta orain «disfrutatzen» ari da Eibarren ere.

Peru Nolaskoain Atxabalpen.
Peru Nolaskoain Atxabalpen. (Jon Urbe | Foku)

Imanolen lesioak astea ilundu badu ere, umore onez ekin diote armaginek gaur hartuko duten Vila-Real Bren bisitaren (Ipurua, 21.00) prestaketari, Anxo Carron bolada txarrari amaiera emanez  berriro igoera zuzeneko postuetara gerturatu ondoren. Sufrituta, 2. mailan topikoak guztiz asmatzen baitu eta partida guztiak zailak baitira. «Baloratu behar dugu irabazten dugun partida bakoitza –azpimarratu du Nolaskoainek–. Badirudi Lugo bezelako taldeen kontra, atzean daudenez, joan eta lau gol sartuko ditugula baina konturatu behar gara denboraldi osoan partida bakarra irabazi dugula gol bat baino alde handiagoarekin. Baloratu behar da garaipen bakoitza eta puntu bakoitza».

Askotan entzun eta irakurriko duzue «zein garaipen zatarra», «zein joko eskasarekin irabazi dute»… Zer pentsatzen duzu horrelakoetan?

Ohitu behar gara kanpotik ailegatzen zaigunarekin. Eta onartu. Baina nik argi daukat garrantzitsuena irabaztea dela. Agian talde handi baten harrobian, jubeniletan edo, irabazteaz gain, ondo jokatu behar duzu, sentsazio onak utz, baina maila batetik aurrera, garrantzitsuena irabaztea da. Oraintxe bertan sinatuko nuke gaizki jokatuz goian amaitzea.

«Gaizki» jokatzeko ere, gauza asko egin behar dira ondo. 2. mailako exijentzia handia da orokorrean eta are gehiago goian egotea nahi dutenentzat.

Bai. Gure aspirazioak kontutan hartuta, bakoitza bere burutik hasi behar da exijitzen eta horrekin taldearen exijentzia igo. Baldin badauzkazu hogei jokalari exijentzi propioa oso altua dutenak, talde on bat egingo dute, talde exijente bat. Hala ere, partidak galtzea onartu behar dela uste dut. Ez baduzu onartzen partidak galdu daitezkela, hiru partidak jarraian ez badituzu irabazten eta burua joaten bazaizuo, uste dut ez zaudela prest goi mailan lehiatzeko. Eta talde honek badaki. Noski, gauza bata da onartzea eta beste bat, konformatzea. Barrutik mina ematen digu partidak galtzeak eta hortik atera behar duzu indarra egoera txarrei buelta emateko

Exijentzia fisikoa ere bada, zuen erizaindegia ikusi besterik ez dago. Hori da gehien arduratzen zaituena denboraldiaren azken txanpa honetan?

Bai, alde batetik lesionatutako jokalariengatik, lesioak baitira futbolaren alde txarrena. Baina baita taldearengatik ere. Talde lehiakor bat garela demostratu dugu, partidak irabazteko kapazak garela, gauzkak gaizki irtetzen zaizkigunean badakigu buela nola eman… Baina milagrorik ezin dugu egin, 15 jokalarirekin ez goaz inora horrelako denboraldi luze batean. Aste honetan sei-zazpi baja ditugu eta, zorionez, taldean aukera asko daude, jokalari polibalenteak, eta guztiok gaude ahal dugun modu onenean laguntzeko desiatzen. Baina martxo-apirilan oso garrantzitsua izango da jokalari asko, talde osoa, prest eukitzea gero entrenatzaileak erabakitzeko.

Arazo handiena hegaletan dago orain. Probatu ez duzun posizio bakarrenetakoa da.

Jokatzen dudan bitartean, prest nago edozein lekuan jokatzeko, taldeari ahal den gehiena emateko asmoarekin.

Posizio askotan jokatu duzu baina oraingoa da gustorago hartu duzula dirudiena.

Urteetan arduratu zaidan gauza bat izan da, ez jakitea benetako posizioa zein zen, ze egun baten atzean jokatzen nuen, bestean zortzi bezela, beste batean hamarra bezela be… Eta uste dut Gaizkak hori eman didala, nik nere burua ezagutzea non, nik uste dut bilatu dudala nere postua, sei posizio horretan, Matheus edo Javi baino pixka bat atzerago, pixka bat ekipoa konsolisdatzeko edo. Nere posizioa dela hori dela uste dut.

Politena, seguruenik. Eta zailena baita ere.

Zailena da, bai, baina eroso setitzen naiz. Jokalari hori taldean protagonista izaten dela uste dut, bai erasoan bai defentsan jokalari garrantzitsu bat izaten da eta pozik nago horrekin. Badakit oraindik gehiago eman dezakedala, marjena daukadala denboraldia amaitu arte, baina gustora nago.

Kostatu zitzaitzun taldean sartzea. Lehen jardunaldietan minutu batzu besterik ez zituzun jokatzen baina denboraldia aurrera joan ahala, hamaikakoan egonkortu zara. Zer aldatu da? Zu, taldearen beharrak, entrenatzailearen ikuspuntua…?

Ni. Nere gauza izan dela uste dut. Heldu nintzenean bloke bat eginda zegoen, iaz oso denboraldi ona egin zuen talda. Eta heldu nintzen unean agian ez nuen jakin oso ondo nola sartu taldean, nere posizioa zein zen... Baina uste dut hartu dudala lekua eta maila onena emateko jokalari orok behar duen protagonismo puntu hori ere.

Denboraldi hasiera ez zen erreza izango. Alde batetik Athleticen aurten ere lekurik ez daukazula ikusi eta bestetik, Eibarrera etorri utzita eta hemen ere minutu gutxi. Buelta asko eman zizkiozun buruari?

Bai. Beti izan naiz pixka bat «errusiar mendia», gauzak ondo doazenean ondo baina gaizki doazenean… Nere buruari esan nion nere eskua dagoena egingo dut eta konstantea izango naiz, konstantziak ematen baitizu, ez bakarrik futbolean baizik eta edozein lanean eta bizitzan, gauzak hobe egitea, hobetzea. Eta lanari ekin nion. Egia da ere gertuko jende asko izan nuela nerekin oso garrantzitsua dela, neska, lagunak, familia… Eta asko lagundu naute, lehen bi hilabete horiek ez baitziren errezak izan. Entrenatzera etorri eta ez jokatu… Lanaren barruan dagoen arren, ez da erreza. Baina hori onartzea ere garrantzitsua da eta, izan ere, hobekuntza onarpen horretatik etorri dela uste dut.

Aurreko esperientziek ere lagunduko zizuten, klubak eta egoerak oso desberdinak izan arren.

Oso desberdinak. Eta nere adina ere. 19 urte nituen Deporrera joan nintzenean. Klub handia eta ematen zuen ez bazen igotzen 1.mailara desastre bat izango zela. Eta deskalabrua izan zen egin genuena! Apokalipsia. Gero lesioa etorri zen, ezin izan nuen futbolarekin disfrutatu denbora luzez. Eta gero Amorebieta etorri zen, minutuak eukitzeko aukerarekin. Futbolera bueltatu nintzen zesio horrekin. Banekien oso zaila izango zela mailari eustea, saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Esperientzia guztiekin ikasi dut eta orain ere ikasten ari naiz oso egoera desberdin batean. Eta beste helburu batekin, taldea 1. mailara igotzen laguntzea eta, neretzat, exijentzia puntua igotzea ere. Ia helburua lortzen badugu.

Eibarrentzat oso garrantzitsua da. Eta zuretzat? Zein garrantzia ematen diozu denboraldiri etorkizunera begira?

Nere helburua ahal dudan guztia jokatzea da eta horren bidez hobetzen jarraitu eta gauzak ondo doaz zentzu horretan. Eta 1. mailara igotzea nahi dut. Batez ere Eibarren helburua delako. Eta neri ondo etorriko litzaidake ere. Eta kasu hipotetoko baten, igotzen bagara eta uztailean Bilbora banoa eta esaten didate Peru, ez dugu zurekin kontatzen, zergatik ez ikusi Eibarrera etortzeko aukera badagoen? Ni oso pozik nago hemen, oso giro ona dago eta oso ondo etortzen ari zait zesio hau. Aprobetxatzen ari naizela uste dut eta amaitzen denean beste jokalari bat izango naizela uste dut.

Etorkizun urrunago horretara iristeko, hurbilenetik hasi behar gara. Vila-Real B dator gaur Ipuruara. Gogotsu eta ia amorratuta ere etxean azkena galdu ondoren?

Eta nola galdu, gainera. Min egin zigun, egia esateko. Baina min horrek balio behar izan digu buelta emateko eta hurrengoa irabazten saiatzeko. Talda zaila dela ahaztu barik. Filialak beti dira arriskutsuak. Arratsalde txarra izan dezakete baina gauzak ondo irtetzen bazaizkie hasieratik… Jende gaztea izaten da, ilusio handiarekin eta beldur gutxirekin. Baina arantza handi bat kentzen desiatzen gaude.